Antixena, herritik herrirako

Gaur egun Oñatiko gaztetxea den Antixena eraikina Oñatiko Udalarena da orain. Horretarako, udalak hitzarmen bat egin berri du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin. Akordioaren arabera, 131.800 euro ordainduko du udalak kalte-ordainetan. Izan ere, unibertsitateak aurretik beste hitzarmen bat zuen egina udalarekin; horren arabera, Eskola Politeknikoak berrogei urterako azalera eskubidea zuen Antixena erabiltzeko (2031. urtera arte).

Oñatiko Udalbatzak urtarrilaren 30ean aho batez onartu zuen Antixena herriaren esku jartzeko akordio berria. 2012tik, Oñatiko gaztetxea dago Antixena eraikinean, eta hala segituko du.

Antia parkean eraiki zuten Antixenako eraikin berria, 1992an. Udalaren lurretan egin zuen Mondragon Unibertsitateak. Aurretik, 1991ko urriaren 24ko osoko bilkuran, akordio bat onartu zuten eraikina berrogei urtez erabiltzen uzteko Mondragon Goi Eskola Politeknikoari. Garai hartan, ostalaritza eskolarako erabili zuten Antixena, baina, 1999an, hutsik gelditu zen.

2000. urteko urrian, Mondragon Eskola Politeknikoak eraikina erabiltzeko azalera eskubidearen baldintzak aldatzea proposatu zuen, eta aurrerantzean etengabeko prestakuntzarako erabiltzea eskatu, baina berrogei urteko epea aldatu gabe. Oñatiko Udalak onartu egin zuen, eta Mondragonek Etengabeko Prestakuntza kokatu zuen han. Gero, berriz, Mondragon Ikerketa Kudeaketaren (MIK) egoitza bihurtu zen. Baina hark ere utzi egin zuen eraikina, Mondragonek Enpresagintza unibertsitate campusa ireki zuenean Oñatin.

Ordutik, eraikina hutsik zegoen, 2012ko irailean Oñatiko Gazte Asanbladak gaztetxe izateko okupatu zuen arte. Okupazioaren ondoren, eraikinaren gaia lantzeko, Mondragon Goi Eskola Politeknikokoen, Oñatiko Udalekoen eta Gazte Asanbladakoen arteko elkarrizketa mahai bat osatu zuten. Udalak eraikina berreskuratzeko asmoa azaldu zuen hasieratik, eta Goi Eskola Politeknikoarekin kontratu bat ere sinatu zuen, erantzukizunak argi uzteko. “Gazteek eraikina okupatu eta segidan, kontratu prekario bat egin genuen udalaren eta Eskola Politeknikoaren artean”, azaldu du Mikel Biain Oñatiko alkateak.

Bitartean, elkarrizketa mahaiak martxan segitu zuen. “Esan beharra dago hasiera-hasieratik jarrera ona izan dela alde guztien partetik; ados jartzeko jarrera egon da. Gazteek arduraz jokatu dute, eta Mondragon Unibertsitatea ere oso ondo portatu da”, dio alkateak.

Udalak eta Mondragon Unibertsitateak negoziatu egin dute eraikina herriaren esku jartzeko. “Eraikin horretan egindako inbertsioa kontuan hartuta, kalkulu bat egin behar izan da. Unibertsitateak kopuru bat eskatu zuen, baina udalak ezezkoa eman zion. Azkenean, amortizatzeko gelditzen zaion kopuruaren erdia (131.800 euro) kalte-ordainetan ematea adostu da”, azaldu du Biainek. Antixena eraikinaren balioa 700.000 euro ingurukoa da. Udaleko arduradunak “oso pozik” daude Antixena herriarentzat berreskuratu izanarekin: “Pozik gaude, akordiora modu onean iritsi eta eraikina herriarentzat berreskuratu delako”.

Antixenak gaztetxe izaten segituko du. “Gaur egun, gaztetxea oso aktibo dago: askotariko ekitaldiak antolatzen dituzte, denetariko jendeari zuzendutakoak”, adierazi du Oñatiko alkateak.

Biltzar bat, espazio bat

2012ko irailetik, Oñatiko gaztetxea da Antixena. Baina, aurretik, beste gaztetxe eta biltzar batzuk ere izan dira. “Oñatin gaztetxe asko egon dira, eta gazte biltzarrak ere bai; batzuetan, izen desberdinarekin eta izaera antzekoarekin: OGA, Tantaz tanta… Eta, beste batzuetan, ez dute izan gazte biltzar izena”, dio Oñatiko gaztetxeko kide Arantzazu Sagarzazuk. Biltzar bakoitza espazio desberdin bati lotuta egon da. “Bai gaztetxea beste toki batean egon denean, bai biltzarra kalean egon denean, eta baita Gaztelekuko prozesu parte hartzailean parte hartu izan duenean ere”.

Antixenako eraikina okupatzea erabaki zutenean, Oñatin bazegoen beste gazte biltzar bat, eta baita beste gaztetxe bat ere. “Izenez, gaztetxea zen, baina askoren artean erabaki zen ez zituela Oñatiko gazteak ordezkatzen. Hala, gazte biltzarra izateari utzi, eta gaztetxe zen horrek utzi egin zion gaztetxe izateari; gaur egun, San Martineko etxe okupatu gisa funtzionatzen du”, dio Sagarzazuk, Antixenaren aurrekora joz.

Oñatin gaztetxeak herriaren erdigunean egon behar duela aldarrikatu dute beti; Antixenak hori betetzen du. “San Martinekoak ez zuen baldintza hori, eta horrek ondorioak zituen. Orduan, herrigunetik gertuago zegoen eraikin baten bila hastea erabaki zen”, esan du gaztetxeko kideak.

Jatorria, Gazte Topaketetan

Antixenan, oraindik bi urte ez ditu bete gaztetxeak, baina orain artekoarekin gustura daude. “Dinamika oso-oso ona dauka”. Baina ibilbidearen balorazioa egiteko, okupazioa baino lehenagoko garaira jo behar dela uste du Sagarzazuk. Gaztetxea okupatu aurretik, 2012ko martxoan, herriko gazteek Gazte Topaketak egin zituzten, Tantaz tanta… olatua izenarekin. Mugimendu hark dinamismoa” eman zien “herriko gazteen arteko harremanei. “Gaztetxeak ondo funtzionatzen du, baina egoera jakin hartan kokatu behar da. Jende asko egon zen gaztetxe honen sorreran”. Gaztetxean antolatutako ekitaldiak, batik bat, parte hartzeari begira egiten dituzte: “Herriko eta herritik kanpoko parte hartze zabala dauka gaztetxeak, eta, alde horretatik, oso gustura gaude”.

Gaztetxean, hainbat lantalde dituzte: batetik, barne funtzionamendurako taldeak (garbiketarakoa, sukalderakoa, barrarakoa, musikarakoa, obretarakoa, aisialdirakoa…); eta, bestetik, bertan bizitza egiten duten herriko eragileak. “Ez denak, baina herriko eragile gehienak bertan biltzen dira. Horrek, gainera, gaztetxea edukiz betetzen du”.

Bihar, herriko sagardoa dastatzeko aukera jarri dute Oñatiko gaztetxean. Txotx egitearekin batera, bazkaria egingo dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.