Zinean garbitegiak bazter arras interesgarri bezala erakusten dizkigute beti. Han bizi dituzte ezkutuko maitaleek erromantze supersonikoak. Han garbitzen ditu kulpaz kutsaturiko trapuak hiltzaile metodikoak. Deslekuetan desordutan zabalik egoten dira bizimolde irregularra daramatenen (daramagunon) bilgune horiek. Renatok eta biok ez daukagu ikuzgailurik Neckarstrasse 11n. Garbitegira joaten garenetik bizitako erromantzeen zenbaketa hutsean daukagu, baita ebatzitako krimenena ere. Abentura gosez jarraitzen dugu, hala eta guztiz ere. Gaueko hamaikak dira. Motxilak hartu, eta bagoaz asteko gobada egitera —eskerrik asko, Maialen Lujanbio—.
“Tok-tok” jo behar izan diot kristalean atea zaintzen dabilen neskatoari. 5 bat urte izango ditu, beltza da eta txirikorda polit-politak ditu, pistatxo koloredun begizta jostalariekin. Aitatxo dirudiena eta haren adiskide bat eskuoihalak tolesten ari dira. Lanez gainezka dabilela azaldu dio lagunak; ondo doakiola, baina asteburuetan ez duela jakiten zer egin. Berlinen ez du ia inortxo ezagutzen, eta etxean ematen ditu orduak eta orduak, aspertuta. Solte ari dira alemanez biak ala biak. Badira Renato eta ni baino gehiago behintzat.
Ez daude makina asko libre; bulgariar kuadrilla batek martxan dauzka gehienak —ezagutzen ditugu, Boddinstrassekoak dira—. Laneko arropak kiloka ekarri dituzte, eraikuntzan eta erabiltzen direnen modukoak. Kalean apain edo dotore azaltzeko nahiago dute markako txandala eta zapatila eta lepoko distiratsuak luzitu. Ozen egiten diote desafio elkarri, bultzaka. Aspaldi koskortuak dira —baten bat aitona, ziur—, baina institutuko nerabeak dirudite.
Zentrifugazioak 45 minutuko programa agortu du. Orgatxoa bete eta lehorgailuen bila abiatzerako, agure turkiar bat guk utzi makinak betetzen hasi da, maindirez betetako zakua zabalduta. Egundoko txiza kiratsa darie. Hain da sarkorra, ze Renatok eta biok geratzen zaizkigun hogei minutuak kalean ematea beste irtenbiderik ez dugu ikusi.
Badirudi errutina filmen misterioari gailendu zaiola aste honetan ere. Renato eta biok zirrarari leihotxoak zabaltzen abilak gara, ordea. Kotoizko (100%, poliesterrik ez) galtza gorriak handitxo datozkit aspaldian. Estutze aldera, 95 gradutara garbitu ditugu lehenik, eta orain lehorgailuaren programa beroenarekin dantzan ari dira, buelta eta buelta kalejira bertikalean. Galtza gorriak berriz noiz jantziko desiratzen nago, baietz berriro ederki egokitu.
Hasieran ez zion batere graziarik egiten, baina orain Renato bat dator nirekin. Momentuz behintzat, hobe garbigailurik erosten ez badugu.
Leave a Reply