Irungo Alkatea auzoetan egitasmoa; Azpeitiko Denon artean; Mutrikuko Mutriku 2022; Oñatiko Herri Jorran proiektua; Donostiako Ttipi-ttapa; Abaltzisketako Parte hartzea indartzen. Horiek dira Herritarrekin liburuan jasotako esperientzietako batzuk. Azken bi urteotan Gipuzkoako 62 herritan egindako 137 parte hartzeko prozesu bildu ditu Imanol Azkue idazleak (Zumaia, 1965). Legegintzaldi honetan parte hartzearen kultura sustatzen egindako lanaren “erradiografia bat” da Herritarrekin. Astelehenean aurkeztu zuten, Errenteriako Xenpelar etxean. Aurkezpenean parte hartu zuten liburuaren egileak berak, Arantza Ruiz de Larrinaga Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Oarsoaldeko beste herri batzuetako udal ordezkariek.
Ruiz de Larrinagak egin du liburuaren hitzaurrea, eta bertan aipatutako ideia bat nabarmendu zuen Errenterian: “Herritarrok dugun eskubide garrantzitsu bat da herritarren parte hartzea. Gure eguneroko helburua da eskubide hori paperetik errealitatera eramatea”. Aldundiko ordezkariaren arabera, egunetik egunera parte hartzearen kultura zabaltzen ari da Gipuzkoan, eta horren “erakusle” da argitaratutako liburua: “Herritar askoren inurri lan handia dago liburuaren atzean. Erakusten du posible dela gauzak beste modu batera egitea”. Bilduman ez dituzte jaso 2011z geroztik martxan jarritako parte hartzeko prozesu guztiak. Jakitun dira batzuk kanpo geratu direla: batik bat, herri mugimenduek sustatutakoak. Izan ere, udalek eta aldundiak bultzatutakoei egin diete lekua batez ere, uste baitute herri erakundeek ardura “handia” dutela herritarren parte hartzea sustatzen. Horretan sakontzeko “konpromisoa” berretsi zuen Ruiz de Larrinagak.
Azkuek azaldu zuenez, aspalditik ikusten zuen horrelako liburu bat egiteko “beharra”. Izan ere, irudipena du parte hartzearen inguruko “lan interesgarri ugari” egin izan direla herri askotan, baina ez direla behar bezala ezagutarazi. Liburuaren bidez, balioa eman nahi die “ia oharkabean” igarotako proiektuei. Herritarrekin tresna “erabilgarria” izatea nahi du Azkuek. Beste lekuetan egindako urratsen berri emango dio parte hartze prozesuren bat martxan jarri nahi duenari: “Ikus dezatela aurretik beste leku batzuetan egin dena, eta pentsatu: ‘gure herrian badaukagu horrelako zerbait egitea'”. Izan ere, hori ere bada liburuaren helburua: “Sinetsarazi nahi dugu lana eman arren egingarriak direla parte hartzeko prozesuak; ez direla pentsatzen den bezain zailak”.
Azkuek eskualdeka antolatu du herrietatik jasotako informazioa. Eskualde bakoitzari buruzko sarrera labur bat egin du lehenik, eta herriak alfabetikoki sailkatu ditu gero. Herri bakoitzari buruzko datu orokorrak azaldu ondoren, herri horretako parte hartzeko esperientzien inguruko xehetasunak eman ditu: izena, iraupena, parte hartzaileak, esperientziaren laburpena, parte hartu duten herritarren eta teknikarien testigantzak, argazkiak… Esperientzia bakoitzak orrialde bateko luzera du, gehienez; gainera, helbide bat jarri du norbaitek prozesuren bati buruzko informazio gehiago nahi izanez gero.
Batez ere, “koordinazio” lana
‘Herritarrekin’ ez da Azkuek idatzitako lehen liburua, baina aitortu du harentzat “lan berezia” izan dela. Liburuaren “egile” sentitzen da zumaiarra, “idazle baino gehiago”: “Ez da izan, aurreko lanetan bezala, zerotik hasitako sormen lana”. Liburu honetan, idazten baino denbora gehiago aritu da “koordinazio” lanetan: “Udalekin harremanetan jartzen, haiei informazioa eskatzen, datuak osatzen, jendearekin egoten, mezuak idazten, deitzen, hitz egiten, entzuten…”. Azken finean, Azkueren lana horixe izan da; aldundiak aurrez zuen informazioa “baieztatzea eta osatzea”.
