“Altxor handiak ditugu Jaizkibelen, baina ez dago horiek babesten dituenik”

Espezie eta eremu babestuekin lan egiten duelako da ezaguna Enara Marcos biologoa (Hondarribia, 1977). Abenduaren 20an, Jaizkibel Amaharri liburua aurkeztu zuten, eta bertan parte hartu duten bederatzi adituetako bat da. Hendaian bizi da egun, Jaizkibel mendiari begira. Bertan erantzun ditu hainbat diziplinatako zientzialariek auzolanean eta musu truk landu duten lanaren ingurukoak, pasioz.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuten “Jaizkibel mendiaren balioak babesteko euskarria” dela liburua. Mehatxupean al da Jaizkibel?

Jaizkibel mendiaren eremu lurtarra babestuta dago. Zergatik dago babestuta? Arriskuan dauden elementu asko daudelako bertan. Hortik hasi behar dugu. Jaizkibel Europan habitata, fauna eta flora babesten duen legedi indartsuenak babesten du, Natura 2000 Sareak. Natura 2000 Sarea eremu babestuen sarea da. Zer gertatzen da? Lege horrek zer babesten du? Habitatak eta espezieak, eta espezieen artean fauna eta flora, hegaztientzako beste lege bat dagoelako. Baina beste elementu guztiak babesgabe daude, adibidez, geologikoak. Jaizkibelgo geologia bere aurpegi ezezaguna da. Kalak ezagutzen ditugu, eta pixka bat adituak garenok badakigu lore eta landare bereziak daudela, baina geologia oso ezezaguna da. Altxor handiak ditugu Jaizkibelen, baina ez dago horiek babesten dituenik.

Zer egin daiteke babesteko?

Badago geoparke bat Euskal Herrian, eta Jaizkibel ez da bertan sartzen. Adituentzat balioa duten hainbat elementu daude Jaizkibelen, eta hori zaindu eta ezagutzera emateko balio dezake. Berdin gertatzen da itsasoko eremuarekin. Jaizkibel ez da bakarrik lurtarra. Mendia itsasorantz doa, eta itsasoan ere baditugu elementu oso mehatxatuak, legez babestuak beharko luketenak, eta gaur egun ez daudenak. Horregatik esaten dugu liburua euskarri bat dela babesarentzat. Tresna bat da jendeari aberastasuna ezagutzera emateko balio duen heinean. Oso zaila da ezagutzen ez den zerbait maitatzea eta babestea. Horregatik, lehengo urratsa da ezagutzera ematea. Guk hunkitu nahi dugu jendea, gurea dena maitatzen irakatsi, betiere dibulgazioaren zentzuan, maila zientifikoan beste bide batzuk ditugulako.

Dibulgazioan eta hezkuntzan egon daiteke koska, beraz.

Guk, ikertzaileok, gure ikerketak egiten ditugu, eta espezieen egoeraren berri ematen dugu, aholkularitza lana eginez. Baina gerora tramiteak datoz, eta hori administrazioaren lana da, ez gurea. Orduan, zein da gure beste eginkizuna? Ba, errealitate horiek gizarteratzea; ezagutza hori ez gure artean geratzea. Oso garrantzitsua da dibulgazioa, eta askotan zientzialarioi hori ahazten zaigu.

‘Jaizkibel Amaharri’ diziplina askoko liburu bat da, baina, zure ustez, zein eremutan egin du liburuak ekarpenik garrantzitsuena?

Batez ere, geologian. Itsasoan baita ere, baina bazeuden beste lan batzuk eginda.

Historiari eta antropologiari ere erreparatu diozue.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Jaizkibelen inguruko monografiko bat egin zuen, eta bertan parte hartu genuen Jaizkibel Amaharri-n parte hartu dugun mordoxka batek. Arkeologoek ere han aurkeztu zuten beren lana. Jaizkibelen 8.000 urteko ehorzketa bat aurkitu dute. Landareak, animaliak, geologia formak… Baina, horretaz gain, giza aztarna horiek, oso bereziak, edonon aurkitzen ez direnak, itsaskiekin lurperatuta… Ni txundituta geratu nintzen.

Zer moduzko harrera izaten ari da liburua?

Oso ona. Liburua atera eta egun berean Hondarribian bi kutxa banatu genituen, 30 liburu inguru, eta Hondarribiko Olearso liburutegian bigarren egunerako amaituta zegoen. Gogoa zegoen, jendea zain zegoen. Liburuaren aurretik webgunea sortu genuen, eta dokumentalaren proiektuaren trailerra ere bai. Ikusmina bazegoen, eta badakit jendeari asko gustatu zaiola. Gainera, ni asko pozten nau, bereziki naturazalea ez den jendeari asko gustatu zaiolako. Gu ia denak ikertzaileak gara, oso naturazaleak, Jaizkibel oso ondo ezagutzen dugunak. Baina zer gertatzen da mundu honekin lotura handirik ez duen jendearekin? Kaleko jendea, mendira asko joaten ez dena… Jende horri ikaragarri gustatu zaio liburua, eta hori da guk nahi genuena.

Jende asko bildu zarete lan horren inguruan. Bederatzi adituez gain, 41 argazkilari. Erraza izan al da hain lantalde handian aritzea?

Proiektu polit bat duzunean esku artean, eta egiten duzuna musu truk egiten duzunean, maitasunaren truk, errazagoak izaten dira gauzak. Hala ere, akaso, hori izan da zailena. Ez berez lanarengatik, ikertzaileok gure lanak eginak genituelako aurretik, baina poliki-poliki joan behar izan da osatzen. Hala ere, gure artean sinergia oso aberasgarria sortu da. Gu guztiok ondokoaren lanarekin ikasi eta gozatu egin dugu. Horrez gain, 42 argazkilarik parte hartu dute, eta argazki asko eta asko, ikaragarrizko argazkiak, kanpoan geratu dira. Horregatik, liburuan sartu ez den guztia webgunean jarri dugu.

Izan ere, Jaizkibel Amaharri ez da liburura mugatzen den proiektu bat. Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Jaizkibel ezagutzera emateko, liburuaz gain, beste bi euskarri ditugu: argazki erakusketa ibiltaria eta dokumentala. Liburuaren salmentarekin autofinantzaketa lortu nahi dugu, bai erakusketa eta bai dokumentala egin ahal izateko. Hondarribiko Udalak diru laguntza eman zuen liburuarentzat. Horiez gain, webgunea ere euskarri garrantzitsua da, liburuan eta dokumentalean sartzen ez den guztiari tokia ematen diolako eta proiektuari zentzu zabalagoa ematen diolako. Gainera, oso interaktiboa da.

Dokumentala nola doa? Noizko?

Liburuak oso harrera ona izan du, besteak beste, hasieran egin zelako dokumentalaren trailerra eta hura sarean jarri zelako. Oraingoz, trailerra baino ez dugu. Negua ez da grabatzeko garai onena, eta udaberrian hasiko gara grabatzen. Orain, ea liburua nola saltzen den.

Eta argazki erakusketa ibiltaria ere egin asmo duzue.

Ikusten joango gara. Argazki asko daude, eta, lehenengo, aukeraketa bat egin behar da. Liburuarentzat aukeraketa egitea ez da erraza izan, eta erakusketarako gauza bera gertatuko da. 2016rako gauza asko eginak nahi ditugu, eta horretan ari gara, poliki-poliki. Auzolan proiektu bat da, eta hori da politena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.