Gozatzeko espazioak lehia ordezkatu du; mahai bueltak, berriz, oholtza gaina. Martxan da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. 34. aldia du aurten, eta berrituta iritsi da, bai filosofian, baita formatuan ere. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea babesle dituztela, gazteek beste zeregin batzuk hartu dituzte oraingoan, bertsolari izatetik haratago: gai-jartzaile lanetan aritzeko izena emateko aukera izan dute.
Hilaren 7an ekin zioten txapelketari, eta, orain arte, “lan bikaina” egiten dabiltza. Hala ziurtatu du Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Hiru ataletan banatzen da jarduna: bertso paperak, saio didaktikoa eta bat-bateko kanporaketa. Berrikuntzetako bat bigarren horretan dator. “Eskolartekoa oholtza gainean egiteko antolatuta egon da; bertso paperak eta bat-batekoa zeuden. Erabaki genuenean bat-batekoan txikien sailean ez zela lehiaketarik egongo, egiten zutena zen goizean bertso paperetan parte hartu eta gero helduen saioa ikusi. Hutsune bat nabaritu genuen”. Gabezia hori betetzeko asmoz antolatu dituzte saio didaktikoak, hain zuzen. Horietan, idatzizkoan aritzen diren 14 urtez azpiko ikasleentzat hainbat saio eskainiko dituzte hamar bertso eskolatako lagunek. Gainera, inguruko bi bertsolari ere lagun izango dituzte.
Saio didaktikoak gehitzearekin batera, bat-batekoa ere berritu dute. Bost kanporaketa, bost elkartetan. Orain arte, oholtza gaineko saioak izaten ziren; aurten, baina, bertso afariak antolatu dituzte. “Bertso eskolatik oholtza arteko tarteko pauso bat bilatu nahi genuen, eta asmoa zen bertso jardunarekin gozatzeko aukera ematea”. Kantuan aritu baino lehen mahai beraren bueltan egoteak bide ematen die bertsolariei “elkar ezagutzeko, eta lasaitasun giro hori topatzeko”.
15 eta 18 urte bitarteko 34 bertsolari ari dira parte hartzen bat-batekoan; gaur izango da hirugarren kanporaketa, Zumarragan. Soraluze gustura agertu da arlo horretan egindako moldaketak izandako harrerarekin: “Aldaketekin lortu dugu erosoago kantuan aritzea, eta entzuleentzat ere giro goxo bat sortzea”.
Bertso paperetan, berriz, ohiko formatuari eutsi diote: hainbat herritako ikastetxeetako ikasleak elkartu, eta gaia emanda, epe jakin bat izango dute bertsoa edo bertso sorta osatzeko. Sail horretan lurralde osoko 956 ikaslek parte hartuko dute.
Askotan bertsolaritza bat-batekoarekin lotzen den arren, bertso paperen jardunak duen garrantzia gogoratu du Mikel Mendizabalek, Ikastolen Elkarteko kideak: “Bertso paperen presentzia eta eragina beti izan da bertsolaritzan. Idatzizkoa eta bat-batekoa elkarren osagarri izan dira historian, eta eskolartekoa martxan jarri zenean, bertso paperak izan dira abiapuntu neska-mutilentzat”.
Txapelketa osatzen duten hiru atalek duten garrantzia nabarmendu dute Soraluzek zein Mendizabalek; txapelketa osoak duena, oro har. Eskolartekoa “neska-mutilen akuilu eta motibagarri” da, Mendizabalen ustez. Soraluzeren arabera ere, “funtsezkoa da bertso eskolan egiten den lana plazaratzen hasteko”. 18 urtetik gorakoek plazan eta lehian aritzeko aukera handiagoa dutela dio Soraluzek, eta, beraz, eskolartekoa “gazteentzako esperimentatzeko espazio bat izan dadin” nahi dute.
Elementu guztiak kontuan
Bertso jardunetik haratago, badute beste helbururik: “Bertsolaria ez da bertsolaritzan garrantzia duen bakarra”. Kontuan hartu beharreko beste hainbat elementu ere aipatu ditu: gai-jartzaileak, saioen antolatzaileak, epaileak… “Ekosistema guztia elikatzen duten elementuei espazioa utzi behar diegu eskolartekoan esperimentatzeko, lantzeko eta garatzeko”. Horregatik, aurten lehenengoz gazteek aukera izan dute gai-jartzaile gisa izena emateko: bederatzi gaztek eman dute izena. Lehenik, formazio saio bat jaso dute, eta bigarrenean finalerako gaiak prestatuko dituzte.
Gipuzkoako finala Arrasaten izango da; eguna erabat zehaztu gabe dute. Mendizabalek azaldu duenez, beste berrikuntzetako bat finalean dator: Gipuzkoako finala lurraldeko bertso eskolen egunaren egitarauaren barruan sartuko dute lehenengoz. Egun horretan, bertso paperetan aritutakoek ere aukera izango dute euren lanak taularatzeko. Berdin gertatuko da Euskal Herriko finalarekin ere: Euskal Herriko bertso eskolen egunaren egitarauaren barruan egingo dute, Orion, ekainaren 21ean.
Leave a Reply