Eider Bereziartua
Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti film txekiarrarekin eman zion hasiera denboraldiari, Soreasu antzokian. Zumaiako Ostarrena zineklubak ere laster zabalduko ditu ateak; hain zuzen ere, urriaren 20an itzuliko da zinema aretora, Fusi film islandiarrarekin.
Gipuzkoak aspalditik du harreman berezia zinemarekin. Horren erakusleetako bat da urtero-urtero irailean Donostian egiten den Zinemaldia. 64. aldia izan da aurtengoa, eta urteotan milaka aktore eta film pasatu dira Donostiatik. Hala ere, zinemarekiko lotura hori Zinemalditik haratago doa. Zinekluben kultura oso hedatua dago lurraldean. Dozenaka herrik dute beren zineklub propioa; besteak beste, OZ zinema zinekluba daukate Errenterian, Zinetogram Azkoitian, Paradixu Zinema Zarautzen, Goieniz Beasainen eta Ongarri Elgoibarren. Gipuzkoako Zinekluben Elkartea (Giziel) ere badago, baina ez du ekintza askorik egiten. Ondorioz, ez dago Gipuzkoako zineklub guztiak jasotzen dituen zerrenda ofizialik.
Azpeitian eta Zumaian, esate baterako, urteetan egon da zinekluben kultura hori. “Guk 25 urte inguru daramatzagu zineklubarekin”, azaldu du Cruz Mari Manzisidorrek (Zumaia, 1969), Ostarrenako partaideak. “Lehenagotik ere bazegoen, baina zinema itxi zuten eta…”, jarraitu du. Maite Azpiazu (Azpeitia, 1983) Paradisu Zinema zineklubeko kidea da, eta gogoratu duenez, Azpeitian lehenengo zineklubak 30 urte-edo egin zituen, 2005. urtera arte. “Ondoren, Soreasu antzokia eraberritzeko itxi zutenean, hainbat lekutan saiatu ginen filmak ematen. Trantsizio urteak izan ziren”. Joan den urtean sortu zuten Paradisu Zinema, eta “berriz serio lanean” hasi ziren.
Zineklubetan “beste zinema eredu bat” eskaintzen dutela adierazi dute: “areto komertzialetan ematen ez dena” ikusteko aukera ematen du. “Ohituta gaude erritmo jakin bat duten pelikulak ikustera: beti hasiera, korapiloa eta amaiera duten filmak”, azaldu du Azpiazuk: “Gainera oso eredu estereotipatuak izaten dira”. Haren ustez, “errealitatearekin gehiago identifikatzen” diren pelikulak izan ohi dira zineklubetakoak: “Normalean arazo errealak lantzen dituzte, eta aktoreak ez dira izaten modelo itxurakoak, pertsona errealak baizik. Erritmoa ere makalagoa izaten dute”.
Zumaian, adibidez, film islandiar batekin emango diote hasiera urteari, eta, jarraian, Koreako pelikula bat eta Ingalaterrako bi emango dituzte. “Normalean ikusi ezin diren pelikulak ikusteko aukera ematen diegu herritarrei”, azaldu du Manzisidorrek. Azpiazu ere iritzi berekoa da: “Guk ematen ditugun pelikula asko ezin dira Euskal Herrian beste inon ikusi, edo areto gutxi batzuetan bakarrik. Gainera, film horietako asko ez dira DVDan ere irteten”.
Horregatik, Azpiazuk uste du zineklubek herriaren kultur eskaintzari “izugarrizko aberastasuna” ematen diotela: “Kulturaz ari garenean, zenbat eta gehiago, aniztasunaren alde da”. Manzisidor ere uste berekoa da: “Zinema aretoari bizia ematen dio zineklubak. Filmak asteburuetan bakarrik ematen badira, eta, bi edo hiru pelikula txoro tokatzen badira, jendea ez da joaten zinemara”. Bi zinema zaleek garbi daukate herri txikietan film horiek ikusteko aukera izatea “luxua” dela. “Ez dakit zineklubak beharrezkoak diren, baina ederra da zinema ona ikusteko aukera izatea”, azaldu du zumaiarrak.
