Emakumeon etxeak hartu duen distira, ametsak sortzen ausartuz eta amets horiek gauzatuz, ametsak sortzen ausartuz egia bihurtzen dira”. Bertso hori kantatu zuen Uxue Alberdi bertsolariak Donostiako Emakumeen Etxearen inaugurazioan, 2010eko azaroaren 13an. Hiru urte baino gehiago igaro dira geroztik, eta hasierako amets hura urtetik urtera “errotuago” dago Donostian. Okendo kaleko egoitza erreferente bihurtu da mugimendu feministentzat, emakume elkarteentzat nahiz antolatu gabeko emakumeentzat. Horren erakusle da iazko bisitari kopurua: 2013. urtean, 40.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zuten Emakumeen Etxea. Hau da, egunean, batez beste, ehun emakumetik gora joan ziren egoitzara. Hirurogei ekintzatik gora antolatu zituzten 2013an; tartean, 30 hitzaldi, hemeretzi ikastaro eta hiru erakusketa. Naiara Sampedro Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziaren arabera, sorreran finkatutako filosofiari eutsi dio etxeak, eta gero eta “sendoago” dago: “Emakume askok amestutako proiektua da, herri mugimenduaren eskutik sortutakoa; begien bistakoa da sendotu egin dela”.
Topaketarako, elkarrizketarako eta hausnarketarako eremua da Donostiako egoitza, eta haren helburua hauxe da: eragina izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea helburu duten politiketan, programetan eta proiektuetan. Emakumeen etxearen kudeaketa eredua berritzailea da, gainera. Elkarlanean kudeatzen dute Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakumeen Etxea elkarteak. Elkarte horretako kide dira beste emakume elkarteetan parte hartzen dutenak —Plazandreok, Garaipen eta Bidez Bide taldeetako kideak, esate baterako—. Horiez gain, parte hartzen dute antolatu gabeko beste zenbait emakumek ere. Izan ere, elkartea “zabalik” dago berdintasunaren inguruan lanean ari den edo aritu nahi duen edonorentzat.
Hilean hileko programa eskaintzen du Donostiako Emakumeen Etxeak. Ikastaroak, erakusketak, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak antolatzen dituzte Okendo kaleko egoitzan. Ekintza gehienak Emakumeen Etxea elkarteak berak antolatzen ditu, baina egiten diete tokia bestelako mugimenduei ere. Atzo, adibidez, Edoskitzea: laguntza taldea tailerra egin zuten, Esnearen Liga taldearen eskutik.
Sei zerbitzu iraunkor
Aldi baterako jarduerek arrakasta izan arren, erabiltzaile gehien zerbitzu iraunkorrek dute. Emakumeen Etxean, guztira, sei zerbitzu iraunkor eskaintzen dituzte. Horiek jasotzeko ez da ordaindu behar, gainera. Asteazken arratsaldeetan, Arrats elkarteko eta Emakume Banatuen Elkarteko abokatu bana egoten da egoitzan —16:00etatik 18:00etara lehena, eta 19:00etatik 21:00etara bigarrena—. Bertaratzen diren emakumeei aholkularitza zerbitzua ematen diete bi abokatuek. Ilargi Etxebarria Donostiako Udaleko Berdintasun teknikariaren esanetan, helburua da zenbait emakumeri “eskura jartzea falta dituzten baliabideak”.
Etxebarriaren arabera, abokatuen zerbitzuek “oso harrera ona” izan dute herritarren artean, gero eta emakume gehiago joaten baita aholku eske Emakumeen Etxera. Teknikariak azaldu duenez, bertaratutakoek askotariko zalantzak agertzen dituzte: paperen ingurukoak, lan baldintzen ingurukoak, banaketaren ingurukoak, genero indarkeriari dagozkionak… Adin guztietako jendea joaten da, gainera. “Giro atsegin batean”, haiek aurkeztutako zalantzak argitzen saiatzen dira etxean. Informazioa ematen dute, eta, arazoren bat dagoenean, konponbidea bilatzeko baliabideak ematen dituzte.
