Maite Alustiza
Zubietako erraustegiak herritarren osasunean eta haien poltsikoetan izango duen eragina salatuko dute bihar, Donostian. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak argi du arduradun politikoei ez ezik, proiektuan parte hartuko duten bankuei eta lanak egin ditzaketen enpresei ere “presio” egin behar zaiela. Juan Miguel Galatas mugimenduko kideak azaldu duenez, mezu bat helaraziko diete bihar “herritarren kontura aberastu” nahi dutenei: “‘Kontuz’ esango diegu. ‘Hau ez da hain erraza; hemen gaude, prest, aurka egiteko'”. Gipuzkoako Foru Aldunditik Santander bankuko egoitzara egingo dute mobilizazioa, 12:00etan, Zuen negozioa, gure minbizia leloarekin. Bihartik aurrera, gainera, mobilizazio prozesu “luze” batean sartuko dira.
Galatasek dioenez, hainbat pauso “korrika, presaka eta estropezuka” ematen ari dira erraustegiaren proiektuan, “behar den argitasunik gabe”. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari “ezkutukeriaz” aritzea egotzi dio, eta Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat Mutiloako zabortegira eramateko erabakia aipatu du: “Ezin ahaztu hauteskundeak izan eta hurrengo egunetan iragarri zutela”.
Erraustegiaren alternatiba “oso garbi dago”, Galatasentzat: “Esaten digute ez dugula alternatibarik eskaintzen; baina begien aurrean daukagu, oso garbia da. Mutiloako zabortegiak kalterik handien egingo duen herrian, Ormaiztegin, ari dira %90 inguru biltzen gaika. Konponbidea hortxe bertan dago, ez dago beste inora joan beharrik”. Bide horretan Gipuzkoako hainbat herritan egiten ari diren lana nabarmendu du: “Esfortzua egiten ari dira murrizte, berrerabiltze, birziklatze eta konpostatze bidean, eta bide hori bera da Europatik erakusten digutena”.
Europan dauden erraustegien eredua ez da jarraitu beharreko bidea, Galatasen iritziz: “Bai, erraustegi asko dago Europan, baina noizkoak dira? XX. mendekoak. XXI. mendean Europa beste bide batetik joateko asmotan da, eta orain dela urtebete pasatxo Europako Parlamentuan onartu zen ebazpenean argi eta garbi geratzen da zein den bidea: zabor gutxiago sortzea, gehiago birziklatzea eta konpostatzea, ontzi eta tresnen diseinu egokiago bat egitea guztia berrerabili eta birziklatu ahal izateko…”.
Mugimendua zabaltzen
Zubieta inguruko herrietan hasitako mugimendua hedatzen ari dela ikusten du Galatasek: “Gipuzkoa osoan zabalduta dago. Eragileak gero eta gehiago dira, eta gero eta eskualde gehiagotara zabaltzen ari da. Goierri aldean sortzen ari da mugimendua; Azpeitian, Lapatxen aurka —hori da Gipuzkoan zabalik mantentzen den zabortegi bakarra—. Debagoienera ere zabaldu zen, Epelen zabortegia jarri nahi zutela eta. Badirudi bertan behera geratu dela hori; Mutiloakoa bilatzeak esan nahi du agian Epelekoaz ahaztu egin direla”.
Urri bukaerarako espero da hurrengo urratsa, erraustegiaren lizitazioarekin —orduan bukatuko zaie enpresei beren proiektuak aurkezteko epea—. Galatasek zail ikusten du prozesua gelditzea, baina, aldi berean, uste du erraustegiaren bultzatzaileek ere zail daukatela beren asmoak aurrera eramatea, “Gipuzkoako populazioaren parte oso handi bat aurka daukatenean”. Gogora ekarri duenez, urte mordoa daramate errauste plantaren kontuarekin, “batek tira hara eta besteak tira beste aldera”.
Galatasek argi du zein pauso eman beharko liratekeen: lehenik, erraustegian oinarritutako proiektua baztertzea. Bigarrenik, prozesu parte hartzaile bat irekitzea. Horretan, alderdi politikoek ez ezik, gaian interesa daukaten eragile guztiek ere parte hartu beharko lukete: “Bakoitzak bere proposamenak aurkez ditzala; egon daitezela zientzialariak, esperientzia duen jendea, iritzi batekoak eta bestekoak…”. Eta, hirugarrenik, azken urrats gisa, hondakinen kudeaketaren gaineko akordio bat egin beharko litzateke. “Hemen ezin da esan ‘gaur nik agintzen dut eta hau egingo dut’, eta bihar, besteak hankaz gora bota dena. Ematen dira pausoak dirutza publiko ikaragarria gastatuz; beti daude betiko diruzale horiek: bankuak, enpresak… Kontratu bat eteten denean, ordaindu egin behar zaie. Egiten dituzte kontratu erabat onuragarriak beraientzat eta kaltegarriak gure poltsikoentzat. Kaltetua diru publikoa da beti, guztion dirua”.
Leave a Reply