Hausturetatik elkarbizitzara

Mahai baten bueltak lagun artean konfidentziak egiteko baino gehiagorako eman dezake. Eztabaida gune bihur daiteke solasaldi batera bertaratutakoen artean; balio dezake ideologia politiko ezberdinak dituztenek antzeko duten hori elkarbanatzeko. Elkarbana dezakete mina alde askotako biktimek, norberaren bizipenak kontatu eta gainerakoenak entzun, Glencree egitasmoan gertatu zen bezala. “Beharrezkoa da aurreiritzirik gabe entzutea, entzun ahal izatea. Askok gorde egin dute barruan dutena, ez dutelako aitorpen esparru sozial bat izan”. Carlos Martin Beristainen hitzak dira, psikologian doktore eta Glencree egitasmoaren dinamizatzailearenak.

Herenegun, Indarkeriaren hausturak, elkarbizitzaren berreraikitzea hitzaldia eman zuen Urnietan, eta orainaz, elkarbizitzaz, biktimez eta, oro har, gizartearen egitekoaz mintzatu zen, besteak beste. Urnietan bakearen eta bizikidetzaren inguruan antolatu duten zikloaren saioetako bat izan zen Martinena.

Biktimetara ez ezik, gizarte osora ere zabal daiteke Martinen esana. Lehen “desafioa”, ordea, hortxe hasten da, indarkeriak eragindakoez hitz egitean: “Nola aurkitu hizkuntza bat horretaz hitz egiteko, aurkakotasunik sortu gabe?”. Martinen arabera, gaur egungo erronketako bat horixe da, modu ireki batean gaiaz hitz egiteko hizkuntza topatzea. Gainera, uste du “oso zaila” izaten dela gaiaz mintzatzea, “polarizazio soziala” dela eta. “‘Zer esaten duzu’ galderak ‘zein aldetan zaude’ galdera ordezkatzen du; eskematik ateratzen bazara, besoa mozten dizute”. Hizlariaren iritziz, joera aldatu eta hausturak integratzeko prozesu bat abiatu behar da.

Egungo egoera aintzat hartuta, “indarkeriazko gatazka bat” izan den edo dagoen herrialde guztietan bezala, Euskal Herrian ere “gizarteak bizi izan duenarekin bizitzen ikasi behar du”, Martinek adierazi duenez. “Une horretan gaude, eta denbora beharko da; denborak ez du dena sendatzen”.

Eredua aldatu beharra

Bide horretan sakondu ahal izateko, hainbat gako aipatu ditu. Indarrean dauden ereduei erreparatu die lehenik, eta aurrez aurre ipini ditu bi: garaipena-porrota eredua eta bake prozesuarena. Lehenengoa “mahai gainean dago”, eta eztabaida politiko baten barnean kokatu du. Horrek bezala, bake prozesuarenak ere “ez du funtzionatuko” Martinentzat, “prozesu horretan sartzeko interesik ez duten aldeak daudelako, garaipena-porrota ereduaren diskurtsoan daudenak”.

Euskal Herrian aipatzen den bake prozesua beste herrialdeetako kasuekin alderatu du: “Ezagutzen dudan bake prozesu bakarra da ez dena bake prozesu deituko, eta bake prozesua nahi ez duten batzuen kontra egingo dena”. Bi ereduak baztertuta, ardatz edo muin zehatz bat duen eredura jo behar dela iritzi dio; hau da, “gizarte ehunaren berreraikitzea” jorratuko duen eredura. Horrek behetik gorako prozesu bat esan nahi du, eta parte hartze soziala izango du giltza.

Giltza, aitorpen esparrua

“Esperantza garaia” da egungoa, baina baita “frustrazioarena” ere, iraganean egindako ahaleginengatik. Biktimei dagokienez, egiaren eta errekonozimenduaren garrantziaz ohartarazi du Martinek: “Zure mina gordeta dagoenean eta aitortuta ez badago, askoz ere latzagoa da”. Min hori ateratzeko gakoa da aitorpen esparru sozial bat izatea: “Hori gabe, batzuek isilik gorde dute sufrimendua”.

Horrez gain, bizipenak trukatzeko garaian, garrantzitsua deritzo “elkartasunaren mugak” igarotzeari, bata bestearen azalean jartzeari, entzuteari, “memoria osatuagoa” izan dadin. Norberak bere ideologia eta usteak izan arren, “giza eskubideen errespetua” oinarri gisa jarrita, aurrera egin daitekeela uste du Martinek: “Zauriak errespetuaren baltsamoaz sendatzen dira”. Errespetuzko esparru horretan saihestu beharrekoa da sufrimenduaren politizazioa; funtsezkoa da hori: “Biktima izatea ez da arrazoi gehiago izatea, eta askotan horrela erabili da”.

Gizarte ehuna berreraikitzeko bidean, beste bi arlo ere kontuan hartzekoak dira. Batetik, “konfiantzazko zubiak” sortzearen alde agertu da Martin, tortura jasan duten biktimen kasua adibidetzat ipiniz: “Hasieran ez dizu dena kontatuko, zure erreakzioari begira geratuko da, baina konfiantza sortuz, askatuz joango da”.

Bestetik, sufrimenduaren berdintze morala oinarritzat jarri du; hori biktima guztiak errekonozitzean datza, eta guztiei era berean entzutean. Baina, ahalegin horretan, “amorrua eta tentsioa” ere ager daitezke. “Prozesuaren parte dira; normala da, horiek gainerako jarrerei gain hartzen ez dieten bitartean”. Gainera, garrantzitsutzat jo du bidean sor daitezkeen esperientziak babestea, Glencree-ren kasuan egin zuten moduan: “Prozesua isilean egitea zen asmoa, gehiago ibil gintezen. Ez kontatzeko egin zen hasieran, baina biktimek azaldu nahi izan zuten”.

Praktikan dagoen “hordagoen politika” ere izan du hizpide. Martinek dio “prozesuak zainduta” aurrera egin daitekeela; ez, ordea, hordagoekin. “Prozesuak zaindu ezean, erori, konfiantza galdu, eta oso zaila da hori berreskuratzea”.

Hitzaldiaren ondoren, mahaiaren bueltak hartu zuen eztabaida. Ondorio komunik ez agian, baina alde askotako biktimen kasuan gerta zitekeen bezala, errespetua oinarri jarrita iritziak trukatu zituzten hara bildutakoek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.