Osabarengandik datorkio ile-apaintzaile lanbidea Mari Karmen Sagastumeri (Amasa, Villabona, 1960). Umetan oso gogoko ez bazuen ere, gaztetan hasi zen ile-apaintzaile lanetan: “15 urte nituela hasi nintzen lanbidea ikasten. Eskola amaitutakoan, osabak galdetu zidan ea ile-apaintzaile ofizioa ikasi nahi nuen, eta harekin hasi nintzen ikasten”. Ondoren, beharrezko ikasketak egin zituen Donostian; orain, 38 urte daramatza Villabonan, osabaren ile apaindegian. Ordutik, milaka laguni moztu die ilea.
Haurra zenean ez bezala, gaur egun oso gustuko du egiten duena. Gizonekin lan egiten du bereziki; normalean hilabete eta erdi edo bi hilabetetik behin joaten dira ilea moztera. “Emakumeak ere etortzen dira noizbehinka, baina, orokorrean, gizonak dira bezero nagusienak”. Ilea moztu ez ezik, tratamenduak ere egiten ditu batzuetan: “Osabarekin lan egiten nuenean tratamendu edo tindaketa gehiago egiten genituen, baina orain, bakarrik lan egiten dudanez, ilea moztera mugatzen naiz gehiago”.
Amasakoak azaldu duenez, honako hau da ile-apaintzaileen lanerako oinarrizko materiala: guraizeak, orraziak, ilea garbitzeko produktuak, ileak kentzeko zepiloak eta lepoan jartzeko papera. Hasierako urte haietatik gaur egunera lana izugarri aldatu dela dio; “Garbitasunari dagokionez, bereziki aldaketa handiak izan dira”.
Gainera, ile apaintzaileen lana modari zuzenean lotuta dagoen ofizioa da; modak aldatzen diren heinean, ile apaintzaileen lanak ere aldatuz joaten dira. Horregatik, ikastaroak egin behar izaten dituzte, moda aldaketen aurrean berritzaileak izateko. Dena den, mozketa klasikoak dira gehien egiten dituenak, tarteka gauza arraro samarrak eskatzen badizkiote ere. “Orain, oso modan dago gandorra eramatea, hainbat gaztek eraman nahi izaten dute, baita batzuetan umeek ere”. Askotan, kirolariren baten edo bestelako ospetsuren baten orrazkera egiteko eskatzen diote: “Gazte mordoak eskatzen du Realeko [Antoine] Griezmann futbolariaren gandorra. Cristiano Ronaldoren orrazkera ere eskatu izan didate batzuek, baina Real Madrilgoa denez gutxiagok eskatzen dute hori”, dio, barrezka. Orain ile motzaren tendentzia dagoela uste du; patilla finak eramateko joera aspaldikoa dela, eta oraindik ere horrela eramaten direla.
Ezkontzen gorabeherak
Jaietarako eta ezkontzetarako lan asko egin izan du: “Garai batean, lan handia egiten genuen ezkongaiekin; orrazkera xelebreak egiten ziren orduan, lehorgailuarekin eta orraziarekin orraztu eta laka mordoa botatzen zen. Orain, ordea, orrazkera informalagoak eramaten dira ezkontzetan. Ezkontza egunean, ezkongaiari ilea pixka bat txukundu eta ile gogortzaile pixka bat ematen zaio”. Beste hainbat kasutan gertatzen den bezala, egun berezietan bezero gehiago izaten ditu ile apaintzaileak. “Urtezahar edo Eguberri garaian jende mordoa etortzen da. Baita Aste Santuaren aurretik, jaunartzeetan eta bestelako egun berezietan ere”.
Emakumearekin lotu izan da itxura asko zaintzearen fama, baina gizonek ere asko zaintzen dute euren burua gaur egun. “Batzuk ideiaren batekin etortzen dira, baina ez dakite zehatz zer nahi duten, eta aholkuak ematen dizkiet”.
Ohitura aldaketak
Garai batean ordurik hartu gabe joaten ziren bezeroak ile apaindegietara, eta iritsi ahala esertzen ziren bertan. “Lehen, sekulako lasaitasunarekin esertzen zen jendea zain egoteko”. Bost bat pertsona elkartzen zirenean, bakoitza bere istorioekin hasten zen kontu kontari; “Oso giro polita sortzen zen”. Orain, aldiz, hori aldatu egin da, eta ilea mozteko bezeroek ordua eskatu behar dute: “Ez dago zain egoteko pazientziarik, hamar minutu ere ez. Denbora hori itxaron behar duela esaten badiozu ere ez da eseriko hemen zain egotera. Beste zerbait egitera aterako da, eta hamar minutu barru bueltatuko da”.
Hala ere, zain egon behar duenarentzat aldizkariak izaten ditu ile apaindegian. Ez dago, baina, orrazkeren edo modaren ingurukorik: “Hemen ez daukagu ia modako aldizkari bakar bat ere. Gizonezkoek ez diete kasu handirik egiten ile apaindegietako aldizkariei. Gurean txirrindularitzako aldizkariak, egunkariak… izaten ditugu, eta horiek irakurtzen dituzte”.
Leave a Reply