Energia berriztagarrien kontsumoa sustatzeko sentsibilizazioa bultzatzeko helburuz, energia burujabetzari buruzko jardunaldiak egin zituzten lehengo astean Errenterian. Santiago Otxoa de Eribek, bide horretan urratsak egiteko sortutako Goiener kooperatibako zuzendariak (Donostia, 1972), hitzaldi bat eman zuen jardunaldi horien barruan.
Energia oinarrizko ondasuna bilakatu da. Ordea, haren jabetza gutxi batzuen esku dago. Horrek zer-nolako ondorioak ditu herritarrengan?
Kalean gehien nabaritzen duguna da argindarraren prezioa goraka doala, baina, gehienetan, jendeak ez daki zergatik. Gero eta gehiago ordaintzen ari gara, eta, kontuan hartuta Espainiako Estatuko ia bi milioi etxebizitzetan familiako kide guztiak langabezian daudela, horrek energia pobreziara eramaten gaitu. Gero eta diru gehiago gastatzen ari gara oinarrizkoak diren zerbitzuengatik. Ez dugula zer eginik pentsatzen dugu, eta horrek sortzen du askotan gure haserrea. Horregatik, gu informatzen saiatzen ari gara, gauzak horrela zergatik diren azaltzen.
Zergatik iritsi gara egoera honetara?
Mendekotasun energetikoa da arrazoi garrantzitsuenetakoa. Gure baliabideekin, EAEn dugun energia beharren %5i bakarrik erantzuten diegu. Beste guztia kanpotik dator. Hemen oso gutxi ekoizten da, eta ekoizten dena energia zikinetatik dator.
Energia jabetza da gakoetako bat.
Espainiako Estatuan ekoizten den energiaren %80 bost enpresaren eskuetan dago. Horrez gain, energia erosten dutenen %70 enpresa horien bezeroak dira. Horregatik, eta nahiz eta merkatua librea izan, enpresa horiek prezioa ezartzeko ahalmena dute.
Beraz, garrantzitsua litzateke herritarrek berreskuratzea elektrizitatearen gaineko kontrola, ezta?
Guk kontsumitzen dugunaren jabe izan nahi dugu. Alde horretatik, gure filosofia kontsumo taldeek daukatenaren antzekoa da. Geure ekoizpen plantak sortu nahi ditugu, geure energia sortu ahal izateko eta guk geuk kontsumitzeko, nahiz eta oraindik ere energia sortzeko planta propiorik ez dugun.
Izan ere, ez da erraza izango enpresa erraldoi horiekin lehiatzea.
Araudiaren eraginez, enpresa handi horiek kristoren boterea dute. Gobernuetatik zenbait kide enpresa handi horietara pasatzen dira lanera, edota alderantziz, revolving doors deitzen dioten fenomenoaren bitartez. Azken finean, legeak eta araudiak beren neurrira egiten dituzte, eta ez interes orokorrari begira. Horregatik, gure helburua da etorkizunean gure unitateak sortu ahal izatea, iturri berriztagarrietatik datorren energia garatu ahal izateko.
Izan ere, berriztagarrien kontsumoa bultzatzea da asmoa, ezta?
Bai, eta hori oso garrantzitsua da. Mendekotasun energetikoaren argudioa erabilita bada haustura hidraulikoa defendatzen ari denik. Bertako errekurtsoak izatea ez da nahikoa. Guk ekoizpen edo produkzio gune horiek kontsumitzaileengana hurbildu nahi ditugu, eta, horretarako, beharrezkoa da ekoizpen banatua.
Zertan datza ekoizpen banatua?
Energia sortzeko fabrika handien ordez, nahiago dugu teilatu bakoitzean eguzki xafla bana. Modu horretan, ekoizpen puntua kontsumitzaileari gerturatzen zaio. Bestelako zein eragin dituen ekoizpen banatuak? Ez ditugula behar kristoren azpiegiturak energia hori garraiatzeko: tentsio altuko dorreak eta bestelakoak.
Berriztagarrien merkatua, baina, murritza da oraindik ere.
