Diruaren hotsa, emakumeen poltsa

Dirua ez da neutroa. Gizon eta emakumeok era ezberdinean erlazionatzen gara txanponarekin, eta hori ez da kausa natural, hormonal edo biologiko batengatik, baizik eta giza eta kultura arrazoiengatik”. Esaldi horrek egiten dio ongietorria bisitariari Diruaren sexu ezkutua erakusketan. Clara Coria argentinarraren izen bereko liburuaren hitzaurrea hartu dute oinarri, eta txanpon eta billeteetatik harago, urteetan hamaika istorio gorde dituzten diru zorroak dira erakusketako protagonista. Astelehenera arte egongo da irekita Zumaian, Alondegia kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara.

Gizonen kontrolpean egon da “diru handia”; andreen eskutan, berriz, “diru txikia”. Historikoki horrela izan dela azaltzen dute panelek, eta hala erakusten dute diru zorroek ere. Florita izeneko emakume baten esana adibide: “Saiatzen nintzen ahal nuena gordetzen, astean peso bat atzamarkatzen, bera konturatu gabe…”. Zorroa beterik izan gabe ere, emakumeen jardunak egunerokoan izandako garrantzia argi azaltzen du Rufinaren adierazpenak: “Ogia saltzen nuen, oiloren bat… Apurka-apurka batuz nindoan, eta aurrezkitxo hartatik ateratzen zen semearentzako zapata parea, edo alabarentzako alkandora; niretzat ezer ere ez”. Florita bezala, Rufina ere “bera konturatu gabe” aritzen zen familia aurrera ateratzeko ahaleginetan. Etxeko kontuez ez ezik, beste zenbait egitekoz ere arduratzen ziren emakumeak duela zenbait urte; izan ziren okinak, saltzaileak, arrantza munduan garbiketan aritzen zirenak… Eguneroko ekonomian, esaterako, “ogia, bizkotxoa edo zopakoa emakumeen munduko eskumen ia esklusiboa” izan zen garai batean.

Dirua “txikia” izanda ere, handia izaten zen askotan andreek eurekin zeramatena. Hala erakusten du identifikatu gabeko emakumezko baten aitorpenak: “Inoiz ez nuen izan diru zorroan neramana baino diru gehiago. Egunero, ateratzen nintzenean, soinean neramatzan alokairua, argia, janaria, zapatak eta familia guztiarentzako erremedioak”.

Guztira, Euskal Herriko nahiz mundu osoko emakumeen 50 diru zorro aurki daitezke bilduman, 1800. urtetik gaur egunera artekoak. Tartean daude bigunak, gogorrak, perladunak, koloretsuak, eskuz egindakoak, urteen poderioz zimeldutakoak. Haien ondoan, garai haietako argazki zaharrak.

Trukea zen irudi horietako emakumeen ohiko jarduna, dirurik apenas baitzegoen. Batzuek, gainera, egindako esfortzuari esker, enpresaren batean lan egiteko aukera izan zuten, Pilar errenteriarrak bezala: fabrika bateko nagusiaren idazkari moduan egin zuen lan. Horrela, askotariko diru zorroak izan zituen; erakusketan ikusgai dagoena, bilobari herentzian utzitako altxorra.

Zailtasunak, gaur egun ere

Haurralde fundazioak, Malen Etxeak eta Eraldatzen elkarteak ondutako erakusketa da. Igarotako garaiei jarri diete arreta, baina oraina alboratu gabe. Patricia Ponce Haurralde fundazioko zuzendariak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, gizarteak oraindik barneratuta du dirua eta hori irabazteko egin beharreko lana “gizonen esparrua” direla: “Askotan emakumeok zailtasunak ditugu geuk etxean nahiz etxetik kanpo egiten dugun lanari merkatuaren araberako balioa jartzeko”.

Diru zorro eta irudiekin batera, zenbait emakumezkoren ahotsa entzuten da etengabe Alondegia kultur etxeko gelan. Atari ingurutik dator hotsa; han, pantaila batean, jarrita dute Larre Motzean dokumentala. Euskal Herriko garapenaren parte izan diren hainbat emakumeren istorioak jasotzen ditu lanak, gazte zein helduenak, eta erakusketarekin batera aurkezten ari dira herriz herri. “Larre motzean” bizitzera ohitu dela dio protagonistetako batek; bilobak badaki zailak izan zirela amonak pasatutako garaiak, baina gaur egun ere trabak badaudela dakar gogora. Jarraian datoz beste andre heldu baten hitzak, gazte garaiko oroitzapen eta ilusioak gogoan: “15 pezetako pantiak erosten zizkidan amak. 20 urte nituenean, nire diruarekin, 25 pezetakoak erosi nituen, igandeetarako”. Batik bat baserriko bizitzaren berri ematen du ikus-entzunezkoak — sorkuntza prozesu guztian emakumeak aritu dira—.

Emakumeen Nazioarteko Eguna igaro berritan, Zumaiako ikastetxeetako ikasleek egindako hainbat marrazki ere jarri dituzte erakusketako txoko batean. Lelo bera daramate aldarri gehienek: “Denok berdinak gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.