Apirilaren amaieran astebete igaro dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan Tolosaldeko hainbat udal ordezkarik. Tartean, hango bi herrirekin senidetu diren Orexa eta Amasa-Villabonako hautetsiak. Hango egoera hobeto ezagutzeko joan dira Tindufera, eta basamortuan alde batetik bestera ibili dira, daira-z daira.
Zer dira daira-k? Nolakoak dira errefuxiatuen kanpalekuak?
ENEKO MAIOZ. Banaketa geografikoak dira. Guztira, bospasei daira daude, eta gero bakoitza hemen eskualdeak liratekeen eremu txikiagotan dago banatuta.
NORA URBIZU. Guztira, 200.000 herritar inguru bizi dira kanpalekuetan. Eta, orain, geroz eta jende gehiago bizi da. Izan ere, Siriak eta Kubak jada ez dituzte hango ikasleak hartzen, eta, beraz, gazte horiek denak kanpalekuetan daude. Geroz eta gehiago dira, eta geroz eta laguntza gutxiago dute.
Izan ere, basamortuaren erdian daude…
E. M.: Hala da. Harrigarria da ikustea basamortuaren erdian nolako azpiegitura antolatu duten, ezerezetik. Ikusgarria da ikustea nola antolatzen duten hori guztia nazioartetik iristen zaien laguntzarekin.
Zer-nolako egoera aurkitu duzue bertan?
E. M.: Giza eskubideen ikuspegitik, ikusten duzu zein egoera gogorretan bizi diren: basamortuaren erdian, muturreko hozberoarekin… han ez dago ezer. Baina, bestalde, egoera politikoari erreparatuta, oso ondo finkatzen dute zertara bideratu beren baliabide urriak. Beren borroka beren herria aurrera ateratzea da; beren helburua ez baita errefuxiatu kanpalekuan ondo bizitzea, baizik eta beren herrira itzultzea. Eta, bien bitartean, beren lurretan eraiki ezin duten nazioa han bertan ari dira eraikitzen. Miresgarria da.
Hau da, oso ondo daude antolatuta.
N. U.: Informazio eta Komunikazio Ministeriora bisitan joan ginenean, bertako irrati, telebista eta prentsa nazionala ezagutu genituen. Eta harrituen bertako artxibo nazionalarekin gelditu ginen; euskaldunak ginela jakitean bertan gordea zuten Egin egunkariaren artikuluen bilduma atera ziguten. Munduko prentsan beren herria urtez urte nola atera den bilduta daukate, txukun-txukun. Dena prest dute beren herrira bueltatzen direnerako.
Errefuxiatu kanpaleku horiek aurrera ateratzeko protagonismoa handia izan dute emakumeek, ezta?
N. U.: Alde horretatik, galdera askorekin etorri gara. Herri musulmana izaki, oso desberdina baita guk dugun egoera eta haiena. Guri eskubide urraketa iruditzen zaigun zerbait haiek beren kulturaren parte sentitzen dute. Hala ere, orain, aldaketa ikusten da gazteen artean.
Harrigarria da, bestalde, zenbat sinesten duten emakumeen boterean. Gizonak gerratik itzuli zirenerako emakumeek nazioa eraikita zutela diote bertakoek; eskolak, nazioarteko laguntza, daira guztiak… eginda zeuden.
Herrien Arteko Senidetze Eguna egin duzue, besteak beste.
E. M.: Saharako herriarekin daukagun harremanean beste pauso bat eman dugu Amasa-Villabonako eta Orexako udalek. Senidetzea erabaki politikoa baita, beren eskubide politikoen alde eginikoa. Beren herrira itzuli behar baitute eskubide guztiekin, eta erabakitzeko eskubidea dago horren oinarrian.
Eta zer emaitza ematen ditu herrien arteko senidetzeak?
N. U.: Besteak beste, saharar herriaren erabakitzeko eskubidearen alde borroka egingo dela dioen testua onartu genuen. Baina garrantzitsuena hango egoeraz hitz egitea da. Blokeo informatiboa gainditu eta han gertatzen dena salatzea. Eta haiek zuzenean bidaltzen diguten informazioa gero guk herritarrei zabaltzea.
E. M.: Egoeraren irakurketa orokor bat izateak du garrantzia, ez han ze miseria dagoen salatu eta kito. Garrantzitsuena da baloratzea nola ari diren nazioa eraikitzen beren herritik kanpora, eta horrek behar du sostengua. Konparazioak konparazio, gure kasuarekin aldera daiteke haiena. Denak gaude erabakitze eskubidearen alde. Eta salagarria da Nazio Batuen Erakundeak ez duela inolako esku hartzerik egin. Hala, egoera luzatzen ari da, bizi-baldintzak okertzen ari dira, eta abar.
Zuek Tindufen errefuxiatuen kanpalekuetan egon zarete. Zer harreman dute lurralde okupatuetako herritarrekin?
E. M.: Nire ustekabeetako bat izan zen ikustea Sahararen mugaren bi aldeetara sentimendu bateratua dutela. Oso errealitate desberdinak dauden arren eta harremanetan egoteko zailtasunak dauzkaten arren, sentimendu eta helburu berak lotzen ditu; beren herrira itzultzeak.
Zer azpimarratuko zenukete bidaia honetatik?
N. U.: Herri baten duintasunarekin geldituko nintzateke. Ezer gutxi eduki arren zeinen duin bizi diren eta zeinen argi daukaten beren helburua. Oso-oso argi daukate zergatik ari diren borrokan. Momentu berezi moduan, gerrako biktimen zentrora joan ginenekoa nabarmenduko nuke. Euskaldunak ginela esandakoan egin ziguten harrera izugarria izan zen.
E. M.: Euskal Herria beti haien ondoan egon zela-eta erabat eskertuta zeuden. Hunkigarria eta gogorra izan zen. Orduan konturatu ginen zer rol jokatzen genuen bertan; babes politikoaren garrantzia.
Orain eskualdeko senidetzeekin aurrera jarraitzea izango da helburua, ezta?
N. U.: Gu Tolosaldean 28 herri gara, eta hain justu han 28 daira daude, eta proposamena da hemengo herri bakoitza hango daira batekin senidetzea. Guk gurea egin dugu. Orexa eta Villabonaz gainera, Alegi, Tolosa eta Ibarra daude oraingoz senidetuta.
Aurrera begira, zer animo dute sahararrek?
E. M.: Kontrajarriak. Alde batetik, NBErengan konfiantza handia daukate jarrita, eta helburua erreferenduma egitea litzateke. Baina auzi honekin urte asko pasatu dira, eta ez du aurrera egiten. Ez dute esperantza galdu nahi, baina ezintasun handiak dituzte. Gazte jendeak ez du bere lurra ezagutzen, errefuxiatu kanpalekuetan jaiotakoak baitira. Eta horiek argi diote han jaio bai baina ez dutela han hil nahi. Testuinguru horretan agertzen da borroka armatuaren aukera.
Bide bat edo bestea hartu, irtenbidea sahararrak beren herrira itzultzea da. Beren herrian egongo balira ez lukete nazioarteko laguntzarik behar. Hau ez baita arazo humanitario bat, nahiz eta giza laguntza behar-beharrezkoa duten; helburua sahararrak beren herrian aske bizitzea da, hori aukeratzeko eskubidea edukitzea.
Leave a Reply