“%7 gehiagok egin dute aitorpena euskaraz”

Ibarrako herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea da kanpainari herrian jarri dioten helburua, Tomas Ugaldebere euskara teknikariaren arabera.

Zenbat denbora daramazue aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko kanpainarekin Ibarran?

Bost bat urte daramatzagu. Aurten proposamena Uemak egin digu, eta filosofia horrekin bat gatozenez, kanpainarekin bat egitea erabaki dugu.

Zure ustez, zein garrantzi du errenta aitorpena euskaraz egiteak?

Azken batean, Ibarrako herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea da helburu nagusia. Errenta kanpaina aitzakiatzat hartuta, horretara bultzatu nahi ditugu herritarrak.

Asko al dira Ibarran errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak?

2012. urtean, adibidez, herritarren %20 inguruk egin zuten errenta aitorpena euskaraz. 2008an hasi ginen kanpainarekin, eta orduan, 328 lagunek baino ez zuten egin euskaraz. Baina lau urtean kopuru hori hazi egin da, herritarren %13tik %20ra pasatu baikara. Kontentu gaude.

Jendea zuengana gerturatzen al da zalantzak argitzera?

Normalean, diru kontuak tartean direnean denok izan ohi dugu beldurra. Hona, udaletxera, inork ez du hots egin laguntza eske. Baina esan izan digute Ogasun Sailera deitu izan dutenean eragozpenik ez dietela jartzen azalpenak emateko.

Aurtengo kanpainarako helburua non jartzen duzue?

Printzipioz, informazioa emateko, eskuorri bat banatu dugu etxez etxe, zeinak aitorpena euskaraz egiteko jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen. Beste pauso bat eman eta aurten 500eko kopurura iritsi nahi genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.