Donostia
Iazko abenduaren 1ean bost urte bete ziren Mikel Laboa abeslaria hil zela. Bada, artista gogoratzeko ikuskizun bat prestatu du Ttanttaka antzerki konpainiak: Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan). Ikuskizun berria Gasteizen estreinatu dute aste honetan bertan—herenegun eta atzo—; bihar eta etzi, berriz, Donostian ikusi ahalko da, Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Musika, poesia, interpretazioa… Askotariko adierazpideak nahastuko dituzte ordubetean. Mireia Gabilondo aktorea aritu da zuzendari lanetan, eta Bernardo Atxagarena da gidoia. Hain zuzen ere, idazleak 2009an Erlea aldizkarian Laboari buruz idatzitako testua da oinarria. Honela bukatzen da testu hura: “Haren hitzak, haren kantak, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txorien hankek utzitako arrastoak bezala…”. Elurra metafora moduan erabili dute Laboari buruz hitz egiteko.
Hainbat artista igoko dira oholtza gainera. Antzezle lanetan, Iñaki Rikarte ariko da, Mireia Gabilondorekin batera. Angel Unzuk gitarra joko du, Iñaki Salvadorrek pianoa, eta Maria Berasartek kantatu egingo du. Eta Zumetak emanaldirako apropos egindako irudiak proiektatuko dituzte.
Ttanttaka konpainiaren arabera, Laboa “gogoratzeko” sortu dute ikuskizuna: “Kontatuko ditugu Mikelen nahiak, Mikelen bizipozak, Mikelen gauza intimoak, personalak eta ezezagunak. Eta, nola ez, ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatu, jolastu, hitz egin, isildu… aske sentitu eta aske sentiarazi”.
Duela urtebete hasi ziren ikuskizuna prestatzen, eta jada hogei emanalditik gora lotuak dituzte maiatza bitartean. Gipuzkoan ikusteko lehen aukera, bihar eta etzi, Antzoki Zaharrean.
‘ZAZPI ALDIZ ELUR…’
Noiz. Bihar eta igandean, 20:00etan.
Non. Antzoki Zaharrean.
Leave a Reply