Maialen Igartua
Dolarea. Horixe da Ezkioko Igartubeiti baserriaren bihotza. Baserriaren egitura bera dolarean dago oinarrituta. Hau da, dolarea eraiki zuten lehenik, eta haren inguruan baserria gero. Gaur egun pentsaezina izango litzateke hori, baina benetan esanguratsua da XVI. mendeko baserritarrak nola bizi ziren ulertzeko. Ordukoa da Igartubeiti, eta, 2001az geroztik, museo funtzioa betetzen du. XVI-XVII. mendeetako baserrietan nola bizi ziren erakustea da museoaren helburu nagusia.
Dolarea baserriaren erdigunea izateak bi gauza esan nahi ditu: sagardoa oso garrantzitsua zela garai hartako gizartean, eta inguruan sagar asko zegoela. Izan ere, Igartubeiti ez da salbuespen bat. Kizkitza Ugarteburu museoko teknikariak azaldu duenez, garai hartako baserri guztiek zuten dolare bat. Baserri guztietan egiten zuten sagardoa: urtean behin egiten zen, eta urte guztirako gorde. “Haientzat, sagardoa elikagaia zen; kontuan izan baserrian ez zutela urik, eta putzuetatik ekartzen zuten ura, ziurrenik, kutsatuta egongo zela”.
Igartubeiti baserrian familia bat bizi izan zen 1990eko hamarkadara arte. Ugartebururen esanetan, “oso baldintza gogorretan” bizi ziren, eta eraikina Gipuzkoako Foru Aldundiari saltzea erabaki zuten. Aldundiak zaharberritu egin zuen baserria, eta museo bilakatu. Urteak pasatu zituzten zaharberritze lanetan. “Dena desmuntatu zuten, eta, puzzle baten eran, berriro dena bere lekuan jarri”. Dolarea ia guztiz berritu behar izan zuten, nahiko hondatuta baitzegoen.
Zaharberritze lanak amaituta, 2001. urtean inauguratu zuten Igartubeiti baserri museoa. Aurten, hamabost urte bete ditu. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte baserrian bertan. Igartubeitin ederki ikus daiteke baserriek zein egitura zuten XVI. mendean. Horrez gain, orduko logelak, ukuilua, upategia, ganbara eta abar nolakoak ziren ikus daiteke. Eta, noski, egitura nolakoa zen jakinda, bizimodua ere nolakoa izan zuten ondoriozta daiteke.
Gerora, aldundiak inguruko lurrak erosi zituen, eta interpretazio zentroa ireki zuen baserritik ehun bat metrora; 2007an inauguratu zuten. Bertan, baserriko bizimoduarekin lotutako tailerrak egiten dituzte; batez ere, haurrekin. Bestalde, hainbat bideo ikusteko aukera ere badago. Bideo horietan baserriaren historia kontatzen da, eta baserriarekin lotutako hainbat kontzeptu azaltzen dira: maiorazkoaren esanahia, lihoaren garrantzia, erlijioa baserrietan…
Baserria, interpretazio zentroa eta… baratzea. Igartubeiti baserriaren kanpoaldean lursail txiki bat dute, barazkiak landatzeko erabiltzen dutena. Haurrentzat da baratzea. Tailer batzuk han egiten dituzte, baserriko lana nolakoa den ikus dezaten modu aktibo batean.
Urrian, Sagardo Astea
Aldundiak Igartubeiti zaharberritu zuenean, garbi zuen museo bizi bat nahi zuela. Hori dela eta, erabaki zuten urtero-urtero dolarea martxan jarriko zutela. Horrela hasi ziren Sagardo Astea egiten, urrian. Dagoeneko, museoko ekintzarik esanguratsuena bilakatu da. Aurten, urriaren 5etik 14ra egingo dute Sagardo Astea. Egun horietan, sagarra nola zanpatzen zuten ikusi ahal izango da, eta dolarea martxan jarriko dute. Kirikoketa emanaldiak ere izango dira, baita sukaldaritza tailerrak ere. Astebetez, baserriaren bihotza martxan izango da berriro ere.
Leave a Reply