“Hitz gurutzatuak jolasa, plazera, denbora-pasa eta kultura dira”

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketako irabazlea da Ibon Zaldua (Donostia, 1976). Ormaiztegira ezkonduta dago, eta Luma euskarazko denbora-pasa aldizkariarekin eta hitz gurutzatuen lehiaketako garaile txapelarekin iritsi da herriko Arana tabernako hitzordura. Ingeniaria da ikasketaz, eta hala ateratzen du bizimodua; metal arloan ari da lanean, autoen osagaiak egiten dituen enpresa batean. Dioenez, “hitz gurutzatuen lehiaketa irabazteko ez dago zertan filologoa izan; xelebrea ere ez da izan behar”. Kirola, musika eta kultura ditu gogoko: “Azkenaren barruan daude hitz gurutzatuak”.

Hitz gurutzatuak txikitatik egiten dituzu, ezta?

Gure aita joko horiek egiten ikusten nuen, eta haren bitartez harra piztu zitzaidan 9 urte inguru nituela. Aitak egiten zituenez, ni ere saiatzen nintzen, baina, gehienetan, ez nuen lortzen; ordutik datorkit zaletasuna. Hitz gurutzatuak jolasa, plazera, denbora-pasa eta kultura dira.

Batek baino gehiagok pentsatuko du beste garai bateko kontua dela pantailen aroan arkatza eskuetan hitz gurutzatuak egiten denbora pasatzea.

Niri aisialdian lasaitasuna ematen didan jarduera da. Besaulkian jarri eta lasai egoteko nire moduetako bat da. Ezin gara bakarrik pantailara lotuta egon.

Zeintzuk dira hitz gurutzatuak gobernatzeko giltzak?

Ezinbestekoa da hizkuntza horretan ondo moldatzea. Hitz gurutzatuak ondo egiteko, asko egin behar dira, definizioak behin eta berriz errepikatzen direlako. Gaurkotasunari kasu egitea ere garrantzitsua da; are gehiago, lehiaketarako.

Ehun urte dira The New York World egunkarian lehenengo hitz gurutzatuak argitaratu zirenetik; euskarazko lehenak geroagokoak dira. Hizkuntzak erabat baldintzatzen al ditu hitz gurutzatuak?

Jokoak ezberdinak dira hizkuntza bakoitzean. Definizioen planteamendua aldatu egiten da, eta hizkuntza bakoitzaren ñabardurak agerian geratzen dira. Definizioetan, hizkuntza bakoitzak duen munduaren ikuskera antzeman daiteke. Erantzunei dagokienez, hizkuntza bakoitzak bere mekanismoak ditu. Esate baterako, euskaraz infinitiboan eman daitezke erantzunak, eta irakurri idatzi ordez irakur idatz daiteke hizki kopuruak hala aginduz gero.

Euskararen zein berezitasun antzeman daitezke hitz gurutzatuen bidez?

Euskal hiztegiak duen aberastasun handiak joko itzela ematen du; lehiaketan eta Mihiluze telebista saioan agerian geratu izan da. Euskalkietan nahikoa trebatuta nagoela esango nuke, betidanik jakin-mina sortu didatelako; halere, lehiaketan inoiz entzun ez ditudan hitzak ateratzen dira.

Adibidez?

Azken lehiaketan, bizkaieraz mozkorrari esateko modua eskatu ziguten definizio batean; kale hizkuntzan behar zuen. Guk Gipuzkoan atxurra, legatza edo arraia esaten diogu, baina entzun gabe nengoen Bizkaian katua esaten diotela.

Lehiaketaren zazpi aldietan parte hartu duzu. Nola izan zenuen txapelketaren berri?

Lehen txapelketa baino egun batzuk lehenago, BERRIA egunkarian txapelketa iragarri zuten, eta izen-ematearen gaineko xehetasunak eman zituzten. Gustuko dut lehia, gustukoak hitz gurutzatuak, eta halako lehiaketa bat antolatu izanak poza eman zidan.

