“Dolua bizitzari dago lotuta, heriotzari baino gehiago”

Aulki hutsak heriotzari eta doluari buruzko euskarazko dokumentala da. Aulkia hutsik utzi duenaren ikuspuntua baino gehiago, haren senideen zein lagunen sentipenak jaso ditu Iñaki Peña zinemagile eta medikuak (Burgos, Espainia, 1971). Barne medikuntza da Peñaren espezialitatea, eta zainketa aringarrien arloa landu du bereziki. Dokumentala Euskal Herriko hirietan zein herrietan aurkezten ari da, baina bazter guztien artean berak “loturarik estuena” Debagoienarekin duela dio: Peñak hamar urtez lan egin du Arrasateko Ospitalean, eta orain Zumarragako Ospitalean dabil, etxeko ospitaleratzeen sailean.

Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Orain zazpi urte, gure aita hil zen. 64 urte zituen, eta ni dokumentalean zuzenean hitz egiten agertzen ez banaiz ere, gure aitarena hor dago beti. Hor daude Donostiako etxea, txokoa, haren izena, Lesakako hilobia… Lan hau egin dudanerako neure dolua borobildua nuela esango nuke, nahiko itxita. Baina gure amak bi aldiz ikusi du, eta balio izan diola esan dit; batik bat, aita ez dela itzuliko jabetzeko.

Filma doluari buruzko testigantza bilduma al da?

Bai, doluari buruzko istorio bilduma txiki bat da. Aldi berean, heldulekuak eta zertzelada teoriko batzuk ere ematen ditugu. Aditu batzuk agertzen dira, Euskal Herrikoak denak. Batzuek profesional moduan eta beste batzuek sendatzaile nahiz zauritu moduan hitz egiten dute. Guk, sendatzaileok, doluaren gaiari buruzko teoria transmititzeaz gain, barren-barrenetik ateratzen zaiguna ere adieraz dezakegu. Heriotzak guztioi eragiten digu, guztioi joan zaigu norbait edo joango zaigu. Zaurituen testigantza ugari dago. Gehienek, gainera, baiezkoa eman zidaten lehenengoan.

Heriotzaren aurrean helduleku gutxi dagoela esango al zenuke?

Bai. Ez da gai horiei buruz hitz egiten, eta, hitz egiten ez denez, ez dira existitzen. Baina hor daude. Guk dokumentalean helduleku batzuk eman nahi izan ditugu.

Familia batean eta lagunarte batean aulki bat husten da. Gero zer?

Prozesu bat hasten da. Prozesu hori beti da mingarria, laburragoa izan edo ez. Horrez gain, dolua beti da ezberdina, beti baita norberarena, eta faktore askok baldintzatzen dute. Niretzat oso garrantzitsua da heriotza zerk eragin duen: gaixotasun luze batek, istripu batek, suizidio batek… Adinak ere zeresan handia dauka, hil dena pertsona gaztea edo umea izan den, geratu dena nerabea edo heldua den… Guk dokumentalean bi esperientzia oso gogor hain gogorrak izan ez diren beste bi bizipenekin kontatzeko ariketa egin dugu. Edonola ere, maite duzun norbait galtzea beti da gogorra.

Zein helburu ditu filmak ikusleei dagokienez?

Dolua eta heriotza ikusgarri eta entzungarri egin nahi ditugu. Finean, gaiari buruz hitz egiteko gonbita da. Dolua geratzen garenona da, eta bizitzari dago lotuta, heriotzari baino gehiago. Film hau joan direnen omenaldia da, baina geratu garenontzat da.

Baina dolua ez da bakarrik heriotzaren aurrean egiten, ezta?

Ez, dolua edozein galerari lotuta dago, hala bikotekidearen galerari nola zango baten galerari.

Zein da zainketa aringarrietako mediku baten jardunaren ardatza?

Hiltzear daudenei heriotza ona eskaintzen saiatzen gara. Enpatia sortzen bada, lana ongi egin dugun seinale da. Gure jardunean ez dago eutanasiarik, baina lagungarri diren beste bide batzuk badaude, lasaigarria ematea, adibidez. Pazienteak berak ezin badu hitz egin, familiaren baimena ezinbestekoa da. Pazienteak hitz egin ahal badu, eta lasaigarria emateko baimena ematen badizu, hori guretzat Everestera igo eta parapentean botatzea bezala da, bion arteko elkar ulertu itzelaren emaitza baita.

Egun errukiak ez dauka agian ospe handirik, baina zuk beharrezkotzat jotzen al duzu?

Oinarrizkoa da. Gure lanean ezinbestekoa da entzutea. Batzuetan medikuarena egin behar dugu, bestetan apaizarena, baina beti izan behar dugu entzule. Agian, paziente batek inori bizitza osoan kontatu ez diona zuri kontatzen dizu joan aurretik, eta hor egon behar duzu entzuteko.

