Errolda oztopo izan ez dadin

Ikerne Zarate

Erroldatze soziala abiatzea galdegin dio Irungo Udalari Korapilatuz Bidasoaldeko Bitartekotzarako Erakundeen eta Profesionalen Espazioak. Neurri horren bidez, gizarte laguntzak, osasun txartela eta justiziarako sarbidea eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen ez dituztenen egoerari erantzun nahi diote.

Errolda egitea “traba gaindiezina” bilakatzen da etxebizitza batean bizi ez diren pertsonentzat, eta nahiz eta errolda legeak dioen edonor errolda daitekeela bizi den tokian, zubi bat izan edo auto bat izan, ez da horrela gertatzen errealitatean. Halako egoeretan bizi direnen kasurako, errolda soziala edo itxurazkoa egitea eskatu die Korapilatuz-ek gizarte zerbitzuei.

Eskaera ez da berria. 2014. urtean, Bidasoaldeko eragile, elkarte eta norbanakoez osatutako espazioak proposamen zehatza egin zion Irungo Udalari, Mario Gomez Erletxea kolektiboko eta Korapilatuz-eko kideak esan duenez: “Hala ere, ez dugu oraindik erantzun baliagarririk jaso”. Egindako proposamenean hainbat aukera bildu zituzten: “Lehena eta oinarrizkoa udalak erroldarako sarbidea erraztea da; gero, udalak erroldatze sozialerako edo fikziozkorako eremu publiko bat behar dutenen eskura jartzea, jantoki sozialean edo eraikiko duten aterpetxean; eta, azkenik, udalak ez badu eremu publiko bat horretarako jarri, herriko gizarte elkarteetan erroldatzen uztea eta baliozkotzat ematea”.

Erantzuna jaso zuten: udalean gaiaren gainean “lanean” ari direla. “Politikoki zuzena izan da erantzuna, baina ez baliagarria. Horregatik ari gara berriz ere erroldatze soziala abiatzeko eskatzen”.

Ebazpena, epe laburrean

Bi urteren ostean, ez dute oraindik lortu eskaera egia bihurtzea, baina, azken erantzunaren arabera, badirudi epe laburrean helduko dela udalaren ebazpena: “Ez dago epe jakinik, eta eskaera lehenengoz egin genuenetik hauteskundeak eta kargu aldaketak izan dira tartean. Badirudi hilabeteetako kontua izango dela, baina ez digute zehaztu eperik. Bitartean, halere, lanean jarraituko dugu eskaera egia bihur dadin”. Ez dakite zein izango den udalaren erantzuna, baina egingo duen proposamenarekin egoera horretan bizi diren pertsonen arazoari aterabidea ematea espero dute.

Hainbat zerbitzu jaso eta hainbat eskubide izateko, errolda ezinbestekoa dela ekarri du gogora Gomezek: “Laguntza sozialak jaso ahal izateko beharrezkoa da; hezkuntzarako, justiziarako eta beste hainbat arlotarako ezinbestekoa. Hura baduzu, eskubide batzuk dituzu. Ez baduzu, berriz, ez duzu eskubiderik”.

Bidasoan erroldatu gabe bizi diren lagunen kopuru zehatzik ez dute. Kopuru bat ematea ezinezkoa dela esan du Gomezek: “Korapilatuz-en parte hartzen dugun elkarte eta eragileon esperientziek ematen dizkiguten datuen arabera ari gara lanean. Egoerak ezberdinak dira, eta erroldarik gabe izateko arrazoiak, askotarikoak pertsona horien artean. Pertsona eta egoera bakoitza ezberdina da. Datu objektiboak izatea oso zaila da. Gainera, errekurtsorik gabeko pertsona guztiek ez dute jotzen erakundeetara edo elkarteetara laguntza eske”.

Erroldatu ahal izateko baldintzei amaierarik ez duen burokrazia gehitzeak pertsona horien egoera are gehiago zailtzen duela salatu du Gomezek: “Burokraziak izugarri moteltzen du prozesu guztia. Irtenbidea, ideala gainera, egoera horretan dagoen jendeak HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetara jo eta bertan erroldatzeko aukera izatea litzateke”. Gaineratu du Korapilatuz-ek ez duela ezer berririk asmatu, “legeak jasotzen duena baino ez”: erroldatze eskubidea bermatzea Irunen bizi diren herritarrei.

Halako esperientzien berri baduten galdetuta, Donostia aipatu du Gomezek: “Donostiako Udalak erroldatze soziala egiten du inongo arazorik gabe. Azken batean, eta aurretik aipatu dudan bezala, errolda legeak aurreikusten du erroldatze soziala. Hori aurrera eramateko nahikoa da ongizate zerbitzuek aldeko txosten bat egitea, eta pertsona horrekin esku hartzea egiten ari direla”.

Erabakia luzatzeak erroldarik gabe bizi diren lagunen egoerari kalte egitea dakarrela argi du Korapilatuz-eko kideak: “Pertsona horiek ezin dute hilabeteak eman zain, ezta egun bakar bat bera ere, haien eguneroko egoera oso gogorra delako. Zailtasunari itxaropenik eza gehitzen badiogu, eta horri blokeo burokratikoa, gogorragoa egiten ari gara beren egoera”.

Erabakia, publikoa

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate Saileko arduradun Sergio Corchonek esan duenez, azterketa “azken txanpan” dago, eta eperik ez badu jarri ere, luze gabe udalak ebazpena jakinaraziko duela dio. Publikoki jakinaraziko dute hartutako erabakia.

Gaiaren gainean Gizarte Ongizatea, Errolda, zerbitzu juridikoak eta Udaltzaingoa elkarlanean ari direla azaldu du. Euskal Herrian dauden erroldatze sozialaren gaineko esperientziak ere aipatu ditu: “Bilbon eta Donostian egiten dute erroldatze mota hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.