Kaleko euskararen eta euskal literaturakoaren artean distantzia handia dagoelakoan dago Fernando Morillo idazlea (Azpeitia, 1974). Horri aurre egiteko prozesu bat behar dela uste du, “eta egiteko dagoela”. Hark sortutako Gaumin argitaletxeak apirilaren amaieran kaleratuko ditu irakurketa errazeko euskarazko lehen lau liburuak.
Nondik dator Irakurketa Errazeko liburuak kaleratzeko asmoa?
Beti izan dut kezka. Komunikatu egin nahi izaten dut, eta ohartzen nintzen euskal irakurle askori —gune erdaldunetan zein oso euskaldunetan— asko kostatzen zitzaiola eleberri normalak ere irakurtzea. Horri bueltaka, nire aldetik ari nintzen irakurketa errazteko ahaleginean. Baina gero jakin nuen Finlandian eta Suedian ohartu zirela gizartearen %30ak zailtasunak zituela irakurtzeko orduan: dislexia zutenak, bestelako kontu psikologiko edo fisikoak, etorkinen kasuak… Jende horrentzat irakurri ezin zituen ohiko liburuak edo haurrentzako liburuak soilik zeuden. Eta duela 30 urte Herrialde Katalanetan hasi ziren irakurketa errazaren metodoarekin. Hasiera batean, etorkinentzako hasi ziren, baina ohartu ziren herritarren artean orokorra zela irakurtzeko zailtasun hori. Hala, Blanca Matarekin kontaktatu nuen; sorpresa hartu nuen gurean ere bazegoelako irakurketa errazaren aukera, baina euskaraz ez zuen ezer. Argitaletxeetara jo arren ez baitzuen lortzen. Guri, berriz, iruditzen zaigu lehen aipaturiko herritar horiei guztiei edo Euskal Herrian alfabetatu gabeko hainbat belaunalditako jendeari eskaintzeko aukera ederra dela.
Zein ekarpen egin nahi duzue?
Ahalegina, behintzat, egin nahi genuke. Nahasgarri izan daitekeen edozer ulergarri bihurtzea nahi genuke. Batzuek diote idazteko orduan muga izan daitekeela; nik esango nuke tresna erraz bat dela eta idazteko aukera ematen duela. Marrazkilari bati arkatza emanez gero, kolorerik ez du izango, baina moldatuko da marrazkia egiteko. Baldintzatxo batzuekin lan egitea da; sortzaile gisa emozioa ematen dit era horretara lan egiteak, eta herritar gisa oso beharrezko tresna iruditzen zait. Egunero ikastetxez ikastetxe nabilela ikusten baitut hainbat gazteri ikaragarri zaila egiten zaiela euskaraz irakurtzea. Ez dakit zer irtengo den, baina irakurtzen gozatzen ez duen hainbati gozamenerako aukera eskaini nahi diogu. Euskaraz gozatzeko ohitura sortu, eta gero joan daitezela nahi dutenera.
Zerekin lotzen duzu hori?
Hainbat gauzagatik izan daiteke: jasotzen dugun informazio asko erdaraz dagoelako, ohitura hutsagatik, batua bera ere sortzen ari garelako… Ez dut arrazoi argirik ikusten, baina arrazoiak topatzeak baino gehiago kezkatzen nau egoera hori gainditzeak. Gogoan dut nire ama eta izebak ez zutela txikitan askorik irakurri, eta kioskoetako gaztelaniazko nobela sinple batzuekin irakurzaletasuna piztu zitzaiela, eta orain normaltasunez irakurtzen dute. Hori euskaraz ez da gertatzen. Oso literaturzale edo oso euskaltzale direnek soilik irakurtzen dute euskaraz, eta gainerakoek erdaraz.
Kale hizkuntzatik distantzia handira dago euskal literatura?
Uste dut hori dela izan dugun arazorik handienetakoa. Gaztelaniaz irakurri nahi izanez gero, badira nobela batzuk kale hizkeratik oso hurbil daudenak, eta badira oso urrun daudenak. Euskaraz, ez dago abaniko hori, eta jende ikasi askok ere ezin du euskaraz irakurri. Prozesu bat behar dela esango nuke, eta egiteko dagoela.
Askotariko herritarrentzat izan liteke. Zuek norentzat egingo duzue?
Guk, gehienbat, gazteekin egiten dugu lana. Eta esparru horretan, eskoletan, adibidez, handia da etorkinen kopurua. Blancak, berriz, zahar etxeen esparruan lan handia egiten du. Guk gozokia hor utziko dugu, eta hurbildu dadila gustatzen zaion edonor. Gu abiatu egingo gara, eta gainerako argitaletxeak jarraitzera animatzen badira, hobe.
Zein liburu izango dira?
Lau liburu izango dira, katalanetik euskarara ekarritako bi, batetik: Montse Floresen Rif mendietako ura eta Nuria Martiren Traizioa lakuan. Eta euskaraz idatzitako bi, bestetik. Flores eta Martirena kuriosoa da, baina biak irakasleak dira, eta euren teoriak ere irakurketa errazera egokitu zituzten. Euskarazkoetan, berriz, bat Ander Izagirre kazetari eta idazlearen Txernobil txiki bat etxe bakoitzean izango da; eta bestea neuk idatzitako Santiago Bidearen misterioa.
Zein berezitasun eskatu dizkizu irakurketa errazeko liburua idazteak?
Hasteko, oinarrizko hiztegia baliatu behar da: hitz arruntak, edonork ulertzeko modukoak… egitura aldetik, kontuz ibili behar da, askotan, ohartu gabe kargatu egiten dugulako. Euskarak baditu alde on batzuk, baina kontuz ibiltzen ez bagara, testuak konplikatu ditzakegu.
Bilduma zabaltzeko asmoa duzue?
Nahi genuke, jakina. Ea jendeak nola hartzen duen. Dagoeneko, irakasleen aldetik ari gara deiak jasotzen; hainbat ikaslerekin irakurketarako arazoak dituztela esaten digute. Nire hainbat liburu berez ere badira sinple samarrak, ahalegindu naiz ulergarri egiten; baina, hala ere, arazoak izaten dira leku euskaldun askotan, eta horrek harritu egiten nau. Espero dugu deiak iristen ari zaizkigun toki guztietara heltzea gure ekarpena.
Leave a Reply