Bideoak, argazkiak, grafikoak edo animazioak landuz, ikus-entzunezko lanak egiten dituzte bideo editoreek. Gehienetan, musika edo hitzen bidezko audioa izaten dute editatuko bideoek. Eta bideo baten ekoizpeneko alderdirik garrantzitsuena hitzez adierazitakoa irudi bidez azaltzea dela azaldu du Izaskun Bernedok (Pasaia, 1981).
Irudiarekin erlazionatzen den guztiarekiko afizio eta ofizioa du Bernedok. Bartzelonan egin zituen zinema ikasketak. Irudia eta postprodukzioa ere landu zituen, baita Andoaingo eskolan soinuaren inguruko ziklo bat egin ere. Azken urteetan telebistan aritu da lanean, errealizadore, editore zein kamerari gisa. Egun, Euskal Telebistako Airean saioko editorea da. Horrez gain, ezkontzetan, bataioetan eta jaunartzeetan aritzen da argazkilari lanetan: “Irudiarekin zerikusia daukan guztiaren inguruan aritzen naiz”.
Hitzetik Hortzera saioan ere lan egin du Pasaiakoak. “Saio horretan editore moduan hasi nintzen lanean, baina, azkenean, errealizadore lanak egiten amaitu nuen”, azaldu du. Orain arte, ia denetarik egin du irudiaren munduan: “Publizitatea, bideo korporatiboak eta beste hainbat gauza ere jorratu ditut arlo horretan”. Telebistan aritzeaz gain, senarraren ekoizpen enpresan ere laguntzen aritzen da Bernedo. “Senarraren enpresan soinuaren estudioa eta irudi gela dauzkate, eta bertan bideoklipak eta horrelakoak grabatzen ditugu”.
Normalean, ordenagailu bidez lan egiten dute bideo editoreek. Bideoak maneiatzeko programa berezia izaten dute, eta programa horiek irudian esku hartzeko beharrezkoak diren tresnak izaten dituzte. Hori horrela, bideo editoreen lana irudi eta soinuaren konposizio bat egitean datza, lortu nahi duten irudi eta soinua ardatz hartuta, betiere. Bideoa egiteko irudiak hartzea bezain beharrezkoa da ondoren etorriko den postprodukzio lana: “Azken finean, postprodukziorako, programak erabiltzen ikasi behar da, eta, ondoren, bakoitzaren gustua eta irudiaren kontrola izatea ere sartzen dira lan horren barruan”. Horregatik, “kamerari eta editore lanetan aritzea lagungarria da editore batentzat; hau da, grabatu eta editatu biak zeuk egiten badituzu, azken finean errazagoa da”.
Oinarrizko edizioa
Bideoen ekoizpena hartutako edo grabatutako irudien postprodukzioa izango da. Ekoizpenarekin hasi aurreko lan horretan gidoilariek grabazio plana deiturikoa egiten dute. “Bertan, orduak eta grabatu beharrekoa zehazten dira, baita zer eta norekin grabatu behar den ere”, azaldu du Bernedok. Ondoren, errealizadoreen lana hasten da, eta horiek kamerari grabatu beharrekoa zer den azaldu behar diote: “Errealizadoreak gidoia irakurtzean irudikatu egiten du grabatu beharrekoa zer den”.
Irudiak grabatutakoan, postprodukzioa etorriko da, eta orduan hasiko da editoreen lana. Bideoen ekoizpeneko oinarrizko edizioan, bitartekoak hartu, moztu eta denbora errealean ordenatzen dira. Horrez gain, beste mota batzuetako edizio lanetan bezala, efektu bereziak, trantsizioak, iragazkiak, bideoa aberasteko testuak eta beste hainbat gauza sar daitezke ekoizpenean. “Postprodukzio gelan, aurrez grabatutako irudi horiek lotzen dituzu, hau da, gidoian agertzen denaren arabera forma ematen zaio bideoari”, azaldu du pasaitarrak. “Azken batean, gidoian hitzez adierazita dagoena bideoan irudiz bete behar da, eta, horretarako, grabaketan argi izan behar da zein irudi behar diren, ondoren postprodukzioan arazorik izan ez dadin”, gaineratu du.
Irudiak beti zerbait adierazi behar duela azaldu du Bernedok, baina irudiak bezainbeste garrantzi soinuak daukala: “Irudiak eta soinuak bat etorri behar dute, eta hori ongi adierazita badago, indarra hartuko du esan nahi duzun horrek”. Irudia eta soinua ez dira edizioan kontuan izan beharreko gauza bakarrak. Argiztapena eta estetika ere oso garrantzitsuak direla azaldu du: “Bideo baten emaitza ez da berdina izango planoak gaizki grabatuta edo gaizki enkoadratuta edo planoak zainduta badaude. Azken batean, esan nahi den hori irudi eta soinuen bidez ongi azaltzea da garrantzitsuena”.
‘Txantxillo’ dokumentala
Bideo editore eta errealizadore moduan aritzeaz gain, Donostiako eskalerik ezagunena izan zen Santiago Hernandez Redond Txantxillo-ren bizitzari buruzko dokumentala egin zuen Bernedok 2003. urtean, eta Fernando Mas izan zuen gidoigile. “Bartzelonako ikasketak amaitu ondorengo erronka txiki bat izan zen hura”.
Oso maitatua izan zen Txantxillo Donostian, eta horren lekuko dira haren estatuaren alde egindako ahalegina, Crónica de San Sebastian abestiko bertsoetan ageri diren hari buruzko aipamenak, baita Bernedok egindako dokumentala ere. “Kamera txiki bat oparitu zidaten, eta nire kabuz hasi nintzen Txantxillo grabatzen”, azaldu du. Donostian eta inguruetan ez zen, eta ez da oraindik, Txantxillosri buruz entzun ez duenik. Bernedok haren bizitza jaso nahi izan zuen dokumental batean, eta “oso gomendagarria da pertsonaia bera ezagutzeko”. Masek, Txantxilloren lagunak, lagundu zion gehienbat beharrezko informazioa biltzen, eta, hari esker, eskalearen bizitzaren hainbat momentu grabatzeko aukera izan zuen. “Irudi asko bildu nituen, eta hainbeste informaziorekin zerbait egitea pentsatu nuen”.Urtebete igaro zuen Bernedok Txantxilloren bizitza kontatzeko grabaketa lanetan.
Bere bizitzaren azken egunetan, dagoeneko oso gaixo zegoela, Txantxillok berak dokumentala ikusteko aukera izan zuen erietxean zegoela. “Azken finean, haren azken urtea grabatzeko aukera izan nuen”.
Leave a Reply