2016ra arteko programazio iraunkorra indartzeko konpromisoa hartu du Pasaiako portuan ainguratuta dagoen Zoroen Ontziak. Herbehereetako jatorria dute ontziaren eskifaiako kideek, baina 2012ko abuztuan Pasaiara iritsi zirenetik jakin dute herritarrekin elkarlanean aritzen eta bertako errealitatearekin bat egiten. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan sartuko dute ontziaren eskaintza, eta astero-astero izango dira emanaldiak. Lehenak, asteburu honetan. Hasieran, bertako aktoreek ia astero egiten zituzten emanaldiak, baina orain kanpo eragileek ere presentzia handiagoa izango dute.
Zoroak errege, eta erregeak zoro. Mundua alderantziz. Esaldi horrekin laburbil daiteke ontziaren barruan senti daitekeena. Bufoien filosofiarekin eta satirarekin ikusten dute mundua, eta kritika irribarrearen bitartez egiten dute. Horretarako, eskifaiak sortutako ikuskizunak baliatzen dituzte, baina kanpotik etorritako artistentzako agerlekua ere bada ontzia. Frantziatik iritsi ziren Pasaiara 2012ko abuztuan, eta, ordutik, adin guztietako jendearentzako jarduerak egiteaz gain, “herria astindu” nahi izan dute. August Dirks Zoroen Ontziko kapitainak azaldu duenez, “burgesia mugiarazten” saiatu dira. “Inork esaten ez duena esaten dugu, eta denak negarrez ari direnean, gu irribarrez gaude. Clown ukitua dugu, baina bufoiaren ikusmoldearekin”. Ontzia gune irekia da edozein adierazpide artistikorentzat, eta ikusleak ere horren araberakoak izaten dira. “Donostiako burges heldua etortzen da hona, baita Oiartzungo edo Lezoko jende gaztea ere, esaterako”, zehaztu du Bea Insa eskifaiako kideak.
Inpaktua sortu zuen Pasaian Zoroen Ontziak. Bi aldekoa. Udalerrian, behintzat, denen ahotan izan zen kultur egitasmoaren etorrera, eta ontzikoentzat ere hasieran arraroa izan zen ainguratzea, Frantziako herri txiki batean egin zutelako azken eskala iraunkorra, eta, bat-batean, lagun baten gomendioz eta Donostia 2016koen laguntzarekin, ingurune urbano batera iritsi zirelako.
Zalantzak sortzea helburu
Gustura daude Pasaian Azart ontziko kideak. Izen hori du Herbehereetako bandera duen ontziak; “hortaz, ontzira ikuskizunen bat ikustera sartzen direnek esan dezakete Amsterdamen egon direla tarte batez, etxetik ia mugitu gabe”, adierazi du Dirks-ek. Eta Pasaian gustura egoteko arrazoia da herritarrek harrera egokia egin dietela ontziko kideei: “Adibidez, Bartzelonan egondakoak gara. Han dena handiagoa da, eta pertsonek eurena begiratzen dute batik bat. Hemen, Pasaian, ikusten da herria batuta dagoela, indarra duela, eta hori oro har Euskal Herriko gizartean gertatzen den gauza da”.
Ontziko kapitainak adierazi duenez, ontzikoak saiatzen dira herritarrengandik jasotzen dutena itzultzen: “Batetik, bertara etortzen direnei ez diegulako pasaporterik eskatzen, denak dira onartuak. Bestetik, saiatzen gara herriko jardunekin bat egiten”. Horren erakusle dira Pasai San Pedroko Proisa guneko kideekin dituzten harremanak, edo iazko martxoan Korrikaren lekukoa eraman izana.
Baina euren lanak emozioekin du harremana. Jakitun dira ontzian bertan ikuskizunak egitea, berez, erakargarri dela. Hori baliatzen dute jendea erakartzeko eta horietan emozioak sortzeko. Bea Insaren arabera, errepublika txiki bat da Azart. “Uste dugu ontziaren bitartez aukera dugula gure mezua edo ikuskizunak ematen dituztenen mezuak indartsuago helarazteko. Gure filosofia ibiltaria da. Ez gara lotura sakonen zaleak. Eta hori herritarrei arrotza edo, behintzat, arraroa egiten zaie, hemengo gizartea ez dagoelako horrela egituratuta”. Hori antzerkiaren, musikaren edo bestelako ikuskizunen bidez zabaldu nahi dute. Norberaren egoeraren gaineko gogoeta egitea nahi dute. Herritarrengan zalantzak sortu.
August Dirks-en esanetan, behar duten gauza bakarra da ontzia ainguratzeko toki bat. Lortu dituzten akordioen bidez, 2016ra arte Pasaiako portuan izango dute horretarako tokia.
Leave a Reply