Eider Bereziartua
Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan “ziurgabetasunak” inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu.
Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara “ahalik eta ondoen” iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea “sentipen onarekin” amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, “kopa irabazteko asmotan” doazela gaineratu du.
Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du “proiektu gipuzkoarra” dela. “Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen”.
“Gustura” hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. “Oso pozik nago”, adierazi du tolosarrak: “Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da”. Olaizola ere ados dago Lasarekin: “Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da”. Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. “Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da”.
Bakoitza bide desberdinetatik iritsi den arren, orain taldekideak dira, eta Lasak dio emaitza onak lortzeko guztiek “familia bat bezala” izan behar dutela. Olaizolak uste du horretan “plusa” eman diezaiokela taldeari: “Bertakoa naiz ni, eta taldekideei ahal dudan guztian lagundu behar diet”. Horrez gain, tolosarrak dio “talde borrokatzailea” izan behar dutela; “defentsatik abiatuta borroka egin behar dugu”.
Olaizolak esan duenez, ondo ari dira entrenatzen, eta, “apurka-apurka”, aurrera doaz. Entrenatzaileak ere iritzi bera du: “Denboraldi-aurrean nahiko lan ona egin dugu. Taldea ondo ari da erantzuten”. Oroz ere itxaropentsu agertu da denboraldiari begira: “Elkarrekin ez dugu orain arte inoiz jokatu, eta elkar ezagutzeko pixka bat falta zaigu oraindik. Hala ere, itxura ona hartzen diot taldeari. Etortzen diren gazteak ongi etorriak izango dira.
Denboraldirako helburuez hitz egitean, ordea, ez daude hain ziur. “Ez dakit gainontzekoek nolako taldeak osatu dituzten”, esan du Orozek. Lasak liga hori “oso gogorra” dela azpimarratu du: “Ez dago lehen posturako faborito nabarmenik: oso liga borrokatua da”.Olaizolaren ustez, partidaz partida joatea da gakoa. Entrenatzailearen esanetan, ordea, lehen helburua afizioa berriro “Gipuzkoa Basketez bustitzea” da: “Ahal dugun guztia egingo dugu Gipuzkoako jarraitzaileek saskibaloiarekiko ilusioa berreskura dezaten”. Guztiak ados daude horretan: “Jendea gurekin identifikatzea nahi dugu. Zaleak ostirala iristeko gogoz egon daitezen lortu behar dugu”. Uste dute horren gakoa partidaz partida borroka egitean datzala.
Gipuzkoako harrobia
Gipuzkoa Basket klubaz gain, maila bat beherago, Azpeitiko Iraurgi Saski Baloi taldeak jokatzen du. Espainiako hirugarren maila horretan emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek azken urteetan. Horrez gain, harrobiko lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortu izan dituzte Gipuzkoako taldeek azken urteotan. “Lehen ez bezala, orain entrenatzaile prestatu asko daude, eta horrek asko laguntzen du jokalariek ikas dezaten”, azpimarratu du Lasak: “Kalitate handiko jokalariak dauzkagu hemen, eta, egunero gogor entrenatu eta beren buruarengan sinesten badute, ziur nago Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantziko dutela noizbait”.
Bullyk azaldu duenez, kluba Gipuzkoako saskibaloia indartzen saiatzen ari da. “Horretarako, hitzarmenak egin ditugu probintziako hainbat talderekin. Eliteko jokalari gehiago izango ditugu denborarekin”.
Leave a Reply