Fruta saltzailea da Peio Jauregi (Andoain, 1953). Ondo ezagutzen ditu azokak eta herrietako plazak, urte asko baitaramatza lanbide horretan. Atzetik datozen belaunaldiek, ordea, lanbideari ez diotela helduko iruditzen zaio eta saltzaileen ofizio hori galtzear dagoela.
Indarrak metatzeko beharrak bultzatuta, 1980ko hamarkadan sortu zuten Gipuzkoako Saltzaile Ibiltarien Elkartea. Gaur egun 74 bazkide ditu elkarteak. Guztira, 300 bat profesional saltzaile daude Gipuzkoan. Elkartearen Donostiako egoitzako ateak ireki dizkio Peio Jauregik Gipuzkoako Hitza-ri.
Noiz sortu zenuten saltzaileen elkartea?
Ziur esaten ez dakidan arren, 1980. urtean edo hamarkada hartan sortu genuen; dagoeneko, 30 bat urte daramatzagu lanean.
Eta zein beharrek bultzatuta bildu zineten saltzaileak?
Saltzaile lanetan ibiltzen ginenok ikusi genuen bazeudela hainbat gabezia. Denok genituen gure arazoak edo gure lehentasunak, eta bakoitzak bere aldetik jotzen genuen. Orduan pentsatu genuen: “Zergatik ez gara biltzen?”. Kanpoan, beste hainbat lekutan, baziren elkarteak. Galdetu, informatu, haiekin harremanetan jarri eta horrela sortu genuen gurea. Guk ideiarik ere ez genuen, baina bagenekien zer behar genuen, zer nahi genuen. Beraz, lan asko eginda eta ordu asko pasata, martxan jarri genuen hau guztia.
Gaur egun, zein da elkartearen egiteko nagusia?
Udal ordenantzak bateratzea da gure eskaera nagusia, eta ezartzen dizkiguten tasak negoziatzen pasatzen dugu denbora gehien. Azken batean, gure misioa da arazoren bat dagoenean bitartekaritza lanak egitea. Udaletan eskaeraren bat egin behar badugu, tasekin edo beste edozein konturekin arazoak baditugu, elkarteak konpontzen ditu. Saltzaileek elkartearen babes handia dute alde horretatik. Kasu bakanen batean izaten dira saltzaileen arteko ika-mikak, lekuagatik edo herri jakin batean egoteagatik… hori guztia ere kudeatzen ahalegintzen gara.
Nolakoak dira udalekin dituzuen harremanak?
Denetarik dago. Normalean ez da arazorik egoten, guk eskaeraren bat egiten badugu. Esan bezala, tasen kontuak ematen digu lan gehien. Ez dugu beti nahi duguna lortzen, baina guk leihoa irekita ikusten badugu, sartu egiten gara. Tasak zentzuzko arrazoiren batengatik igotzen direla ikusten badugu, onartu eta ordaintzen ditugu, baina gehiegizkoak badira, jaits ditzaten ahalegintzen gara. Saiatu, behintzat.
Eta saltzaile guztientzat al dago lekua zuen elkartean?
Eskatzen dugun bakarra da saltzailea eta autonomoa izatea. Elkarteko kide izateko, urteroko kuota ordaindu behar da; horrekin, elkarteak martxan irautea lortzen dugu. Besterik ez.
30 urteren bueltan, zein bilakaera izan du elkarteak sortu zenetik hona?
Hasieran oso kide gutxiren artean sortu genuen, baina, behin ofizialki erregistratuta berehala hazi zen. Garairik onenetan, 200 bat bazkide ere izan ginen. Orain, gutxiago gara: 74 soilik. Herri bakoitzak, edo azoka bakoitzak, bere arauak ditu. Lekuan lekuko betebeharrak, tasak… Hortaz, hori guztia kudeatzen ikasi behar izan dugu. Daukagun fama txarrari ere aurre egitea tokatu zaigu.
Zergatik diozu fama txarrarena?
Hala daukagulako! Elkartean hasieratik mantendu dugun irizpidea da gure saltzaileekin leialak izatearena. Txukuntasuna mantentzea, elkarren artean ondo moldatzea eta gauzak ondo egitea. Itxura ona eman nahi badugu, ahalegina egin behar dugu.
Lehendakari izan arren, saltzaile lanetan segitzen duzu. Nolako lana da?
Gurea galtzear dagoen lanbidea da. Ni goizean goiz jaiki eta tokatzen zaidan herrira joaten naiz nire mahaia jartzera. Gehienok postuak ditugu herrietan; tokatzen den lekura joan, eta eguerdira arte bertan egoten naiz. Ni ahalegintzen naiz produktuak bezperan erosten.
Zerk pentsarazten dizu lanbidea galtzear dagoela?
Nire kasuan, esaterako, erretiratzen naizenean ondorengoek ez diote lanbideari helduko. Elkartean ere ikusi besterik ez dago geroz eta bazkide gutxiago garela. Egoera ekonomikoa orokorrean ez dago ondo; gurean ere salmentak jaisten ari dira. Gainera, herri askotan ordaindu behar ditugun gehiegizko tasekin, azkenean ez da errentagarri irteten. Nork helduko dio ba lan honi?
Eta zuk nola uztartzen dituzu zure eguneroko lana eta lehendakariaren zeregina?
Elkartearen lana beharrezkoa da, iraungo badugu eta gauzak lortuko baditugu; hortaz, borondatez aritzen naiz lehendakari lanetan. Nik egunero lan asko izaten dut herriz herri ibili eta nire postua antolatzen. Ondoren, elkarteko lana dago, dedikazio handia eskatzen didana.
Borondatezko lana izanda, kobratu gabe egiten duzun lana izango da.
Nik ez dut zentimorik ere kobratzen lan horren truke. Pentsa, herriren batera edo bestera joan behar badugu erregaia zein bidesariak gure poltsikotik ordaintzen ditugu, emandako orduak zer esanik ez! Horrela egingo ez bagenu, ez zen posible izango; elkarteko bazkideon kuotarekin, Donostiako egoitzari eusteko adina ateratzen dugu. Elkartekoon lana beharrezko da saltzaileentzat.
Nola eragin dizue krisiak?
Orain dela 30 bat urte beste krisi gogor bat izan genuen, oraingoaren modukoa. Orduan jende asko hasi zen saltzaile gisa lanean. Zertan lan egin askorik ez zegoenez, lanbide honetan sartu zen asko eta asko. Orain jada badaramatzagu hamabost urte gainbeheran. Saltzaile asko izan gara, baina ekonomiaren egoera txarra dela eta, erosleak gutxituz joan dira. Egoera txarrak hartu gaitu, eta, hortaz, saltzaileak ere gutxitzen ari dira.
Leave a Reply