Aste Santuan telebistan ikusi ditut prozesioetako irudi batzuk; zer gertatu da aurtengoan?, hiruzpalau Ama Birjina erortzen ikusi ditut gizon kuadrilla sendo batek pausoz pauso garraiatutako aldare astunaren gainetik. Danba! Ama Birjina bat muturrez aurrera; eta danba! Hurrena bestea ere lurrera. Elizako santuen artean bake-bakean utzi besterik ez eta 1.500 kiloko andrea pasioan ateratzearekin tematzen dira urtero; ez dut sekula ulertuko.
Baina gertaera horiek pentsarazi egin didate, aizu; espainiar estatuan Ama Birjinek lehenago botatzen dute euren burua, politikari aldrebesek baino. Kolore guztietako adibideak darabilzkit buruan saltsan, baina ezin denak azaldu; eta, gaurkoan, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esandako hitzekin dantzatuko ditut hatzak ordenagailuko teklen gainean. Aurtengoan, unibertsitateko ikasle bekadunentzat 300 euro gutxiago izango dira dirudienez. Hezkuntza Ministeriokoak unibertsitate ikasketak ordaintzeko prest omen daude, baina ez “gazteei ikasteagatik ordaintzeko”.
Diru laguntza horiek lortu ahal izateko betebeharrak ere zorrotzagoak dira orain: Werten esanetan, 6,5 baino nota baxuagoa ateratzen duen ikasleak unibertsitate ikasketak uzteko aukera aztertu beharko luke. Primeran, Wert, baina orduan erabil ezazu zuk ere ekuazio berbera: espainiar estatuaren %80k gorrotatzen zaituenean, ez al da ministro izateari uzteko garaia? Unibertsitatean ikasteko 6,5etik gorako notak eskatzen dituzte, eta Hezkuntza ministroa izateko hiru neurona —horietatik bat tontoa eta bestea motela— izatearekin nahikoa da. Ulertzen duenak azalduko al dit, arren?
Maiatzean sartu berriak gara, eta unibertsitateko ikasle asko buru-belarri arituko zarete liburu, apunte, kafe eta koloretako errotulagailuen artean. Atzo goizeko kontua balitz bezala gogoratzen ditut garai haiek oraindik. Badator azken ebaluazioa, ekin gogor, eta eman egurra bidean oztopoak jartzen dizkizueten agintari ezjakinei. Eta 6,5era iristen ez den ikasle horri ere esango nioke Hezkuntza ministroak baino jakituria handiagoa duela, bai unibertsitatean eta baita larunbateko mozkorraldirik handienaren ondorengo ajean ere. Ezjakinez betetako herria nahi dute, inor kontura ez dadin egunero sorrarazten duten sarraski isilaz. Lotsa zer den jakingo balute… baina horretara ere ez dira iristen.
Leave a Reply