Ilargipean ezkutaketan

Gauza jakina da kontrabandoa mugak asmatu zituztenez geroztik existitzen dela. Gauaren iluntasunean, ilargia betidanik izan da mugen inguruan ezkutuan lanean aritutakoen gidari. Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa batzen diren tokian, mendian, hamaika bidezidor daude kontrabandisten isilpeko pasadizoen lekuko. Bada, isilpeko horiek azaleratzeko asmoz, Lan Gaua antolatu dute biharko, Bidasoko Kontrabandistak proiektuaren barruan. Oiartzungo Arritxulo aterpetxetik abiatuko da gaueko mendi ibilaldia, gaztetan kontrabandoan aritutako artzain batek gidatuta.

Kontrabandoari lotutako istorioak historiaren garai batzuekin lot daitezke. Baina orain dela ez hainbeste, XX. mendearen bigarren erdialdean, 36ko gerraren ondorengo eskasiak kontrabandoaren susperraldia eragin zuen Euskal Herrian. Garai hartan kontrabandoan ibilitakoak bizirik daude oraindik, eta, aukera hori baliatuta, Bidasoko Kontrabandistak proiektuan bildu direnek haien testigantzak bildu eta ezagutaraztea erabaki dute. Horretarako antolatzen dute urtero Lan Gaua.

Proiektuko kide Mikel Albisuk argitu duenez, “Lan Gaua kontrabandista ohi batekin gauez egiten duten mendi ibilaldi bat da, haren kontakizunak eta pasadizoak zuzenean ezagutzeko”. Martxoko ilargi betearekin batera antolatzen dute urtero, Bidasoko Kontrabandisten ibilbideko toki batean.

Lesakarako bidean

Iaz antolatu zuten lehenbizikoz, Etxalartik abiatu eta Sara arteko bidea eginez. Aurtengoa bigarren ekitaldia izango da, eta bihar egingo dute, Oiartzungo Arritxulo aterpetxetik abiatuta. Albisuk zehaztu duenez, ibilaldi laburra izango da, “zortzi-bederatzi kilometro ingurukoa, eta hiru ordutan egiteko modukoa, 21:00etatik 00:00etara”. Ibilaldiaren ardatz nagusia kontrabandista baten kontakizunak eta pasadizoak izango dira.

Arritxulotik Aritxulegiko lepora igoko dira lehenik, handik Lesakako bide zaharretik Endarako (San Anton) urtegira jaisteko. Urtegia inguratuko dute Garaikoetxea baserriraino, eta hortik errepidera aterako dira, berriro ere Lesakako bide zaharra hartu eta Arritxulora itzultzeko.

Epele baserriko Joxe Luis Iparragirrek gidatuko du biharko mendi ibilaldia. 81 urteko artzain oiartzuarra 25 urterekin hasi eta 35 urte bete zituen arte aritu zen kontrabandoan. Epele baserria Arritxulotik gertu dago, Arditurriko meategien inguruan, mendiaren magalean, eta, Albisuren arabera, “Iparragirrek ederki ezagutzen ditu inguruko bideak, zidorrak eta pasabideak”. Albisuk nabarmendu duenez, Iparragirre izango da biharko protagonista, eta hark kontatuko du “nola ibiltzen ziren, zer eramaten zuten eta zer-nolako harremana izaten zuten beste kontrabandistekin, Lesakakoekin eta ingurukoekin”.

Testigantzak aprobetxatu

Horixe biharko mendi ibilaldiaren gai nagusia. Izan ere, zuzeneko testigantza horri eman nahi diote balioa Bidasoko Kontrabandisten proiektuaren bueltan bildu direnek: “Gehienbat 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan zentratu gara. Bizirik dira testigantzak eman ditzaketenak, eta horiek jaso nahi ditugu. Badakigu hemendik urte batzuetara jende hori ez dela izango, eta orduan gu bihurtuko gara haien kontakizunen kontalari. Hori da orain dugun altxorra, eta hori da gure proiektuaren barruan baliatu nahi dugun ekarpena”.

Azaldu duenez, ibilaldi osoan partaide guztiak ezingo direnez joan kontrabandistaren ondoan, kontakizunak ongi entzuteko moduan, gidoi labur bat prestatu dute euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, izena ematen dutenei banatzeko eta, modu horretan, azalpena norbere jatorrizko hizkuntzan jaso ahal izateko. “Kontakizuna euskaraz izango da, eta euskaraz ez dakien jendea joaten baldin bada, gidoi horrekin segitu ahal izango dio kontakizunari”.

Eguraldi aurreikuspenak betetzen badira behintzat, gau argia izango da biharkoa, ilargi betea lagun, eta, garai bateko kontrabandisten antzera, mendian gordeketan ibiltzeko aproposa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.