Bai Azpeitian eta bai Zumaian, ostegunetan izaten dira zineklub saioak. Bi astean behin egiten dute emanaldia, eta horiek “launaka-edo” programatzen dituzte. Taldeko partaideen artean aukeratu ohi dituzte filmak bi zineklubetan. “Geure artean hitz egiten dugu zer ikusi dugun edo zer entzun dugun, eta horren arabera aukeratzen ditugu”, azaldu du Manzisidorrek. “Interesatzen zaizkigunak zerrenda batean apuntatzen ditugu guk, eta, gero, horien bila hasten gara. Batzuetan,ordea, ez ditugu aurkitzen”, gehitu du Azpiazuk.
Aukerak egiten dituzten taldeak, ordea, “ez dira itxiak”; eta herritarren iritzia jakin nahi dute. “Zinekluba gara, baina ez daukagu zineklub txartelik. Bilerak irekiak dira, eta nahi duena etortzeko libre da”, Manzisidorrek esan duenez. Azpeitian ere “feedbacka” lortzen saiatzen direla azaldu du Azpiazuk: “Pelikularen emanaldiaren ondoren, solasaldia egiten dugu, eta, bertan, jendeari galdetzen diogu ikusi nahi dituzten pelikulen berri. Hala ere, ez dugu inoiz proposamenik jaso”.
Hezkuntza falta
Zineklubek eskaintzen dituzten pelikulak ulertzea zaila dela esan ohi da, gutxi batzuen esku dagoen zerbait dela. Manzisidor eta Azpiazu ez daude ados horrekin. “Gure pelikulak ez dira zailak, ukitu berezia daukate, baina istorioak sinpleak dira”, azaldu du zumaiarrak: “Nire ustez, zinema ona bada, ez du axola nongoa edo nolakoa den”. Azpeitiarraren ustetan, “umetatik era bateko kultura kontsumitzera” ohitzen dute jendea: “Haurren ipuinetatik hasita, guztia patroi berekoa da, eta bat-batean hori aldatzea oso zaila da. Jendea pixkanaka ohitzen da honetara, baina, behin ohitutakoan, oso gustuko izaten du. Normalean gai interesgarriagoak eta sakonagoak lantzen dituzte”. Ostarrena zineklubean, ordea, ez dute “oso zinema esperimentala” ematen. “Hor ez gara sartzen”, esan du Manzisidorrek: “Jendeak nahi duenaren eta guk nahi dugunaren artean erdibideko puntu bat bilatzen saiatzen gara”.
Hala ere, ikus-entzunezkoen munduan “hezkuntza falta handia” sumatzen dute zinemazaleek. “Gaur egun, ikus-entzunezkoetatik eta sare sozialetatik elikatzen dira gazteak, eta beharrezkoa da horietan trebatzea. Lan handia dago egiteko”, dio Azpiazuk. Manzisidorrek gaineratu duenez, “Urbileko zinema aretoetan zer dagoen ikustea besterik ez dago” horretaz ohartzeko: “Filmik onena saio bakarrean ematen dute; larunbatean 00:00etan, adibidez. Bestalde, lau aretotan ikus daiteke Los pitufos se van de marcha… Jendea krispetak jatera joaten da zinera”.
Eskoletan landu beharko litzatekeen zerbait dela uste du zumaiarrak: “Adibidez, filmak jatorrizko bertsioan ikusi beharko lituzkete, bai ingelesez, bai frantsesez, eta baita txineraz ere. Zineklubetik ari gara pixkana hori egiten, baina dena ezin dugu guk egin”. Azpiazu ere iritzi berekoa da. “Ez gara ohartzen bikoiztuta zenbat galtzen dugun. Azpidatzietara ohitzen garenean, aktoreen lana ere beste era batera baloratzen dugu. Hasperenek eta hitzak ez direnek ere beste balio bat hartzen dute”.
Azpeitiarra, ordea, haratago doa, eta uste du film horiek eskolan irakasteko erabili beharko lituzketela: “Iaz, Zineklub Eguna egin genuen, eta haurrentzako pelikula izugarri bat eman genuen. Eskolan industria iraultza lantzeko erabili beharko lukete”. Hark argi dauka: “Zinema plazera da, aisia da, baina hezkuntza tresna handia ere izan daiteke. Gauza handiak egiteko erabil daiteke, beste eredu batzuk ikusteko, beste kulturak ezagutzeko, beste errealitateak ulertzeko eta abar. Ez dut uste egiten denik”.
Leave a Reply