Ormaiztegi
Beñat Iturriotz eta Xabier Padin hernaniarrek egindako Ataun of the dead II. Joxean’s hileben pelikularen emanaldia izango da bihar, 19:00etan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan.
Urtarrilaren 17an estreinatu zuten Hernanin, beren jaioterrian. Trilogiak lotura estua du Goierrirekin, protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi jeneral ormaiztegiarra baita. Gainera, irudi batzuk eskualde horretan grabatu dituzte. Trilogiaren bigarren zatia Zumalakarregi museoan emango dute bihar. Lehen zatian, bi zientzialari lehenengoz Ajuria Enean lehendakari ez-abertzale bat zegoelako haserretu egin ziren, eta Zumalakarregi berpiztu zuten.
Joxean’s Hileben deituriko atal berrian, Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas (lehen pelikulako zientzialari karlistak) XlX. mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasten dira, Zumalakarregirekin egin bezala. Zonbi plagak Partidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigoa eta iraupena kolokan jarriko ditu, eta kinka horretatik ateratzeko modurik onena Agirre lehendakaria esnatzea dela erabakiko dute. Zumalakarregi eta Agirreren arteko norgehiagoka hasiko da, Euskal Herri osoan nork aginduko duen erabakitzeko.
Iturriotzek estreinaldiaren aurretik zenbait sekretu aurreratu zizkien komunikabideei: “Zonbiak ditu protagonista, eta filmean ageri diren burmuinak azaloreekin egin ditugu”.
Arkeologoak dira lanbidez Iturriotz eta Padin, baina baita zinemazaleak ere. Zonbizaleak, bereziki. Ataunen lanean zirela sortu zitzaien zonbiei buruzko film bat egiteko asmoa. “Dena elurtuta zegoen, eta oso paisaia ederrak ikusten genituen alde guztietan”, dio Padinek. “Mundu guztiak pentsatzen duena etorri zitzaigun burura: ez dago zonbi film nahikorik, eta beste bat egin behar genuke, euskal zonbiei buruzko bat”.
Euskal tradizioetan sustraituriko zonbiak sortu dituzte Padin eta Iturriotzek. Filmaren eszena batean, adibidez, musean jolasean ageri dira haietariko lau. Umorez azaltzen du Padinek: “Euskaldunak oso euskaldunak garela irudikatu nahi genuen, baita zonbi bihurtuta ere”.
Leave a Reply