Idiazabalgo Herri Krosak 80ko hamarkadaren hasieran du hastapena. Garai hartan ez zen ohikoa korrikarako zaletasuna, eta nekez aurki zitezkeen korrika egiteko bidea ematen zuten probak. Donostiako maratoia zen inguruan egiten zen proba bakartsuenetakoa, eta Idiazabalen bazen lasterketa hartan parte hartzeko ohitura zuen lagun talde bat. Hain zuzen, horiek hasi ziren lanean, Idiazabalen ere horrelako kirol ikuskizun bat antola zitekeela pentsatuta.
San Blas jaien testuinguruan egin izan da beti Idiazabalgo Herri Krosa. Lehenengoa, 1981ean. Xabier Intxausti antolatzaileetako batek esan duenez, hasieran jaietako asteburu nagusian hasi ziren egiten, baina, antolaketa lanak errazte aldera, astebete aurreratzea erabaki zuten hasi eta berehala. Orduz geroztik, urtarrileko azkeneko igandean egin izan da beti. Lasarteko lasterketarekin bat egiten du egutegian, eta, hasieran eragozpena izan zitekeela uste izan zuten arren, Intxaustik ondorioztatu du ez dela inoiz “konpetentzia” izan.
Aurten ere, betiko izaera
Etzi, 34. lasterketa egingo dute, eta Idiazabalgo Herri Krosak zenbait aldaketa izan baditu ere “betiko herri izaerari” eusten diola baieztatu dute antolatzaileek. Izan ere, “filosofia parte hartzailea, herrikoia, berdintasunean oinarritutakoa eta korrikalaria errespetuz tratatzekoa” izan ditu oinarrian. Aldaketei dagokienez, ibilbidearekin lotutakoak azpimarratu ditu Lake Oiarbide antolatzaileak. Hasieran, “8,5 kilometro inguruko lasterketa bakarra” antolatzen hasi ziren gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat. Lehenengo urteak igarota “emakumeen parte hartzeak nabarmen behera” egin zuela ikusita, ordea, “haientzat bereziki prestatutako ibilbide laburrago bat” antolatzen hasi ziren gero. Gaur egun, ezberdintasun hori desagertu da, eta hamar kilometro inguruko ibilbide bakarra prestatzen dute guztientzat.
Ibilbidearen beraren nondik norakoa eta luzera ere aldatu dira, “herriaren fisionomia bera aldatuz joan den neurri berean”, besteak beste. Aurtengo ibilbideak ere izango du aldaketarik: “Amporen 50. urteurrena dela eta, ibilbidea Ampo Balbulak enpresatik igaroko da”. Gainera, behin lasterketa egonkortzen hasi zenean, 1987tik aurrera, haurrentzako lasterketa antolatzen ere hasi ziren.
Datuei kasu eginez gero, oro har beti hazteko joera izan duen lasterketa izan da Idiazabalgoa. 1981eko lehenengo lasterketa hartan 71 parte hartzaile izan ziren guztira, Intxaustik gogoan duenez. “Horietatik, hamalau emakumezkoak eta 57 gizonezkoak”. Gaur egun, seiehundik gora joaten dira helduen lasterketara: “Iaz, 549 gizonezko eta 79 emakumezko”. Eta beste hirurehun bat aritzen dira haurrenean lasterka. Parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak dira, baina korrikalariak Euskal Herri osokoak izaten direla esan du Intxaustik. “Iaz, adibidez, 101 herritako parte hartzaileak izan genituen”, zehaztu du.
Parte hartzeak gora egin ahala, sortuz joan diren beharretara egokituz joan dira. Oiarbidek berak gogoan eduki nahi izan du orain bi urte zendu zen eta ordura arte talde antolatzaileko kide izan zen Beatriz Telleriak egindako ekarpen handia. Sailkapen lanak errazteko “programa informatiko propio bat sortu zuen”.
Denborarekin txipa ere iritsi zen Idiazabalera. “2010ean hasi ginen erabiltzen”, zehaztu du Intxaustik. “Parte hartzaileak identifikatzen dituelako eta sailkapenaren datuak unean bertan helarazten dituelako da erosoa”.
Bederatzi laguneko taldea aritzen da lasterketa antolatzeko lanean, eta azaroan hasten dira prestaketekin. ” Hala ere, egunean bertan hirurogei bat herritar elkartzen dira urtero, boluntario bezala laguntzeko prest. Egiten duten lana eskertzekoa da”.
Lasterketa igandean da
Etzi, 10:45ean hasiko da haurren lasterketa herrigunean. Hainbat mailatan banatuta egingo dute korrika, eta adin bakoitzari dagokion ibilbidea osatu beharko dute: “600, 1.100 edo 1.600 metrokoa”.
Helduen lasterketa 12:00etan hasiko da. “Gogorraren sona du, eta aurtengoa ere horrelakoa izango da”, esan du Oiarbidek. Aldapa gogor bat izango du Ampo enpresara heltzeko, eta “erritmo aldaketak eskatzen dituen zenbait zati ere bai”. Sari banaketan, haurrentzat dominak izaten dira, eta helduenean ere maila bakoitzeko hiru lehenengoei oroigarria ematen zaie. Horrez gain, herriko hirurehun bat produktu zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, tartean Idiazabalgo gazta.
Leave a Reply