Heldutasunera ez zinen iritsi zure etxe berriko logelan gortinak edo estoreak jarriko zenituen erabakitakoan. Ezta, duela urte gutxi promesten zenituenak ahaztuta, haurrak gustura heziko zenituzkeela jabetu zinenean ere. Gin-tonika edabe ezin garratzagotik trago kuttunera pasatzeak ere ez zintuen nagusi bihurtu. Hurrengo arratsalde arteko gaupasei uko egin zenien, baina hasiberri bat zinen oraindik bizitzan. Hetero izanda ere uzkiarekin jostatzea gustatzen zitzaizula onartzeak ez zuen ziklo aldaketarik esan nahi izan. Heldu bilakatu zinen —eta, beraz, zure gainbehera saihestu ezinezkoa hasi zen— hamar ordu jarraian inongo etenaldirik gabe lo egiteko gaitasun zoragarria egun batetik bestera, abisatu gabe, galdu zenuenean.
Hasieran, ez zintuen kezkatu asteazken neketsu baten ondoren zergati barik goizeko laurak arte esna egon izanak, bizialdi osoan horizontalean jartzearekin ziplo erori zaren horri. Hiruretan ardotxo batzuk hartuta oheratu eta gero oilarraren kukurrukuarekin batera begiak zabaldu zitzaizkizun hartan gehiago erretxindu zinen. Zazpi ordu jarraian lozorroan eman zenituenetik hilabete pasa zela konturatu zinenerako, bazenekien guztia okerrera aldatzera zihoala.
Laneko estresa izan zitekeela pentsatu zenuen segituan, baina oporretan ez zuen egoerak hobera egin. Betidanik kafeinari immunea zara; hori ere ezin izan. Zure buruhauste berbera duen Jonekin hitz egitea bururatu zitzaizun: kafeinagabea hartzen du aspaldian, eta takikardia eragiten zion oheratu aurreko zigarreta parea ere lagata dago. Alferrik, aitortu zizun.
Lurretik hain hurbil lo egiteak ez zizula batere onik egiten erabaki zenuen gero. Bazenekien azkenean koltxoi horrekin komeriaren bat izango zela, horrelakoetan ez da-eta zentimo bat bera aurreztu behar. Aldatutakoan, somier berria ere paratu zenion azpian, zorutik metro erdira edo, zuri beti gustatu izan zitzaizun gisara. Burko mordoxka ere probarazi zizkizuten denda zuri-zuri hartan, eta garesti askoarekin kotoiz betetako ametsak izango zenituela konbentzitu. Kaka zaharra.
Lo arina berriz; konturatzerako hor izango duzu iratzargailuaren txistu desatsegina; ez duzu batere deskantsatu. Jaiki arteko tartea beste zerbaitetan baliatu ala ez deliberatzen zabiltza. Beti izan duzu aita bezala bukatzeko beldurra. Goizeko zortzietarako osteratxoa eginda, gosalduta, egunkaria goitik behera errepasatuta, aspertuta. Baina hainbeste maniatan bezala, honetan ere gero eta haren antz handiagoa duzu. Heldua zara orain; izorratuta zaude.
Leave a Reply