Ateak “zabal-zabalik” ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzak. Herritarren eta erakunde publikoaren arteko harremana gertuagoa izateko helburuz, egoitza barrutik bisitatzeko aukera ematen hasi dira, eta nahi duen orok du aurrerantzean parada jauregiaren barrunbeak ezagutzeko. Aste honetan izan dira lehen bisitariak: San Joxepe Bergarako erretiratu eta pentsiodunen elkarteko kideak.
Bergararrek urtero hiriburura egiten duten txangoa baliatu dute egoitzara bisita egiteko; berrehun bat lagunez beteriko bi autobus bertaratu ziren herenegun Bergaratik Donostiara. Bertan, Martin Garitano ahaldun nagusiak harrera egin zien, eta haren eta beste hainbat langileren bitartez, eraikinaren historiaren, aretoen eta ondarearen berri izan zuten. Eraikina “oso elegantea” dela esaten zuten bertaratutakoen artean, “oso ikusgarria”, eta, noski, “Bergarako armarria egotea ere” gustatu zitzaien, bisitarietako batek irri artean zihoenez. Aretotik aretora aurrera eta atzera ibiltzeaz gain, eguneroko funtzionamendua nolakoa den ere bertatik bertara ikusi zuten. “Nahi dugu Gipuzkoan daukagun etxe eder hau gipuzkoar guztiei irekitzea, eta ez bakarrik hemen lan egiten dugunoi”, zioen Garitanok.
Herenegungoa egitasmoaren lehen bisita izan bazen ere, tarteka hainbat eskolatako haurrak ere izaten dituzte jauregian. Eta hemendik aurrera ere ateak herritar guztiei irekita izateko beste hainbat ekintza prestatuko dituztela aurreratu zuen Garitanok. “Diputazioak, azken finean, zabal-zabalik behar du egon gipuzkoarrentzat”.
Aldundia, herriz herri
Herritarrak aldundira joan daitezke, eta aldundia herritarrengana doa. Herritarrekin Herria proiektua martxan dute, eta, horretan, Garitano ahaldun nagusia eta diputazioko hainbat ordezkari Gipuzkoako herrietatik dabiltza, herritarren beharrak eta kezkak biltzeko asmoz.
Udaleko ordezkariekin biltzen dira lehenik, eta, ondoren, bilera ireki bat antolatzen dute joan nahi duten guztientzat; hilean, herri batera joaten dira. Ormaiztegin, Mutiloan, Elgoibarren, Asteasun, Eskoriatzan, Andoainen eta Orion izan dira jadanik; azken bisita joan den hilean egin zuten, Lezora. Besteak beste, igerilekuko egiturak dituen kalteak, Altamirako biribilguneak oinentzat dakartzan arriskuak eta Iturrin industrialdean dituzten arazoak izan zituzten hizpide Lezoko Udaleko langileekin.
Aldundira bisita egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara:
info.gipuzkoa@gipuzkoa.net
Leave a Reply