Zergatik poza?

Kulturarekin lotutako egitasmo berri bat zelako, euskaraz eta Euskal Herrian. Euskarazko egunkaria badugu, baita euskarazko telebista eta irratia ere, ezta? Hitz gurutzatuen lehiaketa egotea beste urrats bat da euskararen normalizazioaren bidean. Luma aldizkaria ere hor dago. Horrelakoekin Euskal Herria eraikitzen dugulakoan nago.

Azaroan, azken hitz gurutzatuen lehiaketaren egunerako, zeintzuk izan ziren Irungo Ola sagardotegira eraman zenituen lanabesak?

Arkatza antolatzaileek ematen dizute, eta norberak hiztegia eramaten du. Nik sinonimoen hiztegia eramaten dut. Hiztegien paperezko edizioak erabil ditzakezu.

Beharrezkoak al dira?

Hitz gurutzatuak etxean egiteko ez, baina lehiaketakoak betetzeko bai. Beharbada, euskalkiak menderatu ahal dituzu, Euskal Herriko toki guztiak ere bai, baina lehiaketan aurrera egiteko hitz gurutzatuak zuzen eta azkar osatu behar dira. Hiztegiek azkarrago egiten laguntzen dizute. Eskatzen dizkizuten erantzun guztiek hiztegian jasota egon behar dute. Beste parte hartzaileek eramaten dituzten hiztegiak ere erabiltzen ditut. Elhuyarren hiztegi entziklopedikoa oso baliagarria izaten da toponimikoak aurkitzeko.

Txapelketako jokoetako definizioak ez dira ohikoenak, ezta?

Erantzunak zeharka eta arbitrarioki eskatzen dira; ez dira Xederakoek Luma aldizkarian argitaratzen dituztenak bezalakoak. Lehenengo urtean harrituta utzi gintuzten; Luma-rekin egin genuen entrenamendua, eta definizio arruntak espero genituen. Lehiaketan sorpresa hartu genuen definizio askorekin.

Ezuste haietako bat gogoratzen duzu?

Definizio bat zen: bi aldiz lo. Hitz gurutzatuaren taulan, lau gelaxka zeuden betetzeko. Burura etorri zitzaidan lehenengo erantzuna lolo izan zen, baina, ingurukoak bete eta gero, erantzuna okerra zela konturatu nintzen. Erantzun zuzena etzi zen: bi aldiz lo egin eta gero datorren eguna. Beste definizio bat hau zen: su emanez gero, kontuz. Bi hizki erantzunean; kea izango al zen? Ondokoak osatu eta gero ke alboratu, eta erantzuna ka zen. Beste adibide gisa, Iparraldean zein Nafarroan kontuz esan beharrean kasu esaten dute. Definizioan erantzunaren zati bat eman ziguten; nik ez dakit hori posible den beste hizkuntzetan. Horrelakoek txapelketari indarra ematen diote, piperra ere bai. Orain, definizio arruntetan ere tranpak bilatzen ditugu.

Lehiaketan, goizetik eguerdira arte hitz gurutzatuak egiten aritu zineten.

Bai, 34 lagunek parte hartu genuen. Lau sailkatu ginen finalerako. Azkeneko ariketak zutik eta jendaurrean egin genituen, eta tentsioa sortzen da. Uste dut ikusleentzat polita dela finalista bakoitzaren sistema ikustea.

Zein sistema erabili duzu zuk hitz gurutzatuak egiteko?

Azken lehiaketan estrategia aldatu nuen, eta ongi atera zen. Finalean denborak agintzen du: azkar aritu behar duzu derrigor. Ez nion goitik beherako eta ezkerretik eskuinerako sistemari jarraitu. Hitz gurutzatuen taula beste era batera bete nuen, baina ez dut esango nola [barreak], aurten ere txapelaren bila joango naiz eta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.