“Artzain kopurua txikitzen ari da, baina gero eta trebatuago daude”

Batis Otaegi (Legazpi, 1959) Gomiztegi baserriko artzain eskolaren koordinatzailea da, eta baita Gomiztegi Kooperatibaren kudeatzailea ere. Gomiztegiko gaztandegian jardun du Gipuzkoan dagoen artzain eskolaren inguruan.

Noiz sortu zen Gomiztegi artzain eskola?

Artzain eskolarekin 1997. urtean hasi ginen; aurtengo ikastaroarekin, hamazazpi urte dira hasi ginela. Hamazazpigarren kanpaina dugu aurtengoa, eta 220 ikasle igaro dira dagoeneko. Eskolatik igarotakoen %75 gizonezkoak dira, eta %25, emakumezkoak. Adinaren arabera, berriz, batez beste 25-26 urtekoak dira ikasleak. Beraz, ez datoz txantxetarako; gehienek beren proiektua landu nahi dute, eta etorkizunean maila txikiagoan edo handiagoan proiektua gauzatu. Artzain eskolako ikasleen erdia pasatxo lanean ari dira artaldeekin. Bestetik, Gomiztegin ikasitako beste batzuk teknikari lanetan ere ari dira: artzain profesionalen elkarteetan, Itsasmendikoin, HAZIn eta Kalitatean, besteak beste. Artzain lanerako trebatzea bezalaxe, teknikari lanerako heztea ere landu dugu Gomiztegin. Gaur egun, soldatapeko lau langile ditu kooperatibak. Horiek dira Gomiztegiko datuak.

Orain hamazazpi urte sortu zen Gomiztegikoa, baina ez da artzain eskola bakarra.

Ipar Euskal Herrian, berrogei urtean lanean ari den artzain eskola oso on bat dago. Hangoekin harreman ona dugu benetan, eta bertako irakasleek ere gure moduluetan parte hartzen dute saioak emanez. Horrez gain, martxoan bi eskolen arteko trukea egiten dugu; Euskal Herri osoko artzaintza sistema guztiak bisitatzen ditugu hango eta hemengo ikasleekin. Iparraldekoaren ondoren sortu ginen gu, eta, ordutik, Euskal Herritik kanpo beste hiru artzain eskola ere sortu dira: orain dela sei urte hasi ziren Katalunian; Europako mendietan sortu zuten beste bat; eta azkena Andaluzian sortu dute. Artzain eskola horiek sortu aurretik, hemengo eskola moldea bisitatu zuten; egoki iruditu zitzaien, eta martxan jarri ziren. Hala segitzen dute.

Kataluniakoarekin oso harreman ona daukagu, eta beste arlo batzuk haiekin lantzen ari gara: artilearena, esaterako. Ikasle gazteei babesa emateko tutoretzak ere elkarrekin egiten ditugu. Artzaintzaz gain, abeltzaintzako beste arlo batzuk ere lantzen ditu Kataluniakoak. Hemengoa, ordea, pixka bat profesionalagoa da, eta artzaintzaren alde zehatzago batean lan egiten dugu.

Artzain eskolan, artzaintzarekin lotutako zein arlo lantzen dituzue?

Gomiztegiko kooperatiba txiki honek ikastaro mota desberdinak kudeatzen ditu. Bata artzain eskola da. Bederatziehun orduko ikastaroa da; lana eta teoria oso ondo uztartzen dira, eta praktikak ere egiten dira artzain profesionalen etxeetan. Gero, bestetik, artzain profesionalei bereziki zuzendutako beste ikastaro bat ere ematen dugu, laurehun ordukoa. Artzainek dituzten arazoei nolabaiteko erantzuna emateko ikastaroa da. Horiez gainera, tutoretzak egiten ditugu; gazteei proiektuak aurrera eramaten laguntzen diegu, enpresa ahalik eta erosoen muntatu dezaten zein pauso eman ditzaketen gidatuz.

Artzain asko dago Gipuzkoan. Beste hainbat sektoretan bezala, artzaintzan ba al dago krisirik?

Nik uste dut Euskal Herrian artzaintzari nolabait eusten dakigula. Egia da kuantitatiboki artzain kopurua txikitzen ari dela. Horren arrazoiak nagusiak dira: orain dela lau urtetik, animalien elikagaien prezioa %120 igo da. Beraz, artzainek askoz gehiago gastatu behar dute. Bestetik, esne zentralek ez dute ondo ordaintzen; artzainei berandu ordaintzen diete esnea, eta horrek kezka sortzen du. Hirugarrenik, krisi garai hauetan, Idiazabal gaztaren salmenta pixka bat jaitsi egin da; gaztaren prezioa behintzat ez da igo. Beraz, gastu gehiago eta sarrera gutxiago daude; zailtasunak daude. Dena den, kualitatiboki, artzainak gero eta trebatuago daude, eta ardi esnearekin dibertsifikatzen ari dira, beste produktu batzuk ekoitziz: gazta freskoa, mamia, gaztanbera… Irtenbidea, nolabait, alde horretatik ikusten da. Artzain gutxiago dago, bai, baina etorkizunean artzain hobeak egongo dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.