Arrasate izan da azkena, baina haren aurretik Gipuzkoako beste 28 herri daude. Arrandegi eta harategietan sortzen diren paper eta plastikozko hondakinak murrizteko asmoz, Ontziratu zaitez kanpainarekin bat egin dute aipatutako herri horiek. Erosketak egitean plastikozko ontzi berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu nahi dute.
Astelehenetik aurrera jarriko dute martxan egitasmoa Arrasaten, udalaren eta Kutxa Ekogunearen eskutik. Herriko hamalau saltokik bat egin dute proposamenarekin, eta herritarren artean plastikozko 3.000 ontzi banatuko dituzte —gaur eta bihar, Seber Altube plazan—. Bakoitzak 0,5 euroko prezioa izango du; hala ere, ontzirik erosi nahi ez dutenek aukera dute etxean dituztenak erabiliz kanpainarekin bat egiteko. Beste hainbat herritan bezala, sei hilabete iraungo du kanpainak, eta, hilean behin, 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo dute erabiltzaileen artean.
Hernani izan zen egitasmora batzen lehena, 2011n. Geroztik, herriak eta dendak batzen joan dira, eskualde ugaritan: Donostia, Villabona, Usurbil, Deba, Pasaia, Elgeta… Dagoeneko 250 arrandegi eta harategi baino gehiago dira. Amaia Otazo Ekoguneko ordezkariak aste honetan azaldu duenez, “50.000 familiek erabiltzen dute ontzia beren erosketetan”. Haren arabera, hondakinak murrizteaz gain, “erosotasuna” dakar ontzi berrerabilgarriak erabiltzeak. Gainera, saltzaileentzako gastua murriztu egiten dela dio, modu horretan ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar.
Leave a Reply