Gaia lantzen duen euskarazko lehenengo dokumentala da.

Doluari buruz film asko egiten ari dira azken urteetan: La stanza del filio [Nanni Moretti, Italia, 2001], My Life Without Me [Isabel Coixet, Kanada-Espainia, 2003], Les invasions barbares [Denis Arcand, Kanada, 2003], Mar adentro [Alejandro Amenabar, Espainia, 2004]… Dokumentalak ere agertu dira. Alma-k [Jose Javier Perez, 2012] Mikel Trueba bizkaitarraren bizitza kontatzen du; alboko esklerosi amiotrofikoa zuen, eta orain gutxi hil da. Cuidadores dokumentala ere itzela da, Oscar Tejedor legazpiarrarena. Biak, hala ere, gaztelaniaz egin dituzte. Katalanez dago, berriz, alzheimerrari buruzko Bicicleta, cullera, poma, Eduard Boschena [2010]. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta gaiari buruz euskarazko dokumentala egiteko gogoa sortu zitzaidan.

Orain dokumentala aurkezten ari zara, eta ikusleen erreakzioen lekuko zara bertatik bertara. Zer jasotzen ari zara?

Dokumentala eman ondoren solasaldia egiten dugu, eta ikusleei hitz egiteko gogoa sortzen diela konturatu gara. Lagun batek esan zidan filmean hitzekin, isiltasunekin, musikarekin eta paisaiekin ederki islatu ditugula sentimenduak zein bizipenak. Orain artean, Gasteizko eta Bergarako emanaldiak izan dira parte hartzaileenak. Foro espezializatuetan ere egon gara. Guztien artean, dena dela, Oñatiko aurkezpena izan da bereziena. Niretzat herri kutuna da Oñati, hango paziente ugari izan dudalako. Emanaldi hunkigarriena izan da. Euskal Herrian ez gaude ohituta emozioak azaleratzen, baina Oñatin ederki erakutsi zituzten. Eskerrak estreinaldia ez genuela han egin, bestela marra pasatu izanaren sentipena izango genuen, eta filmaren diskurtsoa buruarekin idatzita dago, bihotzetik asko duen arren.

Dokumentalaren mezua positiboa dela esango zenuke?

Geratu garenontzat den heinean, mezua positiboa da. Doluaren nahiz heriotzaren erraietara jo gabe, lan dotorea da. Protagonista batek dioen bezala, “zein inportantea den dotoreziaz bizitzea dotoreziaz hiltzeko”.

Zein izan da Aulki hutsak dokumentala egiteko prozesua?

2012ko Gabonetan bonbilla piztu, eta iazko Gabonak baino lehen Elgetan aurkeztu genuen. Gidoia idazten hiru hilabete eman nituen. Aldez aurretik buruan neukana entzun nituen testigantzekin aberastu zen. Iazko maiatzean hasi ginen filmaketarekin. Lehenengo Iruñean eta gero Bilbon ere aritu ginen. Bilbo nire hiria da, eta Zazpikaleetan grabatu genuen, etxetik gertu. Bilbo klasikoa aintzat hartu nahi genuen, ez hainbeste Guggenheim museoaren Bilbo berritu hori. Dena dela, dokumentala nahiko gipuzkoarra atera zaigu, testigantza gehienak Debagoienean jasota daudelako eta Eskoriatzako Arteman ekoizpen etxea produkzio lanak egitera animatu zelako. Urrian, grabaketa amaitu, eta muntaketari ekin genion. Iban Toledo errealizadore ordiziarra ondoan izan dut hasieratik amaierara arte, eta harekin zinemagintza barru-barrutik ikusi dut.

Zinemagile egin zara?

Muntaketa lana zoragarria izan da. Film bat nola egiten den ikusi eta ikasi dut. Ikusle zein zale izatetik egile izateko pauso hori liluragarria izan da. Irudiak moztu, soinua gehitu eta doitu… Toledo lankideari hura magia egitea zela esaten nion.

Nola bihurtzen da mediku bat zinemagile?

Beti gustatu zait idaztea eta irakurtzea. Dokumentalaren gidoiarekin oso pozik geratu naiz; puzzle handi bat osatzea bezala izan da. Orain, urtetan ereindako ortuak, nahikoa euri eta eguzki izpi jaso ondoren, fruitua eman du.

Musikak ere badu bere lekua.

Bai. Aukeratu dugun musika guztia euskal musikariena da. Denak Ez dok Amairuren ondorengoak. Ruper Ordorika, Gari, Anari, Gorka Urbizu eta Pettiren abestiak jarri ditugu.

Lau atal ditu dokumentalak; zeintzuk?

Mina, haserrea, data bereziak eta itxaropena. Amaieran epilogo bat dago Pettiren abesti batekin, eta epilogoan ez daude bakarrik kredituak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.