Orain gutxi argitaratu du Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Ikuspegik, 2013ko urtekaria. Immigrazioari eginiko ohiko hurbilketa estatistikoaz gain, azken edizioetan urtekariak immigrazioaren hainbat alde aztertzen dituzten zenbait adituren artikuluak dakartza. Txosten mamitsua da, beraz, Ikuspegirena, patxadaz irakurtzea merezi duena. Aurtengoaren izenburuak edukiaren gako nagusia ematen digu: Immigrazioa eta krisiaren eragina. Krisiak etorkinengan duen eragina luze eta zabal jorratzen da txostenaren 550 orrialdeetan.
Nik, ordea, immigrazioarekin zeharkako lotura duen beste gai bati buruzko kapitulua ekarri nahi nuke hona: gurtza zentroen inguruan Bilbon sorturiko eztabaidari buruz Eduardo J. Ruiz Vieytez irakasleak idatzitakoa. Bilbon gurtza zentroen inguruan sorturiko eztabaida, segur aski, Euskadin aniztasuna ulertu eta kudeatzeko dugun ikuspegiari egin zaion test esanguratsuena izango da. Eta aitortu behar dugu test horretan nota kaxkarra lortu dugula.
Gogora dezagun gertaturikoa: irailean Bilboko Udalak erabaki zuen aurrerantzean etxebizitza eraikinetan ezingo zela otoizlekurik jarri. Hainbat eragilek salatu zuten —baita Bilboko alderdi sozialistak eta Bilduk ere— araudi berria baztertzailea zela, helburua meskitak hiriguneetan irekitzea galaraztea zelako. Iñaki Azkuna alkatearen curriculumean ez da gertaera loriatsuenen artean oroituko egun hartakoa: alkatea gaixo zegoenez, jeltzaleek eztabaida atzeratu zuten hilabeteetan; eta, azkenik, Azkuna gurpil aulkian ikusi genuen aretora sartzen, araudia aldatzeko ezinbestekoa zen bere botoa ematera.
Eztabaida horrek gizarte aniztasunak eremu publikoan izan behar dituen ondorioekin du zerikusia. Ruiz Vieytezen hitzetan, “gizarte baten aniztasuna nabarmena den heinean, gizarte horrek berregokitu egin behar ditu gune komunak edota horien erabilera”. Erlijio musulmana gure gizartearen osagaia denez, gu guztion —musulmanak barne— espazio publikoaren erabilera ahalbidetu beharko zaio erlijio horri. Bestalde, eskubide kontuez harago, gai horren inguruan harturiko erabakiek eragina izango dute gizarteak zer den gurea edo zer den normala ulertzeko duen moduan ere.
Txostenak Bilbon gertaturikoa Suitzan 2009an minareteak galarazteko egin zen erreferendumarekin lotzen du. Sakon-sakonean, integrazioari edo bazterketari buruzkoa izan zen bozketa hura, eta bestea gure altzoan hartzeko ezartzen ditugun baldintzei buruzkoa. Bozketaren emaitzak, Suitzan eta Bilboko udalbatzan, aldaketa sozialaren aurrean dugun beldur sakonaren adierazpide izan ziren. Espazio berriak edo desberdinak —meskitak, adibidez— arrotzak begitantzen zaizkigu; ez da antza “naturala” aldi berean suitzarra eta musulmana izatea, edo euskalduna eta musulmana. “Gure” gizartean integratzekotan edo gurera moldatzekotan, ez dago asimilazioa beste biderik.
Bilbon gertaturikoa konpondu eta beste lekuetan berriz halakorik gertatzea galarazteko modua Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez gurtza zentroen patata beroa udalei kentzea izango da. Hori da, gainera, naturalena, hiritar bezala dagozkigun eskubideei buruz ari garenez. Eusko Jaurlaritzak gai horri heltzeko asmoa erakutsi du. Aurreko legegintzaldian egin zen saio bat, baina lege aurreproiektua ez zen legebiltzarrera iritsi. Orain arte emandako irudia eta zabaldutako mezu kaltegarria zuzendu lezake lege horrek, baina Bilboko eztabaidak aniztasuna aitortu eta kudeatzeko gure gizarteak dituen zurruntasunak azaleratu ditu. Eta hori aldatzeko, legearekin batera, eztabaida publikoan parte hartzen duten eragile guztien konpromisoa beharko da.
Leave a Reply