Euskararen sufrimenduak eta pozak

Debekuak, zigorrak, itxierak. Askotarikoak dira urteetan euskarak jasan dituen erasoak. Dozenaka urte egin daiteke atzera adibideak aurkitzeko, edo hamar bat urte besterik ez. 1349. urterako debekatu zuten Hueskako azokan, hebreera eta arabierarekin egin zuten bezala. 1730ean, Beasaingo Udalak utzitako lekukotasunak zigorrak iragartzen zituen euskaraz hitz egiten zuenarentzat. Eta 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. “Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu”. Hala dio Arantxa Erasun Euskal Memoria Fundazioko kideak. Urteetan euskararen kontra egindakoa ezagutzera emateko, Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ibiltaria prestatu du fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zenbait udalekin elkarlanean. Dagoeneko ikusgai dago Oiartzunen.

Bereziki azken mendean euskararen aurka hartu diren neurrien zipriztinak bildu dituzte; dena den, traben gainetik, euskarak bizirik jarraitu ahal izateko sortutako mugimenduari bere lekua egin nahi izan diote. “Gauza bat da euskarak zer sufrimendu eman digun, baina poza ere eman digu. Euskara ilunpean egon da, sufritu dugu eta sufritzen ari gara. Hala ere, euskarari eutsi egin zaio, herritarrek horri eusteko mugimendu zabal bat antolatu dutelako”. Erakusketako hamahiru paneletan historiaren pasarteak jaso dituzte; zapalkuntzaz hitz egiterakoan, berriz, hamaika adibide: euskarazko liburuak erretzea, frankistek Tolosan egin zuten bezala; euskaraz ari ziren irratiak edo egunkariak ixtea, baita euskaraz egitea debekatzea ere. Edo administrazioan euskaraz hitz egitea galaraztea. Euskararen ezagutzaren bilakaeraren berri ere ematen dute: 1866an, %96,6 zen Gipuzkoan; 2001ean, berriz, %51,5.

Euskarari buruz ez ezik, euskaldunen bizipenez ere mintzo da erakusketa. Zigor Etxeburua aldundiko Euskara zuzendariaren hitzetan, “asko” hitz egin da euskararen normalizazioaz, baina ez hainbeste euskal hiztunen bizipenez: “Gure ikuspegitik euskaldunon bizipenek ezin dute jarraitu frustrazioaren bidetik. Normalizazio politikoaren garaian gaude, eta bere eskutik joan behar du normalizazio linguistikoak”. Dioenez, “funtsezkoa” da euskaldunek bizi izandakoaren berri ematea, bizipen “gaizto” horietaz jabetu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Irudiak eta solasaldiak

David Anauten Euskararen kate hautsiak liburuarekin heldu dio Euskal Memoria Fundazioak zapalkuntzaren gaiari, eta hori da, hain justu, erakusketaren oinarria. Baina, panelez gain, informazio hori beste hainbat euskarritan jasotzeko aukera ere izango dute bisitariek. Ikus-entzunezko baten bidez, zenbait lagunen testigantzak entzun ahal izango dira. “Aukera emango du ez bakarrik lekukotasunak entzuteko, baita emateko ere. Kontakizun hori egiten segitu nahi dugu, eta hori herritarrek egin behar dute”. Hori horrela, soka batean lekukotasun idatzien zatiak egongo dira, eta bertaratzen direnek aukera izango dute euren gogoeta zintzilikatzeko. Gainera, eskualdez eskualde mahai inguruak antolatuko dituzte; horietan ariko dira, besteak beste, zapalkuntzaren biktima izan direnak, hizkuntzaren urraketan adituak eta euskararen alde herrigintzan dabiltzanak.

Oiartzunek hartu du aste honetan erakusketa, udaletxeko pleno aretoan —igandera arte ikusi ahal izango da—. Irati Etxebeste Oiartzungo Euskara zinegotziak azaldu duenez, erakusketaren inguruan egitarau zabalago bat osatzeko proposatu diete udalei, eta haiek halaxe egin dute aste honetan: Oiartzueraren eta Memoria Historikoaren Astea prestatu dute. Horretan izan dituzte hitzaldiak, dokumentalak, antzezlanak… Aurrera begira, dagoeneko zehaztu dituzte hurrengo geldialdiak: maiatzean Zarautz, Donostia eta Arrasatera iritsiko da erakusketa; ekainean, Tolosa, Azpeitia eta Urola Garaian ikusi ahal izango da. Udazkenean helduko da Orio, Lasarte-Oria, Debabarrena, Goierri eta Debagoienara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.