Helburuetatik oso urruti gabiltza, eta zaila izango da, baina pixkanaka aurrera egitea da kontua. Europak orain gutxi onartu du 2030. urterako kontsumitzen dugun energiaren %27k iturri berriztagarrietatik etorria izan beharko duela. Hurrengo urratsa da 2020. urterako %20ko kopurura lortzea. Berriztagarrien teknologia oso azkar ari da merkatzen, eta, argindarraren jabe diren enpresek etorkizunera moldatzeko nahikoa malgutasunik ez dutenez, berriztagarrien kontrako mezuak zabaltzen dituzte. Orain dela urte batzuk esaten zuten berriztagarriak ez zirela fidagarriak, baina teknologia asko hobetu da, eta orain hasi dira esaten garestiak direla. Horrez gain, abenduan onartutako sektore elektrikoaren lege berriari esker, energia autokontsumitzen dutenek zerga berria ordaindu beharko dute, eta, zerga hori dela medio, teilatuan argi xafla edukitzea saretik kontsumitzea baino garestiagoa izango da. Horrelako araudirik ez dago mundu osoan; Espainian baino ez.
Trabak traba, nola lan egiten du Goienerrek?
Gu, kooperatiba bat izateaz gain, merkaturatze enpresa bat gara. Hamar kilowatt baino gutxiagoko kontsumoa duten hornidura puntuetan argindarraren faktura gu kudeatzea eskaintzen ari gara, prezio berean, eta kontsumoa %100 energia berriztagarrietatik egiten dela bermatuz. Horrela frogatzen dugu, besteak beste, berriztagarriak ez direla garestiagoak.
Zuen bezeroek kooperatibako bazkide izan behar dute.
Bai. Fakturaren kudeaketa egiteko, kooperatibako bazkide egitea eskatzen dugu. Ez ditugu nahi soilik kontsumitzaileak; gizarte mugimendua sortu nahi dugu, energia berriztagarrien eskaria gero eta handiagoa dela ikusarazteko. Energia berriztagarriak bultzatu nahi ditugu, ez bakarrik berdeagoak direlako, baizik eta zikinak ez direlako, eta gaur egun ez direlako hain garestiak. Gure webgunean dagoen formulario baten bidez bazkidetza egiteko aukera ematen dugu. Hori beteta, bazkide zenbaki bat jasotzen da, eta, ondoren, nahi baduzu, beste formulario baten bidez eska dezakezu zure kontratua. Kontratua eginda, guk enpresaren aldaketa kudeatzen dugu.
Zuenera aldatzeko, instalazioetan egokitzapenik-edo egin behar al da?
Ez da ezer egin behar; telefono konpainiaz aldatzea bezala da.
Euskal Herrian ba al dira energia ekoizle txikiak?
Bai, badaude. Ez asko, baina badira batzuk. Araba inguruan hasi dira elkartzen.
Ekoizle txikiek zeregin garrantzitsua izan dezakete kooperatiban.
Bai; webgunearen bidez, poltsa bat eratu nahi dugu haiekin, pixkanaka harremanetan jartzeko, asmoa delako etorkizunean haiek ekoitzitako energia erostea.
Noiztik ari da lanean Goiener? Antzeko kooperatiba gehiago badaude?
2013ko urtarriletik ari gara lanean, nahiz eta 2012ko ekainean sortu genuen kooperatiba.Euskal Herrian bakarrak gara; Espainiako Estatuan antzeko sei kooperatiba daude. Orain, ia 1.200 bazkide ditugu, eta gustatuko litzaiguke aurten 4.000 edo 5.000 bazkide izatera heltzea. Hurrengo urterako 15.000 bazkide izateko erronka dugu.
Eusko Jaurlaritzan burujabetza energetikoa bultzatzeko ponentzia sortu da. Zein ibilbide aurreikusten diozue?
Oso baikorra da, eta planteatu beharrekoa, baina ez erakundeetan bakarrik. Guk udalekin hitzarmenak ditugu, baita lanbide eskolekin, garapen agentziekin, banku etikoekin eta antzekoekin ere. Energiarena gai oso zeharkakoa da, eta, horregatik, kooperatiban gero eta jende gehiago bildtzea nahi genuke, azken finean, enpresa handiek egiten duten antzera, guk ere gure presio taldea sortu ahal izateko herritarren interesen defentsan. Herritarrek energia berriztagarriak kontsumitu nahi dituztela esaten badute eta politika zehatzak garatzeko eskatzen badute, guk horien alde egingo dugu.
Leave a Reply