“Haurrak beraien heziketaren parte izan behar dira”

Etxeko giroan eta modu naturalean sortutako proiektua da Kimutx, hazi batetik zuhaitz handi bat bihurtu dena. Nora Barroso (Errenteria, 1978) etxeko giro horretan zegoen, eta sortutakoa herriari itzultzen dihardu.

Kimutxek dagoeneko badu ibilbidetxo bat. Zer moduz joan da?

Kimutx auzolanean garatutako proiektu bat da. Euskal Herri osoko 40 pertsonek hartu dugu parte: Errenteria, Urepele, Oiartzun, Urruña, Gasteiz, Bilbo, Lesakakoek… Sorkuntzan du arnasa, bere taupada haurren begirunea da, eta bihotzean ditu ipuinak, kantuak, doinuak, jolasa, koloreak… Horrek guztiak bizia hartu du, eta elementu desberdinak sortu dira.

Gaiak mimoz landu ditugu, hainbat pertsonaren artean, eta gure artean ere harremana egon da. Adibidez, bertsolari batek aipatzen zuen kanta baten letran: “Aita eta ama ondoan gaituzu”. Bertsoa oso polita iruditzen zitzaigun, baina haur batzuek bi ama dituzte, bi aita, edo ez dute aita edo amarik. Bertsolariari proposatu genion aita eta ama erabili beharrean “maite zaituztenak” erabiltzea. Musikalki ere oso landuta dago.

Nola sortu zen proiektua?

Etxeko giroan hasitako proiektua da. Errenteriako bi amek zerbait eman nahi zieten beren alabei, eta kanta batzuk sortu nahi zituzten, euren sentsibilitatea transmititu nahian. Egunerokotasunean ematen ziren ekintzak musikaren bidez egin nahi zituzten: bazkaldu, jostailuak jaso, bainuaren ordua… Kontua hor hasi zen, baina ingurukoekin hitz egin, eta ekarpenak egiten hasi ziren. Etxean sortu zen hori etxetik ateratzen hasi zen. Poza hartu genuen.

Proiektua herritik sortu dela diozue, eta herriari eman nahi diozuela.

Etxeko giroan sortu zen, eta herri giroan hazi da. Ikusi genuenean kaleratzeko edo hobe esanda partekatzeko moduko material bat zegoela, beste gauza batzuetan hasi ginen pentsatzen, ilustrazioetan, esaterako. Hala, Eider Eibar artistarekin jarri ginen harremanetan, eta berak egin zizkigun ilustrazioak.

Horregatik, herriari bueltatzen diogu liburu eta disko moduan, baita webgunearen bidez ere. Dena doan jaitsi daiteke, eta edonork fotokopia dezake. Kaleratutako materialak kostua du, eta hori 18 euroan saltzen dugu. Bertan ipuinak, kantak… aurki daitezke; letrarik gabeko kantak ere badaude, beste hizkuntzetan edo nahi den bezala abesteko.

Haurrek nolako erantzuna izan dute?

Materiala ez da bakarrik haurrentzat, beraien inguruan mugitzen diren pertsonentzat da. Alde batetik, beraiek bakarrik erabil dezakete materiala: irakurtzen baldin badakite, edo kantak entzuten, margotzen dutenean… Txotxongilo txiki batzuk ere badaude mozgarrien bitartez, eta beraiek istorioak ere asma ditzakete. Bestetik, hori guztia euren ingurukoekin parteka dezakete. Familian goxatu daitekeen materiala da. Musika eskoletan ere erabil daiteke, partiturak ere badaudelako, eskoletan…

Sorreran zuen alabei balio batzuk transmititu nahi zenizkieten. Lortu al duzue?

Bai, gainera prozesu guztia bizitu dute. Ikuskizunean parte hartzen dute, kantatu egiten dute; nahi baldin badute, bestela ez. Baina gertatzen dena da nahi dutela. Azken batean, Kimutx etxean duten pertsonaia bat da.

Euskal mitologiakoak dira pertsonaiak. Zergatik?

Hemen ez dago ezer neurtuta, sortu dena sortu da belarra sortu den moduan, sortu behar delako, hor, toki horretan. Momentu batean pertsona batek aipatu zigun ipuinak sortzeko grina zuela, eta euskal mitologiara jo zuen. Lanketa bat egin zuen euskal mitologiaren inguruan. Pertsonaiak haurrak dira, Kataxulon biltzen dira, eta han, Amalurrekin biltzen dira zazpi pertsonaia horiek. Asteko egun bakoitzean beraien inguruko istoriotxoa kontatzen dute. Haurrak dira beraien istorioa kontatzen dutenak, eta guk ere hori sentitzen dugu, haurrak beraien heziketaren parte bat izan behar dira, haurrei ahotsa eman behar zaie, eta aldarrikapen hori badago hemen.

Ez da ezer aurrez pentsatuta egin, sortzen joan da zerbait. Beste norbaitek parte hartuko balu proiektuan, beste forma bat izango zuen, baina konbentzituta nago hau sortu behar zela, modu naturalean.

Aurrera begira, baduzue proiekturik esku artean?

Gauza desberdinak daude. Alde batetik, sortu dugun materiala dago, eta gure helburua hori transmititzea da; emanaldien bitartez Kimutx bizirik mantentzen dugu. Hemendik gutxira zerbait aterako da, baina oraindik ezin da kontatu, oso-oso proiektu polita da, gehigarria dena. Oso emozionatuta gaude. Nik nire gauzak baditut buruan, nire grinak, baina ez dakit hori aterako den. Kontua da konpartitzea, ea zer atera daitekeen eta ze tempo ditugun; azkenean bakoitzak familia dugu, beste lan batzuk ditugu… Orain, zer? Hemendik hilabete batzuetara aterako den proiektua badago hor, oso polita, eta gero joango dira gauzak sortzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.