Eskolarteko txapelketako zortzi finalistak, erabakita

Bukatu dira Gipuzkoako 34. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketak. Zortzi bertsolari gazte hauek sailkatu dira 14 eta 18 urte bitarteko finalera: Eneko Araiztegi (Segura), Maider Arregi (Oñati), Jon Gurrutxaga eta Iñigo Ibañez (Azpeitia), Aratz Igartzabal (Gabiria), Paul Iruretagoiena (Ataun), Iraitz Mateo (Oiartzun) eta Amaia Urbieta (Zarautz). Finala Arrasateko Amaia Antzokian jokatuko dute, maiatzaren 25ean, 11:00etan.

Lehen aldiz, Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunaren barruan egingo dute eskolarteko finala. Bertso eskolen egunaren helburua da Gipuzkoako bertso eskoletako gazteek elkar ezagutzea eta elkarrekin egun ederra pasatzea. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian eskura daitezke. Herri ugaritatik jarriko dituzte Arrasatera joateko autobusak. Aurrerago jakinaraziko dute ordutegia.

Goizez, finala jokatu ostean, bakoitzak bere etxetik eramandakoa bazkalduko dute. Arratsalderako, berriz, Txatxilipurdi elkarteak jolasak antolatu ditu. Iaz, Pasai Donibanen ospatu zuten bertso eskolen eguna, eta 200 gaztetxotik gora elkartu ziren.

14 urte artekoetan, bertso paperen lehiaketari eutsi diete. Aurten, ordea, ez dute egin bat-bateko lehiaketarik. Horren lekuan, saio didaktikoak antolatu dituzte. 14 eta 18 urte artekoan ere izan dira aldaketak. Orain arte, oholtza gainean jokatu izan dira kanporaketak; aurten, berriz, mahaiaren bueltan kantatu dute gazteek, afari baten ondoren. Finalerako gaiak prestatzeko ardura hainbat bertso eskoletako gaztetxoek izango dute Egoitz Aizpuru eta Inaxio Usarralde gai-jartzaileen laguntzarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.