30 urtetik gora daramatza Lalla Sakina Ouafak (Maroko, 1979) Urretxun, eta herritarrek ondo tratatzen dutela dio. Baina elkarbizitzarako “erabateko errespetua” ezinbestekotzat jotzen du.
Noiztik bizi zara Urretxun?
Jaio nintzen urtean, Marokotik Herbehereetara joan ziren nire gurasoak, eta, han hiru urte bizi ostean, Euskal Herrira etorri ginen, eta, ordutik, Urretxu eta Zumarraga artean bizi izan naiz.
Nola hartu zaituzte urretxuarrek?
Ongi. Ni pertsona liberala naiz; nahi dudana egiten dudala esango nuke. Gainerakoak errespetatzen ditut, eta, beraz, ni ere errespetatzen naute. Naizen bezalakoa naiz, eta hala onartzen naute. Garbi erakusten dut ez zaidala axola zapia eramatea eta jendeak horretaz pentsa dezakeena, eta, beraz, jendeak ere garrantzia kentzen die gauza horiei. Gainera, uste dut beste herri batera joango banintz ere ez nukeela arazorik izango. Jendeak hasieran itxuragatik epaitu zaitzake, baina gero izateko moduagatik epaitzen zaitu, eta hori zeure esku dago.
Zein dira etorkinok dituzuen behar garrantzitsuenak?
Emakumeen kasuan, esaterako, hizkuntza ikasteko beharra nabarmenduko nuke. Berdintasun arloko teknikarien laguntza jasotzen dugu horretarako, eta ekarpen handia egiten digute. Udalak ere ahal duena egiten du. Horrez gain, emakume musulmanok geure gunea ere behar dugu; hemengo emakumeekin alderatuta, ohitura oso ezberdinak ditugu, eta, horiek partekatzeko, elkarrekin egoteko, hitz egiteko eta beste, geure gunea izatea gustatuko litzaiguke.
Hain justu, emakume musulmanen taldea ere sortu duzue Urretxun.
Behin taldea sortuta, hizkuntza ikasteko borrokan murgildu naiz ni neu, eta gaztelaniako klaseak jasotzen ditugu; oinarrizkoa iruditzen zaigu. Herriotan bizitzeko, komunikatzen ikasi beharra dugu emakumeok, eskolara joateko, erosketak egiteko eta horrelakoetarako ezinbestekoa baita gaztelaniaz jakitea. Euskaltegira ere emakume asko joaten dira; aurten, esaterako, pila batek eman du izena. Beste egun batzuetan, elkartu, eta hitzaldiak eta eztabaida foroak ere egiten ditugu. Hasi berriak gara, eta ez dakigu zer irtengo den. Baina egitasmo polita da; alde batetik eta bestetik datozen laguntzei geuk dugun gogoa gehituta, gauzak egiten ari gara poliki-poliki.
Zer iruditzen zaizu Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren lana?
Iaz egindako ekintzek arrakasta handia izan zuten: kulturen azokak eta etorkinon nahiak agertzen zituzten bideoek, esaterako. Aurtengo ere ideia asko ditugu.
Zer-nolako garrantzia dute ekintza horiek?
Jatorri ezberdinetakoak izanda ere, harmonia onean bizitzen irakasten laguntzen digute halakoek. Izan ere, nik sarritan entzuten ditut “integratu egin behar duzu” hitzak, eta ni integratuta nago, baina neure erara. Jendeak ulertu behar du integratuta egoteko ez dudala bertakoen erakoa izan behar. Horregatik, uste dut errespetuan oinarritutako elkarbizitza egin behar dugula. Hemengo guztiak ere ez dira euren artean berdin-berdinak; bakoitza den bezala onartu behar dugu, ez inork nahi duen bezalakoa izaten saiatu.
Urretxuko etorkinok zein erronka dituzue epe luzera begira?
Gustatuko litzaidake erabateko errespetuz bizi ahal izatea, emakume musulmanok asko sufritzen dugu eta. Etorkin asko gaudela errealitate bat da, eta hori onartu egin behar dugu.
Leave a Reply