Antzuolako herritarrak ere hondakinak gutxitzearen alde ontziratu dira

Kutxa Ekoguneko kontsumo departamentuaren helburua da Gipuzkoako herritarrek beren egunerokoan kontsumo ohitura jasangarriak aldatzea. Horregatik jarri zuten abian Ontziratu zaitez kanpaina 2011n. Duela astebete aurkeztu zuten, Antzuolan, eta, han martxan jarrita, jadanik 28 herritara hedatu dute egitasmoa.

Ontziratu zaitez kanpainarekin bat egin duten herrietan, arrain eta haragi saltokiek ontzi berrerabilgarrietan ematen dizkiete produktuak bezeroei. Amaia Otazo Ekoguneko kontsumo jasangarriaren departamentuko arduradunaren hitzetan, “arlo estrategiko ugari” lantzen dituzte kanpainaren bidez. “Eguneroko erosketetan, ikusi genuen erabilera bakarreko poltsak gutxitzeko ari zirela barneratzen norberak etxetik poltsa eramateko ohitura; baina horrek ez zion irtenbiderik ematen arrandegi eta harategietako kontsumoari. Saltoki horietan sortzen zen paper eta plastiko guztia saihesteko ontzi berrerabilgarriak erabiltzea soluzio ona izan zitekeela bururatu zitzaigun”, azaldu du.

Izan ere, hondakin kopuru handia sortzen da arraina edo haragia erostean: “Paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa batean edo bitan sartzen baitira ondoren”. Hondakin gutxiago sortzea ahalbidetzeaz gain, ontzi berrerabilgarrien bidezko erosketa sistema alternatiboak erosotasun gehigarria eskaintzen dio kontsumitzaileari, “etxeko edukiontzian usain txarrak saihestuz”.

Lehen saioa Hernanin eta Donostian egin zuen Ekoguneak, “gertutasuna eta herrien ezaugarriak zirela eta”. Ondoren, Gipuzkoako udal guztiei gonbita egin zien kanpainan parte hartzeko, eta horren emaitza da zabalkundea. Hasieran, kanpaina arrandegietara bakarrik zabaldu zuten, ondoren harategietara eta baita denda txiki batzuetara ere. Otazoren hitzetan, “herriaren ezaugarrien arabera” egin dute komertzioen hautaketa: “Elgetan, adibidez, herriko denda guztiek parte hartzen dute; eta Donostian, berriz, kopurua kontuan izanik arrandegietan bakarrik egin da. Ondoren, komertzio guztiei eskaini zaie kanpainan parte hartzea, eta haiek erabaki dute parte hartu ala ez”. Ekoguneko ordezkariak eskertu egin du saltoki gehienek azaldutako jarrera positiboa, “komertziorik gabe kanpaina ez bailitzateke posible”.

Hiru onura

Aurten, Antzuola izan da hondakinak gutxitzeko Ekoguneko kanpainarekin bat egin duen lehen herria. Urtarrilaren 31n aurkeztu zuten egitasmoa bertan, eta Inma Beristain alkateak hiru alde on ikusten dizkio: “Batetik, erosketak egitea erosoagoa izango da; eta behin etxera heldutakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango da, plastiko zikinik geratu gabe. Bestetik, saltokiei kostuak murriztuko zaizkie, ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. Azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat eta guretzat onuragarriagoa da”.

Oraingoz, Jaione arrandegiak eta Kalebarren dendak bat egin dute kanpainarekin, baina Beristainek azaldu du “irekita” daudela egitasmoa gune gehiagotara zabaltzeko ere: “Aurrerantzean ere, animatzen dena ongietorria izango da. Herritarrek bultzatzen badute, askoz ere arrakastatsuagoa izango da”.

Atzo arratsaldean, udaletxeko arkupeetan ekin zioten herritarren artean ontzi berrerabilgarriak doan banatzeari, eta halaxe egingo dute gaur ere, 09:00etatik 12:30era bitartean, udaletxean. “Hala ere, egun eta ordu horietan ontzia jaso ezin dutenek aukera izango dute udaletxean beste egunen batean jasotzeko”, azaldu du Beristainek. Herritarrak erosketak egitera ontzia etxean ahaztuta joaten direnerako ere badute konponbidea Antzuolan: “Udalak herritarrei etxebizitza bakoitzeko kolore berdeko ontzi bana emango die. Erosketak egiterakoan ontzia ahaztuz gero, dendariek kolore urdineko ontzia utziko diete, baina hura berriro dendara itzuli beharko dute”.

Erosketak orain arte bezala egiten jarraitu nahi dutenek izango dute horretarako aukera Antzuolan, baina Beristainek “ontzi berrerabilgarriak erabiltzera” animatzen ditu: “Guztion ardura da gure baliabideak modu egokian erabiltzea”. Otazok, berriz, herritarren kontzientzian eragiten jarraitu beharra dagoela uste du: “Ez dago behar besteko kontzientziarik. Gutxinaka goraka doa, baina aldaketak egiten hasteko garaia da. Ohartu behar dugu hondakinen arazoa ez dagoela kudeaketan, materialen ekoizpenak planetaren lehengaien ustiaketan duen eraginean baizik. Beste era batean kontsumitzeko garaia da, eta gure helburua horretan laguntzea da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.