Kanpoan lagunduz, etxerako ikasi

Iaz antolatu zuen Tolosako Hirukide ikastetxeak Giza Eskubideen Astea lehen aldiz, borondatezko ekintzak eta kanpainak gauzatuz “gizartea hobetzeko zerbait egiteko”. Aurten bigarren aldiz antolatu dute, eta egitarauaren barnean bi mahai inguru egin dituzte: Urrutiko esperientziak hizpide izenpean asteartean Tolosako kultur etxean egin zutena, batetik; eta Egungo errealitatea lelopean atzo egin zutena, bestetik.

Astearteko mahai inguruan, Hirukideko ikasle izandako sei ikasle ohik hartu zuten parte, igaro den udan Afrikan eta Amerikan boluntario gisa aritutakoak denak: Argentinan egondako Joana Zubelzu eta Yon Gonzalez; Marokora joandako Miguel Legarra; Ekuadorren egondako Miriam Sagarna eta Kenyan izandako Irati Lanzeta eta Nerea Caminos.

Seiak aritu dira adingabeei laguntza eskaintzen. Caminosek azaldu duenez, Kenyako eskola publiko bateko haurrak “zoriontsu egitea” zen Lanzetaren eta bien lana: “Eurekin jolasean ibiliz, ordu batzuetan behintzat, dibertitu zitezen ahalegintzen ginen. Tarteka, umezurztegi batera ere joaten ginen, oraindik eskolarako adinik ez zuten umeekin egotera”. Zubelzu eta Gonzalez irakasle ikasketak eginak dira, eta horixe jarri dute praktikan Argentinako egonaldian, Zubelzuk azaldu duenez: “Yon eta biok Argentinan egon ginen, eta hango ikastetxe batean eskola partikularrak eskaintzen lan egin genuen gehienbat. Baina horrez gain, bizi-baldintza zailetan zeuden gazteei laguntzen zien parrokiako talde batekin lanean ere lanean aritu ginen”. Sagarnaren kasuan, behar bereziak zituzten haurrei laguntzen aritu da: “Ekuadorko bi eskoletan aritu nintzen lanean, eta behar bereziak zituzten haurrei eskola laguntza eskaintzen nien”. Legarra, berriz, medikuntzako ikaslea da, eta bere ezagutzatik ekarpenak egiten ahalegindu da Marokon: “Tetuanen egon naiz. Hango gobernuz kanpoko erakunde batekin garun paralisia zuten haurrei eta euren familiei laguntza eskaintzen. Gehienbat, fisioterapia lanak erakusten genizkien familiei, eta osasun arreta eskaintzen ere ahalegintzen ginen. Izan ere, garun paralisia duten haurrei ez diete behar besteko osasun arreta eskaintzen”.

Zalantzak eta beldurrak

Esperientziatik asko ikasiko zutelako animatu ziren seiak boluntario lanetara. “Uste genuen beste lurralde batera joan eta gehien behar zutenei laguntzeko aukera ona izango zela, Kenyari alde turistikotik begiratu ordez, hango errealitatea bertatik bertara ezagutzeko”, azaldu du Lanzetak. Legarraren kasuan, ez da izan boluntario gisa egin duen lehen lana: “Hainbat urtetan borondatezko lanak egiten arituta, halako esperientzia bat kanpoan bizitzea positiboa izango zela uste nuen”.

Boluntario gisa lanean aritzeko gogotsu bazeuden ere, gehienek aitortu dute joan aurreko zalantzek eragina dutela. Ezjakintasuna eta urrun joan beharra nabarmendu ditu Sagarnak: “Boluntario programan izena eman nuenean eta joateko hautatua izan nintzela esan zidatenean, ez nekien nora nindoan, bakarrik edo beste norbaitekin joango nintzen, eta horrek ematen zidan beldur handiena. Gainera, lehen aldia zen etxetik hain urrun nindoala, eta hiru hilabeteko tartea luze egingo zitzaidala uste nuen”. Zubelzuk, berriz, nabarmendu du bakarrik ez joatea “alde handia” dela. Nolanahi ere, Gonzalezek uste du pentsatzeko denbora askorik ez zutela izan: “Ikasturtea amaitu eta biharamunean genuen Argentinarako hegaldia”.

Caminosen hitzetan, joan aurretik espero izaten da bakoitzarenarekin alderatuta “errealitate erabat ezberdina topatzea”, baina bertara iritsitakoan “inpresio handiagoa egiten du”. Boluntario lanetan izaten dira “gain hartzen duten gauzak ere”, eta Legarrak ez du ahaztuko elikatu gabeko ume bat artatu zuenekoa: “Hemen Aspacerekin lanean arituta nengoen, eta garun paralisia zuten haurrak artatzean banekien zerekin topo egingo nuen. Baina Marokon goserik ez zela izaten uste nuen, eta haur hura ekarri zigutenean asko hunkitu nintzen. Jaten eman nahi genion, baina ez genekien kalte edo mesede egingo ote zion”. Gonzalezi, berriz, pertsonen jatorriak duen eraginak eman zion zer pentsatua. Azal kolorearen arabera, “pertsonek garrantzi handiagoa edo gutxiago dutela” ikusi du Argentinan: “Txakur batekin izandako arazo bat dela medio, medikuarenera joan behar izan nuen, eta bi ordutik gorako jende ilaran egon beharrik gabe kontsultara sartzen utzi zidaten”.

Egoera zailagoan dauden herrialdeetara zihoazela bazekiten Tolosako gazteek, eta bertan aurkitutakoak euren egunerokoan eragina izan du. Lanzetari, esaterako, dituen gauzen balioaz ohartzen lagundu dio egonaldiak: “Kenyan hezkuntza pribilegio bat da ia, eta hemen, berriz, denok eskura dugun zerbait da. Eskolan ez geundenean eta familia behartsuen etxeetara joaten ginenean, gu baino gutxiagorekin bizitzera behartuta daudela ikusten genuen”. Gonzalezek ere dio “gauzei begiratzeko beste modu bat” duela orain: “Jendea gosea pasatzen ikusi eta gero, hemen txikikeriez kezkatzen garela ohartu naiz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.