Teknologia pertsonen zerbitzura jartzea aurrerabidea bada, zer esanik ez teknologia horrek handitu egiten badu egunerokoa urritasun bat dela medio baldintzatua duten pertsonen bizi-kalitatea. Orduan, ezinbestekoa bilakatzen da. Gipuzkoako Aspacek Ekipo 2.0 Adap-Meeting proiektua aurkeztu zuen lehengo ostiralean, Irunen, garun paralisia duten pertsonen komunikazioa errazteko eta sustatzeko helburuarekin.
Elbarritasun Zerebralen Elkartea da Aspace, eta Gipuzkoan zortzi zentro ditu. Aspaceko zerbitzuburu Javier Garciak aurkezpenean esan zuenez, beren elkartearentzat “erabat berritzailea eta erabakigarria da” proiektua, hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonen komunikazioa hobetzea “nahitaezkoa” hobeto bizi daitezen.
Tableta baten laguntzaz
Aspacen lan egiten dutenen helburua beti izan da garun paralisia duten lagunen komunikazioa erraztea, eta, orain eskuratu berri duten bitarteko teknologikoari esker, xedea inoiz baino eskurago izango dute.
Edonora eraman dezaketen tableta baten laguntzaz, hitzak ahoskatzeko arazoak dituztenek esan nahi dutena argi eta garbi adierazteko aukera izango dute aurrerantzean, besteek ulertzeko moduan. Horretarako, The Grid izeneko softwarea erabiliko dute, zeina keinu edo hizkuntza digitalaren bidez dabilen.
Komunikatzeko arazoak dituzten lagunak, normalean, ingurukoen bidez komunikatu ohi dira. Beti izaten dute aldean beraientzat interprete lanak egiten dituen senide, lagun edota profesionalen bat. Baina beti bitartekariekin aritu behar izateak erabat mugatzen du haien parte hartzea gizartean, eta bitarteko honek, hain zuzen, muga horiek puskatu nahi ditu.
“Teknologia digital berri honek irauli egingo du pertsona hauen bizitza, erabiltzaileek lehen pertsonan aurkeztuko dutelako beren burua, beren ahotsak bizitzaren edozein eremutan entzungai bihurtuz”, iritzi dio Javier Garciak. “Orain, beren urritasunean preso bizi dira, eta horrek, batzuetan, zaildu egiten du atzean dagoen pertsona ikustea, baina, pertsona horren ahotsa azaleratzen den heinean, pertsona hauekin harremanak izateko modua aldatu egingo da, eta, alde horretatik, beren bizi-kalitatea eta bizi-baldintzak erabat ezberdinak izango dira”, gaineratu du.
Sistema berriak aldez aurretik moldatutako esaldien bidez komunikatzeko aukera ematen die erabiltzaileei, baina baita unean uneko beharren arabera esan nahi dutena idatzi eta komunikatzeko ere. Horrek, noski, beren autonomia ikaragarri handituko du, besteekin beren kabuz harremanak izateko aukera emango dielako, baita edonon daudela dituzten beharren araberako eskariak egiteko ere.
Proiektu irabazlea
Gipuzkoako Aspaceren sistema informatiko berriak Aspacente #III. lehiaketa irabazi du, norbanakoei laguntzea ez ezik, proiektuaren azken helburua elkarteko 240 pertsonentzat komunikazio eta parte hartze sistema iraunkor baten garapena eta sustapena bermatzea delako.
Zortzi zentro ditu Aspacek Gipuzkoan, eta zortzi zentroen arteko harremanen sustapena ere bada proiektu berritzaile honen helburua. “Talde hitza oso garrantzitsua da Aspacen”, nabarmendu du Irungo Aspaceko arduradun Arantxa Baraibarrek. “Taldean oinarritzen delako gure lan filosofia”, gaineratu du. Profesional taldeak zein erabiltzaileak, guztiak daude lan metodo horretara ohituta Aspacen, eta, alde horretatik, parte hartzea eta komunikazioa sustatzeko lan tresnak edukitzea “funtsezkoa” da Baraibarren iritziz.
Garatu duten proiektu honi esker, bideo konferentzien bidez egin ahal izango dituzte aurrerantzean beren arteko koordinazio bilerak Gipuzkoako Aspaceko zortzi zentroek, eta horrek, eguneroko antolaketa errazteaz gain, partaide guztien inplikazioa nahiz formazioa bultzatuko du.
Horretarako, 8.000 euro eskuratu ditu Gipuzkoako Aspacek, lehiaketa finantzatu duen Vodafone fundazioaren bitartez, eta, diru laguntza horri esker, ukimen pantailako zazpi ekipo, The Grid 2 softwarea, lau tableta eta The Grid 2 programa erabiltzen ikasteko formazioa lortu dute.
Trebatze fasean
Aspacek duen Irungo zentroan 30 erabiltzaile dituzte, eta zortzi profesional lanean. Proiektua lau pertsona heldurekin ari dira probatzen, baina epe laburrean bitartekoaren erabilera orokortu egingo dutela iragarri du Baraibarrek.
Irungo zentroan dauden guztiek dituzte komunikazio beharrak, eta sistema informatiko berria “oso erabilgarria” izango zaiela sinetsita dago Baraibar. Oraindik probatzeko aukera izan ez duten erabiltzaileak zain daudela dio, “probatzeko irrikaz”. Izan ere, abantaila ez da nolanahikoa. “Guztiek hitz egiten duten hizkuntza bera hitz egin ahal izatea da. Guretzat mugarria da zure elkarrizketa zuk zeuk gidatzea, bitartekarien beharrik gabe”, nabarmendu du Baraibarrek.
Tresna berriarekin trebatzen ari diren lau lagunek hizkuntzan adituak diren profesionalak dituzte ondoan, sistema berria erabiltzaileen beharretara egokitzeaz eta nola erabili erakusteaz arduratzen direnak. Marian Corredera hizkuntzan aditua da, eta Nerea Rios erabiltzailearekin ari da elkarlanean. “Gure lana da tableta konfiguratzea”, azaldu du Correderak, “ondoren Nerea formatu, bere inguruan dituen beharrak atzeman eta sistema osoa bere eguneroko testuingurura moldatzeko”, gaineratu du.
Riosek garun paralisia du, eta tableta bidez egin zuen aurkezpenean esan zuenez, kalera bakarrik joan ahal izateko ematen dion aukera da gehien eskertzen duena. Bidaia laguna du bitarteko berria, eta bere beharretara moldatu eta berari konfiantza ematen dion heinean hazten joango da, Riosekin batera. Erabilera orokortzea izango da hurrengo urratsa, haren beharra duen edonoren esku jartzea.
Leave a Reply