Egilearen arabera, parte hartzeko prozesua izan da liburuaren osaera bera: “Maila desberdinetan, baina jende askok parte hartu du proiektuan. Ni ez naiz egile bakarra, egileetako bat baizik”. Elkarlanean sortutako lana izateak poz ematen dio Azkueri. Haren ustez, liburuan herritar ugarik ikusiko du bere zerbait: “Izan liteke argazkiren bat, testigantzaren batengatik. Baina nahi dut horiek guztiak ere liburuaren egile sentitzea”.
Azkuerena ez da parte hartzeari buruz egin izan den lehen liburua, baina “bestelako zerbait” egiten ahalegindu da zumaiarra. Erakundeentzat nahiz herritarrentzat erabilgarri izateko, bere helburua izan da “ahalik eta liburu erakargarriena egitea, begietatik erraz sartzeko lana”. Ondorioz, liburuan testuak garrantzitsuak dira, baina egileek “protagonismo berezia” eman diete irudiei. Herri txiki, ertain eta handietako argazkiak daude, barrualdekoak eta kostaldekoak, baserri girokoak eta industrialdeetakoak. Baina, “batez ere”, jendea ageri da, “ez dagoelako parte hartzerik pertsonarik gabe”.
Iazko otsailean hasi ziren aztertzen liburuaren forma eta edukiak zeintzuk izan behar zuten. Azkuek, lehen proposamenetik, argi zuen nolako liburua egin nahi zuen: “Arina, irakurterraza, erabilgarria, alferrikako testurik gabea eta irudi askokoa”. Hortaz, ezinbesteko jo zuen elkarlanean aritzea parte hartzeko esperientziak izan dituztenekin. Udalekin harremanetan jarri, eta herrietako proiektuen informazioa eskatzea izan zen hurrengo pausoa. Udaletatik jasotako informazioaren gainean egin du Herritarrekin. “Amaitu gabeko” lana dela dio Azkuek, eta “ziur aski” bigarren atala izango duela legegintzaldiaren amaiera aldera: “Liburuan, 2013ko ekain arteko esperientziak daude jasota, eta, ordutik, parte hartzeko beste prozesu batzuk abiarazi dira, eta abiaraziko dira”. Aurrerantzean ere ikusten du zer ezagutarazia.
‘Herritarrekin sarea’-k, bi urte
Aldundiak legegintzaldi hasieratik eman dio garrantzia udalen arteko harremanak sendotzeari. Hala, herritarren parte hartzea bultzatzeko, 2011ko abenduan abian jarri zuen Herritarrekin sarea eratzeko prozesua. 2012ko urtarriletik martxora artean egindako hiru tailerretan adostu zituzten sarearen ezaugarriak eta plangintza. Bertan parte hartu zuten hainbat alkatek, zinegotzik, teknikarik eta laguntzailek. Sarearen helburuetako batzuk dira udalak beren artean eta aldundiarekin koordinatzea, izandako esperientziak sistematizatzea eta elkarrengandik ikastea. Hori lortzeko tresna bat gehiago izango da Azkueren liburua.
Sarearen oinarriak finkatuta, bilera eta trebakuntza saio ugari egin dituzte geroztik. Horrez gain, partaideek hiru topaketa egin dituzte. Azken topaketa Donostiako Kursaalean egin zuten, 2013ko ekainean. Han, Amets Arzallus bertsolariaren laguntzaz, manifestu bat kaleratu zuten. Testuari lekua egin diote liburuan, eta aurkezpenean haren zati bat irakurri zuen Ruiz de Larrinagak: “Eta gobernuak obedituko baligu, tarte labur batez, ikasiko luke parte hartzea ez dela politika egiteko modu baten osagai bat gehiago, edo lelo polit bat, ez; parte hartzea da politika hasten den lekua; eta bukatu, ez da inon bukatzen, lehengai amaiezina baita parte hartzen duen jendea”.
Beren herrietako esperientziak kontatu zituzten Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Pedro Alegre Irungo Udaleko zinegotziak eta Juanra Cano Pasaiako Udaleko zinegotziak. Antzekoa izan zen hiruren mezua: “Zenbait unetan nekagarriak izan arren, merezi du parte hartzeko prozesuak martxan jartzea”. Asteartean Andoainen aurkeztu zuten liburua, Buruntzaldeko hautetsi eta herritarrekin; astelehenean Arrasaten aurkeztuko dute, eta hilaren 17an, Tolosan.
Leave a Reply