Eskurik gabeko gizonak

Goizeko laurak, iratzargailuak jo du, uste dut ia-ia gorrotoak sortzen duen telekinesia bidez itzaltzeko gai izan naizela. Gutxi falta izan zait, baina kale egin dut, eskua maindire artetik atera behar izan dut azkenean, eta danba! Emandako astinduarekin zenbakitxoak dantzan jarri dizkiot etsai txiki goiztiarrari. Jaiki, eta neure burua txukundu beharko dut, gaur Murtzian dugu emanaldia; goizeko bostetan gelditu naiz lankideekin, Bilbora joan eta goizeko zazpietako hegaldia hartzeko. Nork esan du artista bizitza erraza dela? Ispiluaren aurrean jarri orduko konturatu naiz begi zulo horiek disimulatzeko adinako miraririk ez dela sortu oraindik, baina esperantza da galtzen den azken gauza, eta ahalegin barregarri batean xahutu ditut nire azken indarrak. Ispilu azpiko kajoitik kristalezko pote ñimiño atera dut, instant flash izenarekin, konbentzimendu osoz eman dut aurpegi osoan, kontuz, ukitu txikiekin. Eta tatxan-tatxan… lehengo aurpegi bera, begi zulo berberekin, eta 40 euroko urarekin blai eginda. Zein erraza dirudien edertasunak iragarkietan, bederatzi ordu lo egin ondoren pomelo zukua hartu duen 20 urteko modeloa pantailan ikusten dugunean, instant flash! Tira, mirarietarako fedea galdu dudanean, jantzi eta sukaldera noa; bertan hartutako kafesneak barrena goxatu dit, eta bakeak egin ditut kanpoko aldearekin ere.

06:10erako Bilboko aireportuan gaude, kontrola pasatzeko ilaran… beti umore txarrean jartzen naiz; iraingarria iruditzen zait pasarazten dizuten momentua, baina segurtasunagatik bada, izan dadila ba! Gaurkoan ere oinetakoak kenarazi dizkidate, “badaezpada”, diote. Zer uste dute daramadala zapaten barruan. Metraileta tolesgarri bat? Gero jakin izan dut droga trafikoa saihesteko begiratzen dituztela oinetakoak, barnean kokainarik-edo ez daramazula ziurtatzeko. Mesedez, munduko droga trafikatzailerik handienak txankletekin ateratzen dira beti albistegietan eta! Mekaguen...

Barre artean Murtziara iritsi gara, eta bertako 24 graduak aprobetxatuz terrazatxo batean eseri gara, garagardo hotz bat eta txin-txin, gauean egingo dugun emanaldiagatik! Isilik geratu naiz bat-batean, tabernako atean kartel bat ikusi berri dut lan eskaintza batekin: Se necesita MUJER para la limpieza. Idatzi dizuedan moduan irakurtzen da karteleko eskaera, mujer hitza letra handiagoekin nabarmentzea erabaki dute. Emakumea izatea derrigorrezkoa da? Gizonezkoek ez ote dituzte bi esku trapua eta erratza hartzeko, eta bi begi zikina non dagoen ikusteko? 2014. urtean oraindik ere halako aldarrikapenekin ibiltzeak lotsa ematen dit. Masailak gorritu zaizkit, eta goizeko begi zuloak aurpegiko suaren azpian desagertu dira. Argazkia atera diot kartelari, berriz ere halakorik ikusiko ez dudan itxaropenarekin, dinosauro baten hezurrei argazkia aterako banie bezala, sekula errepikatuko ez den momentu bat gorde nahian. Gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara nire seme-alabei argazki hori erakutsi eta esan ahal izatea, “begira, garai batean honelako pentsamenduak zeuden”, bitartean nire umeen aurpegietan harridurarik sakonena ikusten dudala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.