“Oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan”

Mailua eta beharrezko tresnak eskuan hartu eta oinetakoak konpontzen eman du ia bizitza osoa Jesus Mari Martinez Txiki-k (Urretxu, 1963). 18 urte zituela hasi zen zapatari lanean, eta dagoeneko 33 urte daramatza ofizio horretan. 1981. urtean Urretxuko zapata konpontzaile bat erretiratzera zihoala eta, hari hartu zion erreleboa. “Hasieran, gauza gutxi nekien lanbide honen inguruan, baina, pixkanaka ikasten joan nintzen, eta gustatu egin zitzaidan ofizioa”. Urteetako eskarmentuak mota guztietako oinetakoak konpontzeko aukera eman dio. “Gehienetan betiko konponketak egiten ditut: tapa berriak jarri, zolak aldatu…”. Oraindik, ordea, joaten zaizkio inoiz egin ez dituen konponketak eskatzera: “Oinetako konpontzaile batek horrelakoetan erakutsi behar du bere trebezia eta artea”.

Bere kabuz aritu zen hasieran, eta 1995. urtean lokal bat hartu zuen bere emazte Loli Arestizabalekin batera. Oinetakoak konpontzeaz gain, askotariko zapatak saltzen dituzte bertan. Oinetakoak konpontzen Martinez aritzen da; oinetakoak saltzen, berriz, Arestizabal. Gehien saltzen dituztenak egunerokoan ibiltzeko oinetakoak dira. Horiez gain, saltzen dituzte festetarako abarkak eta abarketak, etxeko zapatilak, mendiko botak eta katiuskak ere. Gainera, horiei lotutako hainbat osagarri ere badituzte: lokarriak, barne zolak, betunak, kolore guztietako tindagaiak…

Konponketei dagokienez, poltsak, gerrikoak, aterkiak, errematxeari dagozkion gauzak eta beste hainbat gauza ere konpontzen ditu Martinezek, baita larruzko berokietako kremailerak eta botetako kremailerak ere. Oinetakoen kasuan, zapatak josi, tapa berriak jarri, zola aldatu, oinetakoak tindatu… Ia-ia denetik egiten du. Eguraldi ona hasten denean edo beroa egiten hasten denean oina apur bat zabaltzen denez, ohikoa da bezeroek oinetakoen orkoiak konpontzeko eskatzea. Askotariko bezeroak igarotzen dira bikotearen dendatik, baina, azaldu dutenez, dendara batik bat emakumezkoak joaten dira.

Martinez jarduera horretan hasi zenetik, zapatak konpontzeko teknikak ez dira asko aldatu. Horretarako erremintak ere ez, baina bai erabiltzen dituzten produktuak. Kolak, betunak, barne zolak, larruak, plastikoak eta beste asko hobetu dira azken urteetan. Oinetakoak egiteko erabiltzen diren materialetan ere aldatu dira kontuak, baina txarrera: “Ofizio honetan hasi nintzenetik, oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan”. Garai batean oinetakoak egiteko materiala orain baino hobea zela uste du Martinezek: “Kalitatearen galerak eragina dauka oinetakoetan; eskasagoak errazago apurtzen dira. Orain, segituan hausten dira oinetako gehienak, eta jendeak horiek konpondu nahi izaten ditu zakarretara bota beharrean”. Zapatariaren esanetan, gaur egungo oinetakoak erabiltzen hasi eta egun gutxira pitzatzen hasten dira, edo zola altxatu egiten zaie gaizki itsatsia dagoelako. Oinetako konpontzailearen lanean eragin zuzena du oinetakoen kalitateak. Material onarekin egindako oinetakoak konpontzen dituenean, luzerako irauten dutela dio; aldiz, material eskasa duten oinetakoak konponduta ere, segituan apur daitezkeela.

Bezeroei, azalpenak argi

Bezeroek agindutako lanak “ahalik eta txukunen” egiten saiatzen da urretxuarra. Konpon daitezkeenak bai, behintzat. Zenbaitetan, ordea, bezeroek guztiz hondatuta dauden oinetakoak eramaten dizkiote. Konpontzerik merezi ez duela ikusiz gero, gauzak argi esatea gustatzen zaio: “Batzuetan, larrua erreta edo zolak erdi ustelduta edukitzen dituzte oinetakoek; horrelakoetan bezeroari aurrekontu bat egiten zaio, baina, hala ere, argi esaten diot agian ez duela merezi oinetako horiek konpontzea”. Lan gehien neguan izaten du: “Eguraldi txarrarekin edo euriarekin gehiago hondatzen dira oinetakoak”.

Oinetakoak erosterakoan kalitateari begiratzea gomendatzen du oinetako konpontzaileak. Horretaz gain, orpoa jartzeko zatia gogorra izatea, oin punta egonkorra izatea eta oinetakoaren estalkiari begiratzea ere garrantzitsua da haren ustez. “Gehiago balio dute, baina gehiago irauten dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.