Kofrade berriek igandean egingo dute zina, Hernanin

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere ohorezko kofradeak izendatuko ditu Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak. Martxoko hirugarren igandean egin ohi dute ekitaldia, eta, oraingoan, doazen tokira doazela sagardoa bultzatzeko egitekoa jarriko diete Aitzpea Goenaga aktoreari, Nikolas Segurola artzain irakasleari eta Hernaniko Bertso Eskolari. Igandean egingo dute zina, Hernanin, eta, horrekin batera, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako.

Sagardoaren bueltan aritzen diren lagunak aukeratzen dituzte ohorezko kofrade. Goenaga aktore, idazle eta Etxepare Institutuko zuzendariak, esaterako, 2010ean ere izan zuen aukera sagardoa ardatz zuen ekitaldi batean parte hartzeko, urte hartan berak eman baitzion hasiera txotx garaiari. Herriko bertso eskolak Hernanin eta inguruan egindako lanari ere aitorpena egin nahi diote; kofradiako kideen arabera, garrantzitsua da urte askotan bertso eskolak egindakoa. Segurola azpeitiarra, berriz, bertsozalea izateaz gain, artzain irakaslea da Arantzazun, baita fraide frantziskotarra ere.

Kofradien bilgune

Kofradeak izendatzen dituzten egunean, hainbat kofradiatako kideak biltzen dira Hernanin, eta, ekitaldietan parte hartzearekin batera, euren herriko gastronomia ezagutarazteko baliatzen dute aukera. Ordezkaritza zabala elkartuko da igandean; Euskal Herriko hainbat jaki sustatzen egiten dute lan: Idiazabalgo gazta, Tolosako babarruna, Beasaingo odolkia, Baionako urdaiazpikoa…

Hemeretzigarren aldia du aurten Gipuzkoako sagardoaren kofradiaren ekitaldi nagusiak, kapitulua ere esaten zaionak. Aldi horietan guztietan, esparru ugaritako lagunek jaso dute izendapena. Iaz, esaterako, Maider Unda borrokalari aramaioarrak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak eta Pedro Santa Cruz sagardogileak egin zioten karguari zin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.