Norbait gogoko dudan antzemateko, hutsezinezko metodo ezkutukoa daukat: inauteriak gustatzen ote zaizkion galdetzen diot. Ezezkoa bada, gurutzetxoa ipini eta nazkanteen zerrenda eguneratzen dut. Mozorrotzeak alferkeria eragiten diela eta etxean geratzea nahiago dutela esaten duten guztiak arbuiatzen ditut; deal-breaker borobila da niretzat. Zoro haizea altxatzen denean leihoak ziztu batean ixten dituzten horiek asper dezatela beste norbait, arraioa.
Milaka irakurle leial eta zorrotzek aurpegiratuko didate txoko honetan dolce far niente-aren apologia behin eta berriz egin izan dudala, ahal den gutxien eginda bizitzearena, alegia. Bulkada eroekin beti salbuespena egin beharra dago, ordea. Inork ez die kontatzen bilobei astearte goiz hotz batez tailerrean tornuarekin zein engranaje perfektuak irten zitzaizkion. Barru-barrutik ateratzen zaizkigun egitasmo ustez burugabeak dira gure lagunek gure hiletan irribarre batekin gogoratuko dituztenak. Eta guztiok gure hileta irribarrez betea nahiko genuke, ezta?
Jar dezagun adibidetzat nire idoloetako bat: Leslie Nielsen zena. Hil baino bi urte lehenago, omenaldia jaso zuen Peñiscolako (Espainia) Komedia Festibalean (existitzen da, bai, eta itxura erakargarria du oso). Bi astez deliberatu nuen autoa hartu eta Frank Drebin teniente jeniala oparitu zigun aktoreari nire begirunea adieraztera hurbildu ala ez. Kikildu egin nintzen, eta beti damutuko zait.
Jar dezagun adibidetzat nire beste idoloetako bat: Imanol Epelde. 27zapata-z miresten ditudan bertute guztien zerrenda egiteko hiru bat paragrafo beharko nituzke behintzat, edo hiru eta erdi, baina bakarra emango diot, gaur tokiz justu nabil eta. Irratian hitz egiteko eta poesia ozen errezitatzeko daukan ahalmena salgai balego, hamaikagarrenez eskainiko nioke arima Kutxabanki haiek bereganatzeko. Bururatzen zaion oro berak bakarrik, ia laguntzarik gabe gauzatzeko daukan kemena are gehiago miresten dut, ordea. Etxepare RAP proiektu ederraz erditzeko gaitasuna behar da, baina baita zoramen maitagarria ere. Portzierto, gaurtik bertatik hasita, bost egunez bisitan izango dut etxean, eta zuek ez; izorra zaitezte.
Talentuz betetako bere igerilekura egiten du jauzi Epeldek, eta nirea huts-hutsik dagoenez ostia galantak hartuko baditut ere, ni ere salto egitera noa. Hurrengo helburuen artean lagunekin film labur bat eta punk musika talde bat osatzea dauzkat, besteak beste. Zineaz hutsaren hurrena dakit, eta, musikari dagokionez, ez dut sekula esku artean instrumenturik eduki (txertatu hemen zure txiste lizuna, errazkeria horrekin aukera-aukeran utzi dizut eta). Egitasmo horien xehetasunak ez dituzu BERRIAren kultura sailean aurkituko, zorionez, amateurismoaren akats propioez gain, gustu eta zentzu onaren kanonak birrinduko dituzten beste milioi bat barrabaskeria burutuko ditugulako. Behin hain kuttun izango ditudan bi gorotz pilo horiek bataiatuta, pitokeria berriei helduko diet, mozorrotzea gustuko duen edozeinekin.
Leave a Reply