Bidez Bide elkarteak, berriz, aholkuak ematen ditu atzerrian egindako ikasketen tituluak balioztatzeko egin beharreko urratsez. Iguálate kanpainaren barruan ematen du zerbitzua ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara. Horrez gain, etxeak eskaintzen du ordenagailu eta Internet zerbitzua ere. Ordenagailuak 10:00etatik 21:00etara erabil daitezke.
Jabetze taldea da egoitzako beste zerbitzu iraunkorretako bat. Aizan berdintasunerako elkarteak zuzentzen du, eta bertan parte hartzen dute indarkeria egoeraren bat jasan izan duten emakumeek. 35 emakume inguru igaro dira taldetik. Etxebarriak azaldu duenez, indarkeriari aurre egiteko hainbat arlo jorratzen dituzte bertan: norberaren erru sentimenduak eta balioak lantzea, emakume partaideen autonomia eta burujabetza handiagoa lortzea, finkatutako jokaerak aldatzea eta abar.
Azkenik, Biluzik Mundura programa dago. Lahia Nahia taldeak sexua eta generoaren inguruko informazioa ematen die nerabeei. Etxebarriaren esanetan, programa horrek arrakasta izan du gazteen artean. Lahia Nahia taldeak ikastaroak ematen ditu ikastetxeetan ere, eta, edozein zalantza izanez gero, emakumeen etxera bideratzen dituzte gazteak. Bi egunez egoten dira Okendo kaleko egoitzan: astelehenetan, 17:30etik 20:00etara, eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara.
Emakumeen Etxearen oihartzuna Gipuzkoa osora ari da zabaltzen, baina, Etxebarriaren arabera, erabiltzaile gehienak Donostia bertakoak dira: “Harremanetan gaude udaleko gizarte langileekin, eta haiek badakite guk hemen zein zerbitzu ematen ditugun”. Harreman horiek sendotzen jarraitzea ezinbesteko jo du Etxebarriak: “Gure erronketako bat da koordinazioa hobetzea, etxeari ahalik eta zuku gehien ateratzea lortzeko”.
Eraikina txiki gelditu da
“Amets egile izan gaitezen lanean zarete jardun / ea ba laster denon artean etxe hau txiki uzten dugun”. Ainhoa Agirreazaldegik aurkezpen ekitaldian kantatutakoa da bertso amaiera hori, eta egia bihurtu da azkenean: emakumeen Etxea txiki gelditu da. Hiru solairu ditu eraikinak; lehenengoan, harrera gunea dago; bigarrenean, areto nagusia, eta hirugarrenean, beste gela bat. Etxebarriak azaldu duenez, zenbaitetan ez du denerako ematen. “Demagun asteroko bilera dagoela, erakusketa bat eta beste ekintza bat. Dagoeneko bete dira gela denak”.
Alde horretatik, 2013an sortutako gunea nabarmendu du Etxebarriak: Sukaldea deiturikoa. Udaleko teknikariak azaldu duenez, gune berria tresna “eraginkorra” izan da Emakumeen Etxearen proiektua “kohesionatzeko”. Programaziorako gunea da Sukaldea. Kanpotik datozen antolatzaileek gune horretara jo behar dute etxean zerbait antolatu nahi dutenean. Han, proposatutako ekintza aztertzen da; ea etxearen helburu eta proiektuarekin bat datorren, ea beste talderen batekin elkarlanean zerbait egin dezaketen. “Espazio txikia izateak gure eskaintza fintzea eskatzen digu; Sukaldea horretarako tresna da”. Horrela ziurtatzen dute antolatutako ekintza guztietan genero ikuspuntua lantzen dela.
Bide batez, talde feministek sareak osatzeko balio izan du Sukaldeak. “Lehen elkar ezagutzen ez ziren edo ezagutu bai baina zertan ari ziren ez zekiten zenbait talde elkarlanean ari dira. Lotura horiek sendotu egin dute etxea”. Emakume guztien elkargunea da egoitza, elkarteetako emakumeena nahiz norbanakoena. Elkarlana, sarea, feminismoa, eraldaketa soziala… Horiek guztiak dira proiektuaren oinarria.
Leave a Reply