Betidanik gustatu izan zaio Julen Ribasi (Arrasate, 1981) sorkuntzaren mundua. Fantasiazko eta mota guztietako film eta istorioak gustuko izan ditu umetatik, eta, hori aitzakiatzat hartuta, komikigile ofizioari ekin zion: “Haurra nintzenean Asterix eta Obelixen komikiak eta Tintinenak irakurtzen nituen. Ez naiz oso superheroi zalea izan”.
Bartzelonako Joso Comic eskolan Art grafic ikasketak egin zituen. “Lagun gehienek batxilergo zientifiko-teknikotik egin zituzten ikasketak, eta nik artaldeari jarraitu nion. Istorioak, fantasia, pelikulak eta horrelakoak gustatzen zitzaizkidanez, Arte Ederrak ikasi nahi izan nuen, baina, nire notek ez zuten horretarako ematen”. Selektibitatea amaitu berritan bizilagun batek Bartzelonako komiki eskola bati buruz hitz egin zion, oso ongi hitz egin, gainera. “Hori horrela, gurasoak konbentzitu nituen nire bidean lagun ziezadaten”.
Gaur egun Aretxabaletan lanerako prestatua duen txoko batean egiten ditu bere sorkuntza lanak. Orain arte, hainbat lan egin ditu; besteak beste, Xabiroi aldizkariaren kolaboratzailea da, eta 2005. urtean Saure argitaletxearen eskutik Numenak saila argitaratu zuen Unai Busturia gidoilari zuela. “Lanak, lana denez gero, baditu bere alde txarrak, edo, hobeto esanda, alde ez hain onak. Baina, nire kasuan behintzat, lagungarri egiten zait entrega egun batzuk izatea edo kontuak eskatuko dizkidan argitaratzailea gainean izatea”. Horrez gain, bere gerriko poltsan, betiere koaderno bat eta akuarela margoak eramaten ditu, “zirriborroak egiteko”.
Bartzelonara komikigintza ikasketak egitera joan zenean, komikizale moduan zuen kultura urria zela ikusi zuen. “Lanerako eraginetan, komikigintzaz gain, ilustratzaile eta margolarietatik ikasi dut gehiago, alde grafikoari dagokionez behintzat”. Haren ustez, zigilu propioa daukaten marrazkilariak errealitateari begira egoten dira, beste marrazkilari batzuek egiten dutenari begira egon beharrean.
Komiki baten bitartez mezu bat azaldu edo adierazten da, eta egileek era egokian eta bere estiloan erabiltzen dituzte komikiaren ezaugarriak. “Nire helburua lanaz gozatzea da. Alde horretatik, ez daukat inongo helmugarik. Niretzat komikia bitarteko bat da filmak, margolanak, ipuin ilustratuak eta bideo jokoak izan daitezkeen modura. Ahalik eta gauza gehien probatzea gustatuko litzaidake, eta sortzaile grafiko modura hazi”. Horrez gain, bizitzeko lain ematen duen bitartean behintzat, dibertitzen duen horretan aritzea gustatuko litzaioke.
Komikia berez hizkuntza edo baliabide bat da. Ribasek azaldu duenez, irudiak ikusi eta interpretatu eta hitzak irakur ditzakeen edonork jaso dezake komiki batek kontatzen duena. Edozein motatako istorioak konta daitezke: “Hori egileak eta argitaletxeek erabakitzen dute”. Generoari dagokionez, gaur egun genero guztietako komikiak lantzen dira: “Komiki denda espezializatu batera doan edonork ikus dezake genero guztietako komikiak daudela”. Komikigintzak Euskal Herrian izan duen tokiaz, ordea, hala mintzo da: “Gure herrialdean esan daiteke komikigintzak ez daukala merezi duen lekua”.
Prozesu sortzailea
Komiki bat egiten pasatzen duen denbora erlatiboa da, ez baita gauza bera gidoia norberarena izatea edo gidoilari batekin lanean jardutea. “Oro har, gidoilariarekin egiten dut lan. Kasu horretan, gidoia irakurtzen dut hasieratik bukaerara arte, eta, aldi berean, dokumentazio lana egin behar da”.
Lanean hastean, pertsonaiak diseinatu, garaian garaiko look-a definitu, argazkiak bilatu… egiten ditu. Ondoren, bigarren azterketa bat egiten du arkatza eskuetan duela. Hori egin ondoren, DIN A4 batean sekuentzia guztiak marrazten ditu oso azkar eta zikin; “story-board-a”. Jarraian, komiki orria izango dena diseinatzen du bineta bakoitzari garrantzia emanez, eta ordenagailuz testua binetatan itsatsi eta perspektiba gidak marrazten ditu. Photoshop programako arkatz optikoaren laguntzaz guztia marrazten du gero. “DIN A3an inprimatu, eta argi mahaiaren laguntzarekin tintarako orri batean garbira pasatzen dut”. Hori guztia egin ostean, pintzelaz, tinta txinatarrez eta errotulagailuen laguntzaz orria tintaz bustitzen du. Eta amaitzeko, eskaneatu eta behin ordenagailura pasatu ondoren, Photoshop bidez koloreztatu eta maketatzen hasten da.
Lanerako orduan teknika tradizionalak eta digitalak tartekatzen ditu komikigileak: “Arkatza, arkatz optikoa, tinta txinatarra, pintzela, errotuladoreak, akuarelak, Photoshopa eta beste hainbat erabiltzen ditut”.
Inspirazio iturriak
Atentzioa ematen dieten gauzetatik etortzen zaie inspirazioa komikigileei. “Norberaren istorioak marrazteak bere xarma dauka. Gure beldurren edo ametsen isla izan daitezkeen istorioak egin daitezke, eta biluzik sentitzen da norbera. Beste batenak direnean, ordea, meritua nahiz errua zati handi batean behintzat bestearenak dira. Horrelakoetan, guk istorioa jantzi soilik egiten dugu”.
Gainontzeko ogibide askotan bezala, ahalegin eta ilusio handia eskatzen duen ofizioa da komikigileena. “Ofizio guztietan bezala berezko gaitasuna izateak laguntzen du. Baina lana ere gogor egin behar da”.
Leave a Reply