Lehiaren aitzakian, bertso jaia herri artean

Tolosaldeko herrien artean lehen aldiz jokatuko da bat-bateko kantuaren lehia; hamar herri, 11 talde, 33 bertsolari. Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatuta, sekula plazan aritu ez direnei aukera emango diete saio informaletan parte hartzeko, eta gaur abiaraziko dute guztia, Alegian. Bertako taldearen eta Villabonakoaren arteko lehia izango da, Ixkiña tabernan, 22:30etik aurrera.

Harituz-eko Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak azaldu dutenez, elkargunea sortu zenez geroztik, eskualdean saioak edo halakoak antolatzeko behar hori sentitu izan dute: “Onerako edo txarrerako, txapelketa da oihartzun gehien hartzen duena, eta hortik jaio da herri arteko txapelketa hau”.

Ostiralean bertan hasita, apirilaren 11ra bitarte izango da lagun arteko bertso lehiaren egitasmoa. Kanporaketa fasea izango da lehenik: “Zozketa bidez erabaki ditugu kanporaketen herriak, eta talde bakoitzak askatasuna izango du saioa bere herrian nahi duen erara antolatzeko. Izan ere, Harituz-en helburuetako bat indarrak batzea den modu berean, herri bakoitzari bere esparrua ere utzi nahi diogu”. Horrela, Alegia, Villabona, Andoain, Larraul, Altzo, Berastegi, Zizurkil, Tolosa, Amasa eta Anoetako taldeek izango dute ordezkaritza herri arteko lehen txapelketan.

Larraulgoa, berriz, afari formatuan prestatu dute, eta 21:00etan jarri dute ordua herriko ostatuan. Bigarren kanporaketa horretan Larraulgo taldea Andoaingoaren aurka ariko da, eta afarirako txartelak ostatuan bertan eskuratu ahal izango dira, hamabost euroren truke; haurrek, berriz, bederatzi euro ordaindu beharko dute.

Saioen funtzionamenduari dagokionez, dinamika berezia prestatu du Harituz-ek, publikoaren gozamenerako eta saio ereduari kolore berriak emateko: “Talde bakoitzean, oreka mantentze aldera, bertsotan pixka bat egiten duen norbait bada, plazetan lehenago ere aritutako norbait. Horren babesean, ordea, beste bi ariko dira, hainbesteko esperientziarik ez dutenak. Horrela, gai-jartzaileak proposatuko dizkien ariketak beren artean banatu eta kudeatu beharko dituzte, bertsolari bakoitzaren abileziak eta gabeziak kontuan hartuta. Konbinazio interesgarriak sortuko direla uste dut”, dio Iguaranek.

Parte hartuko duten 33 bertsolari horiek txapelketaren “erakusleihoan” egongo dira, baina, horiekin batera, azpiegitura nahiz antolakuntza lanen ardura izango duen talde handi bat arituko da, buru-belarri, lanean. Lehen fasean bakarrik, bederatzi edo hamar kanporaketa inguru izango dira, eta horiek prestatzeko jende asko beharko dutela nabarmendu dute Harituz-eko kideek.

Bide beretik, saiorik ezin da egin gairik gabe, eta gai-jartzaile taldea lanean ari da jada; hor ere, eskualde izaerari eutsiz eta herri guztien ordezkaritza zainduz, taldea sortu den herri bakoitzeko lagun bat ari da gaiak jorratzeko lantaldean: “Horrez gain, saioetan bertan gaiak esatari moduan jarriko dituen jendea ere izango da”, azaldu dute. Sekula plazan abestu ez duten hainbat bertsolarik lehen aldiz abestuko dute jendaurrean, eta lehen aldi hori eskaintzeko helburuz ere prestatu dute herri artekoa.

Festa, bertsoen gainetik

Iguaranek Beterriko txapelketa ekarri du gogora: “Lehen, Beterriko txapelketa egiten zen inguru honetan, eta oso estimatua zen. Guk horrelako zerbait bultzatu nahi genuen, baina eskualdeko jendeari aukera emanez”. Horrela, eskualdean lagunartean bertsotarako dagoen joera indargunetzat hartu dute, txapelketa antolatzeko: “Hemen, zorionez, parrandetan-eta badago bertsotan egiteko kultura hori; jende askok egiten du bertsotan, baina gero ez dira ausartzen modu ofizialean kantatzera. Jende hori guregana ekarri eta animatu nahi izan dugu, eta meritu handia dute, gainera”.

Bertso saio ofizialek izaten duten kutsu serioa alde batera utzi, eta Anoetako gaztetxeko finalera ez ezik, kanporaketa guztietara ere festa giroa eraman nahi dute Harituz-eko antolatzaileek. Helburu horri begira, bertso aleak epaitzeko modua ere ez da betikoa izango. “Nahiko subjektiboa izango da, eta plazan sekula aritu ez den batek bi poto eginda ere, oso bertso ona bota baldin badu eta jendearengana iritsi baldin bada, finalean izateko aukera izango du ziur aski”, dio Iguaranek.

Epaitzeko bide horiek, beraz, publikoan zenbait boto bilduz erabiliko dituzte, eta “saioak nahiko irekiak izango dira, entzuleek erabakiko baitute guztia”. Finean, txapelketa irabazten duen taldea teknikoki onena izan beharrean, publikoarengana gehien gerturatzen dena izango da, Iguaranen ustez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.