Lasarte-Oria
Dinbi Banda aisialdi elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren eskutik, Euskal Herriko II. Batukada Topaketa egingo dute Lasarte-Orian, bihar. Egun osoko festa izango da, eta Hego Euskal Herri guztitik etorritako hamar taldek herria erritmoz beteko dute.
Jaiaren bigarren aldia berrikuntzaz beterik dator; festa parte hartzaile eta herrikoiagoa izango da aurtengoa. Programazio zabalagoa izango du, gainera: goizetik gauera arte perkusioa izango da nagusi.
Honako talde hauek parte hartuko dute batukada topaketan: Dinbi Banda (Lasarte-Oria), Buruntzantzan (Urnieta), Taupada (Donostia), Zo Zongo (Errenteria), Kaleanbatu (Iruñea), Beriba eta Kumbalaye (Gasteiz), Batukale (Bilbo), Batukotx (Otxandio) eta Zaparrada (Zornotza).
Egitaraua 11:00etan hasiko da. Ordu horretan, batukada taldeak auzoz auzo ibiliko dira kalejiran. 11:30ean, haurren tailerrak hasiko dira Okendo plazan. Batukada erritmo sinpleak eta abesti labur bat landuko dituzte haurrek. Ondoren, 12:30ean, tailerrean ikasitakoarekin emanaldi bat eskainiko dute. Taldeen bazkariaren ondoren, arratsaldean, ekitaldi nagusia izango da. 18:30ean hasiko da, eta Ibon Fernandez eta Maider Gorostegi Gaztea irratiko esatariek aurkeztuko dute. Ekitaldi horretan, aurtengo saioan parte hartuko duten hamar taldeek saio bat egingo dute; banaka ariko dira lehenik, eta, amaieran, denen artean batukaden topaketaren erritmoa joko dute.
BATUKADA TOPAKETA
Noiz. Bihar, 11:00etan.
Non. Okendo plazan.
Leave a Reply