“%7 gehiago dira aitorpena euskaraz egiten dutenak”

Ibarrako herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea da kanpainari herrian jarri dioten helburua, Tomas Ugaldebere euskara teknikariaren arabera.

Zenbat denbora daramazue aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko kanpainarekin Ibarran?

Bost bat urte daramatzagu. Aurtengo kasuan, proposamena UEMAtik etorri zaigu eta filosofia horrekin bat gatozenez, kanpainarekin bat egitea erabaki dugu.

Zure uste zein garrantzia du errenta aitorpena euskaraz egiteak?

Azken batean, Ibarrako herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea da helburu nagusia. Errenta kanpaina aitzakiatzat hartuta, horretara bultzatu nahi ditugu herritarrak.

Asko al dira Ibarran errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak?

2012. urtean, adibidez, herritarren %20 inguruk egin zuten errenta aitorpena euskaraz. 2008an hasi ginen kanpainarekin, eta orduan, 328 lagun baino ez ziren hautu hori egin zutenak. Baina lau urtetan kopuru hori hazi egin da, herritarren %13tik %20ra pasa baikara. Kontentu gaude.

Jendea zuengana gerturatzen al da jendea zalantzekin?

Normalean, diru kontuak tarteko direnean, denok izan ohi dugu beldurra. Hona, udaletxera, inork ez du hots egin laguntza eske. Baina esan izan digute ogasun sailera deitu dutenean eragozpenik ez dietela jartzen azalpenak emateko.

Aurtengo kanpainarako helburua non jartzen duzue?

Printzipioz, informazioa emateko eskuorri bat banatu dugu etxez guztietara, aitorpena euskaraz egiteko jarraitu beharreko pausuak adieraziz. Beste urrats bat eman eta aurten 500eko kopurura iritsi nahi genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.