“Xenofobiaren kontra gizarte osoak egin behar duela sinisten dugu”

E. Goenaga Lizaso

Foru aldundiaren laguntzarekin, SOS Arrazakeriak bigarren Berdin sarea jarriko du martxan Debagoienean, Oiartzualdean urtea egin eta gero. Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakerorekin (Urnieta, 1970) hitz egin du Hitza-k horri buruz.

Nondik dator SOS Arrazakeriaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hau?

Legealdia hasi eta berehala sinatu genuen Oiartzualderako hitzarmena, SOS Arrazakeriak egindako proposamena oso interesgarria iruditu zitzaigulako hasieratik. Bai haiek eta bai guk xenofobiaren kontra gizarte osoak egin behar duela sinisten dugu, eta horretarako ezinbestekoa dela kolaborazio publiko-pribatua —pribatuaz ari naizenean, elkarteez-eta ari naiz, modu zabalean—, instituzioetatik bakarrik ezin zaiolako arazoari aurre egin.

Oiartzualdekoa programa pilotu gisa jarri genuen martxan, eta Debagoienekoa ere hala da. Ikusiko dugu urtebetean zer ematen duen, eta horren arabera nola jarraitu behar dugun lanean.

Nola gauzatzen da bien arteko elkarlana?

Guretzat garrantzitsua da bai udalekin eta bai Gipuzkoan dagoen elkarte sarearekin kolaborazio estua izatea. Kolaborazio publiko-pribatua esaten dugunean, kontuan hartzen dugu Gipuzkoan giza eskubideei lotutako elkartegintza oso indartsua dugula, eta horri balioa eman behar diogula. Guk horien kolaboratzaile izan nahi dugu. Hala, diruz laguntzen dugu programa pilotu hauek martxan jar daitezen, eta gero herri horietako udalek, elkarteek, herritarrek, egin behar dute aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako lan hori. Haiek dira, beste inork baino hobeto, herriko egoera ezagutzen dutenak, diskriminazioa antzeman dezaketenak.

Diskriminazioa detektatzea, salatzea, ezagutaraztea, sentsibilizatzea dira Berdinen helburuak. Hor zein egiteko gelditzen zaio aldundiari?

Guk baliabideak jartzen ditugu egitasmoak aurrera egin dezan. Diskriminazioa antzeman eta tokian tokiko lana udal eta elkarteek errazago egingo dute guk baino; baina sentsibilizazioak garrantzi handia izango du hurrengo hiru urterako lantzen ari garen planean, eta horretarako oso baliagarria da Berdin. SOS-ekin jarraipen bilerak egiten ditugu, kontaktu zuzena daukagu, eta gure intentzioa da bilera horiek zabaltzea, Berdinen inguruan biltzen diren elkarte eta udaletara. Guk nahi duguna da ondo-ondo ezagutzea eta baloratzea eskualde horietan zer egiten den, eta zerk funtzionatzen duen eta zerk ez; eta, horren arabera, gure planak eta gure lanak norabide bat edo beste har dezake.

Hiru urterako plan bat aipatu duzu…

Bai, zuzendaritza honek lan zabala egin du bakegintzari lotutako bizikidetzan, baina aniztasunaren gaia ere oso garrantzitsua da. Izan ere, aniztasunak diskriminazio pila bat eragiten ditu; ez bakarrik jatorriari lotutakoak, baita ideologia, genero, sexu orientazio edo sinesmenari dagozkionak ere, eta migrazioak horietako asko bakarrean bil ditzake. Hortaz, zuzendaritza honetatik aniztasunaren eta bizikidetzaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako plan bat diseinatzen ari gara, hurrengo hiru urteetarako, eta horrek bete-betean egiten zuen bat SOS Arrazakeriak aurkeztutako asmoarekin.

Oraingoz, Oiartzualdean eta Debagoienean egongo da Berdin. Pentsatzen dut lurralde osora zabaltzeko bokazioa duela.

Bai, guk asmo horrekin egiten ditugu akordio hauek. Dena den, egonkortasun bat izan behar badute, ikusi beharko dugu aurrera begira nola garatu behar diren, lankidetza nola gauzatu behar den, udalek sartu behar duten edo ez… Eskualde bakoitzak behar ezberdinak izan ditzake, arazo ezberdinak, eta etorkizunera begirako gauza asko definitzen joango gara bi bulego hauetan ateratzen ditugun ondorioetatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.