Amaia Urbieta da (Zarautz, 1996) aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren bat-bateko lehen kanporaketako garailea. Sei-zazpi urte daramatza lehiaketa horretan parte hartzen, eta hau izango du azken aldia. Kanporaketa martxoaren 7an jokatu zen, Zarauzko Urpekoak elkartean. Danel Olano getariarrari, Unai Sarasua zumaiarrari, Andoni Mujika urnietarrari, Jon Otegi oiartzuarrari eta Aitor Balerdi hernaniarrari gain hartuta, Urbieta zuzenean sailkatu da finalerako, eta gainontzekoek hurrengo saioen zain egon beharko dute.
Pozik al zaude?
Egia esan, ez zitzaidan iruditu saio bereziki ona egin nuenik, baina oso txarra ere ez. Neure buruarekin pozik gelditu nintzen, eta horren bila joan nintzen. Ez nuen miraririk egin, baina txukun aritu nintzen.
Zer iruditzen zaizu lehia formatuz aldatu izana?
Kantatu behar genuenok lasaiago egoteko eta geure artean lagunarteko giroa egoteko aldatu zutela uste dut, eta uste dut gure kasuan lortu zela hori. Egia da afari garaian kristoren tentsioa egon zela; nik ez nuen ia ezer jan. Lehen aldia zen giro horretako saio batean abesten nuela, eta urduri nengoen. Baina saioan bai, lasaiago; eserita geunden, eta jendea gure inguruan.
Egin beharreko lanak ere aldatu dira.
Bai, lehen egiten genuenari koplak gehitu zaizkio orain. Orain arteko formatua apur bat motz geratzen zen; bost bertsorekin bakarrik, zerbait gaizki irtenez gero ez dago konpontzeko tarterik, eta aho zapore txarrarekin geratzen da bat.
Nola joan zen zuen saioa?
Eskolartekoaren alde txarra da norbait ezinean ari denean publikoak ere sufritu egiten duela. Hori nabaritu zen gure saioan ere. Baina, bestela, formatu aldaketa horrek uste dut jendearen aldetik harrera ona eduki zuela.
Zerekin geratu zinen pozik?
Andoni Mujikarekin egindako kopletako ariketarekin. Gainera, trikitiarekin lagunduta egiten da, eta horrek bizitasuna ematen du; publikoarentzat ere polita izaten da.
Hain pozik utzi ez zintuen zerbait egon al zen?
Bakarkakoa ez zitzaidan oso ondo atera. “Gurasoak gau baterako kanpora joan dira, eta etxean geratu zara senide txikia zaintzen. Ez dizu kasurik egiten”, zioen gaiak, eta zurian geratu nintzen; ez nekien gaiari zer atera.
Beteranoenetakoa zinen. Zenbat aldiz parte hartu duzu eskolartekoan?
Bai, Unai Sarasua eta biok adin berekoak gara, baina gainerakoak gazteagoak. Helduen mailan [14-18 urte artekoan], lau alditan irten naiz dagoeneko; aurtengoa da azkena. Eta, txikien mailan, [13 urte artekoan] beste bizpahiru urtez parte hartu dut.
Lehiakideak ezagutzen zenituen? Norbaitek harritu zintuen?
Gehienak ezagutzen nituen; denok ezagutzen dugu elkar, beti berberak baikabiltza bueltaka. Batzuek lehen aldia zuten helduen mailan, baina ikusita neuzkan txikien mailan kantatzen. Normala da horiek urduriago egotea, eta igartzen zitzaien.
Zarautzen izan zen, Urpekoak elkartean. Herrian kantatzea gustuko duzu?
Berez, nahiago dut kanpoan kantatzea; urduri jartzen nau gertuko hainbeste jende inguruan izateak. Baina, beste aldetik, lagundu ere egiten du; ni bakarrik nintzen herrikoa, eta nire izena esatean oihu gehiago entzutea polita da.
Zein helburu dituzu finalerako?
Pozik geratu nahi dut; ez dut ezer espero, maila handia egongo dela badakit eta. Beti berberak gabiltzanez, gainerako finalistak ere lagunak izango ditut, eta igande polit bat pasatu nahi nuke.
Leave a Reply